EAEko Hezkuntza Lege Proiektua euskarari dagokionez zaharrak berri?

EAEko Hezkuntza Lege Proiektua euskarari dagokionez zaharrak berri? –

EAEko Hezkuntza Lege Proiektua aurkeztu berri dutela, euskarari dagokionez behintzat, badugu zertaz hausnartu, eta hausnarketa horretan oin harturik legea ondo aztertzeko nahikoa zergati. Lege berrian, edo berorren eduki eta asmo oraindik soilik formalki adierazietan, Euskarak beharko lukeen “erdigunetasuna” lortze aldera zinezko eta errealistak diren baldintzak behingoagatik ezarri asmorik ikusterik ote dagoen begiratu beharko genuke.

Hasteko eta bat, eta inongo balioestetan sartu aurretik, egungo eguneko EAEko hezkuntzaren argazki zintzo baten beharrean gaude. Zintzo diot, izan ere, Eusko Jaurlaritzaren diskurtsoan, nonbait, lorpenek baino ez dute distira egiten, eta, aldiz, gero eta ezin eramanezkoagoa den gabeziari ez ikusia egiten zaio; nork ukatuko D ereduaren hedapenaren bitartez euskararen ezagutza mailak izugarri gora egin izana?, bai nor bakoitzarena, bai eta euskal hiztun kopuruari dagokionean ere. Zinezko lorpena dugu hori, ezin uka, orain 40 urte inor gutxiren espero izatekoa izango ez zena, seguruenera. Hala da, eta aitortu beharra dago. Guztiarekin ere, urteak aurrera doaz, eta denbora ez doa alperrik. Lorpena eta garaipena genuen hori denboraren joanean aspaldiskoan zimeltzen hasia zaigula esango nuke nik. Zimeltze horren zergatikoa hertsiki loturik datorkigu jarraian aipatuko dudan gabeziarekin; deritzogun ezagutza horrekin batera erabilerak berdintsuki, edota berorrekin lotutako proportzio onargarri batean bederen, egingo zigula gora usteta ginen, eta ez dugu horrelakorik ikusi, urrik eman ere. Uste inozoa hortaz, usteak erdia ustel. “Ontzia galdu eta gero, denok piloto” diosku esaera zaharrak deboraren hesiaz (eta iragan denboran besteek bere gain hartutako ardurez) bestaldean dagoenaren osteko hitzontzikeria salatzeko. Ez nuke baina huts egite horretan erori nahi. Nire kritika, izatekotan, egoeraren larria estali (edo disimulatu) ohi duten diskurtsoei dago zuzenduta.

Legearen zer-nolakoan sartu aurretik, eta gerora bere aplikaziorako garatuko diren prozeduren egokitasun-maila baloratu aurretik, abiagune txarra neritzoke, hasteko eta behin, aurreko legearen bukaerara heldurik gauden honetan, begi aurrean dugun panoramaren argazkia desitxuratua egiteari. Argazkia ez da ona, egia esan. Euskararen ezagutza bermatua dagoela esaten zaigu, ez baina bere erabilera, ez baina eskolatik ateratako ehunka ikasle horiek euskal hiztunen komunitatera igaroko diren bermea. Aurren-aurrena, duda-mudatan jarriko nuke are eta aurreko esaldiko baieztapenaren lehendabiziko zatia ere, alegia, Euskararen ezagutza bermatzen ari dela egun. Hasteko eta bat, zera jarriko nuke ezbaian, hori baieztatu ahal izateko burutan hartzen dituzten argudioak, hala nola; D eredutik igaroak direla, gehiengo batek B2 mailari heldu diola, ikasketa guztiak euskara hutsean egin izana…Baikortasunerako nahi adina inkesta soziolinguistiko tarteko ere, nago errealitatea egunero askoz argi eta gordinago mintzo zaigula. Egunero zeraren lekukoak gara gure eskoletako, are ikastoletako, atari eta inguruetan; zonalde erdaldunetan gehienbat (hau da, Gipuzkoa, hiriak eta herri handi samarrak kenduta, eta Bizkai ekialdea salbu), euskarazko elkarrizketa ezinago arrunt baterako gaztetxoak larri-larri moldatzen dira, hainbesteraino, non gero eta gehiagok galdetzen diogun geure buruari zer ikasiko ote duten, edo pulamentuzko ezer ikasiko ote duten.

Hori horrela, goazen ate-atarian dugun lege honi zer edo zer galdegitera. B2 maila bermatu nahi du DBHtik ateratako ikasle batentzat, nonbait. Eta neurekiko diot hasiera batean, ez dago gaizki!, ez legoke gaizki! .Baina gatozen errealitate gordinera; ez al da bada orain artean horrela izan?. Edo goazen ezarkizun den lege horretara, B2 delako hori egin beharreko azterketa zorrotz baten emaitzatik ondorioztutakoa izango al da?, pasa edo ez pasa. Edo, oso bestela baizik, ikastetxe edo eskola bakoitzaren baitatik bere ikasleen euskara-mailaren gainean egindako hala-holako balorazio subjektibo, faboritista eta oinarririk gabekoa izango ote? Ezen, modu batera izan edo bestera, bi lege ditugu testu berean.

Dena den, egin dezadan aurrera, horrelako tituluzalekeriarekin oso loturik dagokeen debate antzu samarretan gehiegi ainguraturik ez geratzeko. Abiagune gisa besterik ez bada ere, onargarritzat har dezagun ezagutza bermatua egon, baina erabilpena aldiz ez dagoelako baieztapena. Benetan zentzurik al du horrek? Sikiera esango baligute, “gutxieneko ezagutza”, ez euskara-hiztun oso izateko adinakoa, bai baina eduki akademiko batzuk hala-hola ulertzeko mailatxoan, bai nola edo hala beste edozein atzerri hizkuntzatan moldatu gaitezkeen moduan…Sinesgarria al da euskara ondo ezagututa, gerora berorren erailpena hutsaren hurrena izatea? Edota, bestela ikusirik, ikasgela barruko hartzaile huts izatearen pasibotasunetik inork jakin al dezake ondo euskaraz? Bestetik ere, onargarritzat jota ere gaur egun gehiengoak B2 maila duela, eta horrekin batera ikusirik zer euskara kaskarra duten, zera pentsatzera animatu beharko ginateke; baliogarria, egokia, nahikoa, nork bere komunitatearen hizkuntza atzerritar baten mailan baino ez izatea, hau da, B2 mailan baino ez izatea?

Segregazioaz asko hitz egin da Lege honen gainean gora eta behera ari zirela. Ez nuke inondik horri larritasunik kenduko. Arazoa bista-bistakoa da eta etorkin eta sarrera ekonomiko nahikorik ez duten familien eskola publikoan segregazio eta klase-isolamendu gero eta handiagori aurre egin beharko zaio bere osoan gertakari larri moduan. Euskararen egoera, dena den, gutxi-asko gero eta berdintsuago ari da bilakatzen gure Hezkuntzan, zentroa publikoa izan, pribatua izan, eskola edo ikastola izan; eta oraindik egon litezkeen diferentziak diferentzia, jada ikastolak berak izan ziren erreferentea izateari utzi diote aspaldi, nork uka euskararen berreskurapenean Ikastolak -klandestinitatetik beretik egindako bidean pilatutako eskarmentuz- benetako erreferente eta itsasargi izan zirenik Eskola Publikoaren sorkuntza eta garapenean, eta gerora ere pixkana-pixkana D eredu aldera gerturatuz joan ziren gainontzeko zentro itunduentzat?. Aspaldi baina oso bestelako estadio batean gara jada sartuak. Dena berdinduz joan da, ikastolek euskararekikoan erreferente, gidari eta bultzagarri izateari utzi zioten aspaldi eta, bestetik, Euskal Eskola Publikoak 93.ean dena eginkizun bazuen ere, ikastoletatik hartu zuen lekuko indartsu eta freskoa oso ihartua dute dagoeneko. Pena handia hartzen da zeraren lekukoa izanda; eskolara ailegatzen diren euskal hiztunen komunitateko umeak erdal hiztunen komunitatean berehalakoan sartuak dira, askotan atzera bueltarik gabe, eta aldiz, nekez, edota kasik jada gero pentsaezinago den kontrakoa gertatzea, familia erdaldunetako umeak inoiz euskal hiztunen komunitatearen partaideak izan daitezen.

Egoera egoera, irtenbidea ez da batere erraza. Ez dakit Lege honek ganorazko ezertarako bide emango duen. Ez naiz ni baina oso baikor. Are gutxiago, zera ikusirik, Eusko Jaurlaritzak eta, honekikoan errotik eta guztiz kritikoak beharko luketen euskal sindikatuak, sakonean elkarrekin bat-bat eginik daudela. Diskurtsoan askotan irizkideak ez direla eman dezake, baina ez sakonean, euskara eta honek hezkuntzan eman behar duen aurrerapena euskaratik kanpo aztertzen ari diren aldetik. Ezagutza-erabilera bitasun ezin aipatuago hori oso engainagarri da eta euskaratik kanpo planteatua dago. Hizkuntza batean, batez ere, atzerri hizkuntza dugunean, ezagutza eta erabilera, alegia, jakintza eta praktikan jartzeko gaitasuna, antzeman daitezkeen gaitasunak dira, antzeman baina zinetan eta erabat elkarrengandik bereizi ezinak. Bereizi ezin horrek are agerikoagoa izan behar luke gurea bezalako hizkuntza minorizatu batean. Euskarekikoan euskal hiztunen komunitatearen baitan hartu-emanetan ahal den eran osozkoenean sartzea beharko luke hezkuntzaren xedea. Hori izan beharko genuke helburu.

Erabilera falta hor dago, baina berorretaz mintzo zaigunean Administrazio, politika eta sindikatuen diskurtsoan euskaratik kanpo eta euskal hiztunen komunitatetik kanpo ari da egiten. Faltan botatako erabilera hori, erabileratik bereizita aintzat har litekeen euskararen ezagutza posible dela onartzetik dator, hau da, euskara beste ikasgaietako bat bailitzan jardutetik, euskara atzerri hizkuntza bailitzan jardutetik, askotan oharkabean bada ere erdal inkontzientetik, inkontzienteki bada ere.

 

Igor Goitia

EAEko Hezkuntza Lege Proiektua euskarari dagokionez zaharrak berri?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.