Ba al dator inor zinemara?

Ba al dator inor zinemara? –

Estreinaldiak: Urtarrilak 11

.

The Third Wife

XIX. mendeko Vietnam landatarrean, Hung lur-jabe aberatsaren hirugarren emazte bihurtuko da 14 urteko May gaztea. Laster jabetuko da era bakarra duela mailaz igotzeko: hain zuzen, seme batez erditzeko gai den emakume gisa berretsi behar du bere burua. Mayk bere maila hobetzeko dituen itxaropenak aukera erreal eta tentagarri bihurtuko dira haurdun geratzen denean. Amodio debekatuari eta haren ondorio suntsigarriei aurre egin beharko dionean jabetuko da May egia basatiaz: aukera urriak eta mugatuak ditu eskura.

Torontoko zinema jaialditik igaro ostean, Donostia Zinemaldian izan genuen filmaren berri. Publikoaren txaloak pilatu zituen filmak, barren barrenetik kontatutako istorio bati aitortza, eta horiez gain, RTVEk banatzen duen Beste Begirada saria jaso zuen ere.

Vice

Istorio erreal baten kontaketa egiten du filmak. Dick Cheney burukrata ezagunaren bizitzan oinarritzen da, bere bat-bateko hazkunde profesionalean. Izan ere, isil-isilik eta George W.Bush presidentearen babespean, AEB eta, oro har, munduko gizon boteredunetariko bat izatera heldu zen. Egun, oraindik, badira bere itzalaren arrastoak sumatzen dituztenak.

Jaialdi eta erakusketetan ibilaldi xumea egin izanagatik, asteko harribitxia dugu hau. Ospatu berri diren Urrezko Globoen sari banaketaren protagonista nagusietako bat, alegia.

Astérix: Le secret de la potion magique

Aurkezpen gutxi behar du mundu mailan ezagunena den herrixka galiarrak. Zer esanik ez filmaren protagonista diren betiereko heroi bikoteak. Oraingo abentura berri honetan, Panoramix edabe magiko egilearen bidaide izango dira, edari misteriotsuaren errezeta jasoko duen azti misteriotsu baten bila.

Ba al duzue txikirik etxean? Aukera bikaina da belaunaldi berriei ere galiarren istorioak ezagutarazteko, edota helduenek ere beren gaztaroko entretenimendua zenarekin berriro gozatzeko.

Gräns / Border

Bere lanarengandik errekonozitutako emakumea da Tina, eraginkortasun eta sen handiko muga-polizia. Inongo akatsik gabe, abilezia berezia du indibiduo desberdinen erruduntasunak atzemateko. Gaitasun hori kolokan jarriko dio Voreren etorrerak. Itxuraz susmagarria den gizona da Vore, Tinak badaki baduela ezkutatzen duenik, baina ez da arazoa identifikatzeko gai.

Bi dira film honen osagai nagusiak, biak ezinbesteko emaitza final bikainerako: Gaia, oro har, eta mugen auzi konkretuari emandako trataera batetik, eta aktoreen lan nabarmena bestetik.

Le grand bain

Berrogei urteek eragindako krisialdia ez da modu berean heltzen pertsona guztientzat. Badira aldaketarik sumatzen ez dutenak, apenas larritzen direnak, depresioak kolpatzen dituenak, eta badira, azkenik, taldean batu eta igeriketa sinkronizatuko taldea eratzen dutenak.

Estereotipoei eta ingurukoen aurreiritziei aurre eginaz, erakustaldietan dena eman, eta duten onena aterako du gizon kuadrilla batek, ilusioz eta talde lanaz baliatuta.

Zinearen inguruko albiste gehiago irakurtzeko, sartu ZINEAn!

Estreinaldi berri on!

Zinea.eus

Euskal pantailaren gunea

Zer duzu buruan “Ba al dator inor zinemara?”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude