Aste berrirako estreinaldiak!
Estreinaldiak: Martxoak 15
Pirata arratoia eta hazteko beste hainbat abentura
Hilabeteko atsedenaren ostean, Pirata Arratoia eta hazteko beste hainbat abentura filmaren euskarazko estreinaldiarekin emango dio jarraipena Zineuskadik 2019ko Zinema Euskaraz programaren uztari.
Bidelapur gozozale baten istorioa ekarriko du pelikulak Hego Euskal Herriko zinema-areto nagusietara. Zaldi gainean dabilela, Arratoi Piratak janaria lapurtzen die bidean topatzen dituen bidaiariei. Egun batean, ordea, bera baino azkarragoa den norbaitekin gurutzatuko da, eta horrek bere jokabidea aldatzera behartuko du.
Escape Room
Parte hartu al duzue inoiz Escape Room deituriko jolas horietako batean? Bizitu duzue inoiz halako esperientziarik? Modako asialdirako jarduera bilakatu dira azken urteetan, eta horien ospeaz baliatu da Adam Robitel zuzendari estatu batuarra ikus-entzunezko hau errodatzeko.
Escape Room ekintzarako atondutako gela bat izango da filmaren lokalizazio nagusia, eta, irteera ez topatzekotan, etorkizun mortala edukiko duten ezezagun batzuk protagonista nagusiak.
Stan & Ollie
Iraganean izandako arrakastaren nostalgiaz, bere ibilbide artistikoaren agurra soposatuko duen bira abiatuko dute Stanek eta Olliek, ‘gizenak eta argalak’, alegia. Beren emazteen laguntzarekin, eta errealitatea interpretatzeko duten modu aparteko horri esker, publikoaren maitasuna eta babesa bereganatuko dituzte berriro.
Taxi a Gibraltar
Munduarekin haserre bizi da Leon Lafuente. Taxi gidaria da, eta diru zorrek jazartzen dute.Haren usteetan, gainera, azkarregi aldatzen da mundua, bere mundua: taxia, auzoa, hiria eta haurdun dagoen emaztearen sabela.
Diego Manfredi da beste protagonista bat. Erakargarri bezain iruzurtia, urteak eman ditu espetxean. Askatasuna berreskuratu berri du, eta ez du inor topatu bere zain. Sandra Sanchez gaztea da hirukotea osatuko duena. Gaztea eta biziduna, bere bizirik gabeko errealitatetik ihesean dabilena.
Beren bideak batu, eta etorkizun eskaseko bidaia abiatuko dute, bizitza konponduko dien altxorra topatuko dutelaren ustean.
Beautiful boy
David eta Nick Sheff aita-semeen oroitzapenen best-sellerra oinarri harturik, urte luzez adikzioari aurka egin behar izan zion familia baten biziraute, berrerortze eta berroneratze istorio lazgarri eta inspiratzailea kontatzen du Felix Van Groeningenen filmak.
Maya
2012ko abendua. Lau hilabetez bahituta egon ostean, askatasuna berreskuratuko dute frantses jatorriko bi kazetarik. Gabrielek, horietatik gazteenak, zailtasunak izango ditu, ordea, erritmoa berreskuratu eta bere egunerokoari helburu berriak finkatzerako orduan. Zer egin ez dakiela, Goara, hazten ikusi zuen herrira, itzultzeko erabakia hartuko du. Maya ezagutuko du bertan.
Zinemaren inguruko albiste gehiago ezagutzeko, zatoz ZINEAra!