Estreinaldiak: Irailak 27

Estreinaldiak: Irailak 27 –

.

Agur Etxebeste!

Osasun arazoak tarteko, Patrizio Etxebeste alkateak udala utzi behar du. Hala ere, udaleko agintaritza ez galtzeko, bere emazte Maria Luisa herriko alkate izendatuko du, herriko lehenengo emakumezkoa kargu horretan, hain zuzen. Maria Luisak lana serio hartuko du eta udalaren funtzionamendua goitik behera aldatuko du, Patriziorekin duen harremana hankaz gora jarriz. Hamalau urte igaro dira Aupa Etxebeste!-k euskara zinema-areto komertzialetan arrakastaz entzunarazi zuenetik. Euskarazko zinemaren historiako film ikusiena bihurtu zen orduan hura, eta 2017an Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi) estreinatu zen arte, titulua mantendu zuen. Ea bigarrenarekin zer gertatzen den!

.

Mientras dure la guerra

1936ko udan, Espainiako Bigarren Errepublikaren gobernuaren aurkako altxamendu militarra gertatu zenean, Miguel de Unamuno idazle eta filosofo bilbotarrak, garai hartan Salamancako Unibertsitateko errektore ere bazenak, matxinada publikoki babestea erabaki zuen, ustez, estatu-kolpeak Espainiara lasaitasuna eta bakea ekarriko zituelako. Altxamendua, baina, huts egitekotan izan zen, eta Marokon zegoen Franco generalak Adolf Hitler eta Benito Mussolini diktadore faxistei eskatu zien laguntza, ezkertiarrei aurre egin eta Toledoko alkazarra berreskuratzeko. Hala, oinarririk gabeko urratsik eman nahi ez bazuen ere, ingurukoek zein atzerriko liderrek adoretuta, buruzagi bakar gisara aurkeztu zuen bere burua, eta hiru urtez iraungo zuen Espainiako Gerra Zibilari hasiera eman zion, espainiarrek horixe behar zutela sinetsita, Jainkoaren izenean. Alejandro Amanabarren lan berriena Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu berri da, eta Karra Elejaldek antzeztu du Unamunoren papera.

.

Di jiu tian chang (Hasta siempre, hijo mío)

1980tik gaur egun arte Txinak bizi dituen aldaketa sozial eta ekonomikoetara egokitzen diren bi senar-emazte dira protagonista film txinatar honetan. Mei Ah eta Wang Xiaoshuai zinemagileen ekoizpena Berlingo zinema jaialdian estreinatu zen urte hasieran, eta Liya Ai eta Du Jiang aktoreek emakumezko eta gizonezko aktore onenen garaikurrak eskuratu zituzten, hurrenez hurren.

.

Rambo: Last Blood

John Rambo (Sylvester Stallone) ez dago bere onenean. Arizonako etxalde batean bizi da; baina bere iloba desagertu dela jakiten duenean, haren bila joatea erabakiko du. Azken berrien arabera, Mexikoko muga igaro du. Ramboren bosgarren filma da eta Stallonek interpretatuko duen azkenekoa.

.

Ni une ni deux (El papel de sus vidas)

Kirurgia plastikoa arrakastarik gabe egin duen aktore batek doble bat kontratatuko du hurrengo errodajean ordezka dezan. Anne Giafferik idatzi eta zuzendutako komedia frantsesean hartu dute parte Mathilde Seigner, François-Xavier Demaison, Arié Elmaleh eta Marie-Anne Chazel aktoreek, besteak beste.

.

Jusqu’ici tout va bien (Bienvenidos al barrio)

Fredek Parisko erdigunean duen publizitate-agentzia etxean jartzea erabaki du, diru-laguntzak lortu eta zergak ordaintzea saihesteko asmoz. Kontu-ikuskariek iruzurraren berri izango dute eta La Courneuve auzora joan beharko du, bere langileekin batera. Aurreztu dituen milioiak ordaintzea ekiditeko modu bakarra horixe izango da. Mohamed Hamidik zuzendu du Frantzian ekoitzitako komedia.

.

Monsieur (Señor)

Ratnak Ashwinen etxean lan egiten du. Gizona familia dirudun bateko kidea da eta denetik dauka. Ratnak, berriz, bere ametsak alde batera utzi dituela sentitzen du eta ezer ez duela dirudien arren, itxaropena dauka, eta bere ametsen alde lanean jarraituko du. Ashwinen eta Ratnaren munduek talka egingo dutenean, euren arteko konexioa sentituko dute, nahiz eta banatzen dituen langak gaindiezina dirudien. Kritika bikainak jaso ditu Rohena Gera zinemagile indiarrak idatzi eta zuzendutako drama erromantikoak.

.

H0us3

Manolo Munguiak Rubén Serrano, Roc Esquius, Miriam Tortosa, Anna Beltran eta Mariona Tena aktore espainiarrak buru dituen zientzia fikziozko filma osatu du. Unibertsitateko ikaskide izandako lagun-talde bateko kideak eta haien bikotekideak afaltzeko geratu dira. Afarian zehar, Interneteko fitxategi sekretu bat deszifratu duela aitortuko du haietako batek, eta barruan topatu duena erakutsiko die gainerakoei. Guztien artean aurkitutakoa aldatzen saiatzen direnean, okerrera egingo duten hainbat eta hainbat gertakari jazoko dira.

Estreinaldiak: Irailak 27

Euskal pantailaren gunea