Imanol Salinas

Imanol Salinas –

Euskal Herrian aski ezaguna dugun antzezlana jokatu zuten Katalunian atzo. Espainiako Auzitegi Nazionalak Ranbo bezala janzten diren dozenaka guardia zibil bidali zituen bederatzi independentista atxilotzera. Fiskaltzak adierazi zuen lehergaiak egiteko lehengaiak aurkitu zizkietela atxilotuei eta, irudietan erakutsi zizkigutelarik, Bilboko gaztetxe batean aurkitu zuten plastikozko giza eskeletoaz akordatu ginen, eta barrez lehertu. Barrez lehertuko ginateke, noski, hain kontu larria ez balitz.

Kolore guztietako poliziek gurean duten ohitura gaiztoaz jakitun, zalantzarik ez dut txapelokerrek -fiskalak eta epaileak lagun- beren fantasietara moldatuko dituztela aurkituriko frogak eta ahal duten guztia eginen dutela bederatzi katalan horiek espetxeratzeko.

Disidentziaren aurka edozer egiteko prest baitago Espainiako estatua. Batzuetan gezurra erranen du. Eta bertze batzuetan, egia erranik ere, salto mortal bikoitza eginen du disidente batek kartzela zapal dezan.

Imanol Salinas sindikalistaren kasuaz ari naiz, jakina. Egia borobila baita 2018ko uztailaren 7an hogei bat lagun Iruñeko La Sangiovesa jatetxera sartu zirela protesta egitera, eta kartelak erakutsi zituztela, eta pegatinak itsasi, eta atearen ondoan pankarta batekin jarri, eta bozgorailu batekin kontsigna sindikalak oihukatu. Hori guztia egia da. Egia den bezala epaileak 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diola bozgorailua zeramanari, Imanol Salinasi. Bortizkeriarik, kalte materialik, mehatxurik edo irainik izan ez zuen protesta batengatik.

Berriz erranen dut, eta behar den guztietan errepikatuko: 21 hilabeteko kartzela zigorra bozgorailua zeramanari.

21 hilabeteko kartzela zigorra, Imanol Salinasi.

Imanol Salinas

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko irailaren 24koa]

Imanol Salinas

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.