Estitxu Robles-Arangiz, Beskoitzeko urrentxindorra

Estitxu Robles-Arangiz –

Joan den mendeko 70. eta 80.eko hamarkadetan kanta-kantari ibili zen Euskal Herriko herrietan barna, entzuleak bere ahots eder, bero, garbi eta ozenaz liluratzen. Izaera alai eta atseginekoa izanik, Estitxuk ongi merezitako ospe eta maitasuna bereganatzen jakin zuen.

Estitxu Robles-Arangiz

1.- Familiako giro berezia

Aita Manu Robles-Arangiz ELA-ko sindikatuaren sortzaileenetako bat izan zen, betidanik euskal abertzaletasunari atxikia bizi izan zena, eta ama Luisa Bernaola kementsu eta langile nekagabea. 1936ko gerra lehertu zelarik, aita EAJ-ko diputatua zen, eta espainiar faxistak Bilbora sartu zirenean, familiak etxea utzi eta ihesari ekin behar izan zioten. 1937ko apirilean Robles-Arangiztarrak Lapurdiko Kanbora agertu ziren, aita-amak, seme-alabak, amama, izeba eta lau lehengusu…, orotara, hogeita bost pertsona. Manuk baserri bat erosi nahi zuen familia aitzina ateratzeko eta horrela Beskoitzen, Leku-Ederizenekoa erosi zuten. Orduz geroztik hori izan zen familiaren kabi berria. Ordurako hamar seme-alaba zituzten. Estitxu, hau da, hamaikagarrena, Beskoitzen sortu zen 1944ko ekainaren 4an.

1939an, alemanak Lapurdira sartu zirenean, aitak erresistentzian lagundu zuen eta ondorioz arazoak izan zituen bertako agintari naziekin.  Baionako komandantziara deitu zuten eta iduriz, Eugène Goienetxeren laguntzari esker, libre utzi zuten. 1947an Bilbora itzuli ziren den-denak eta hango euskal kulturan buru-belarri sartu ziren: kantagintzan, euskal dantzan, txistuan, antzerkian… 1960an polizia espainolaren hatzaparretatik alde eginez, Beskoitzeko Leku-Ederrera itzuli behar izan zuten eta hortxe bizi izan ziren orduz geroztik. Aipatu beharra dago, Manu Robles-Arangiz berrogei urtez ELA-ren lehendakaria izan zela.

Familiak musika, dantza eta artearekiko zaletasun handia zuen, eta  ondorioz, hamaika anai-arreben artean denetarik sortu zen. Ama ere biziki kantari ona omen zen. Izan dira kantari, dantzari eta txistulari on eta finak, eta Irkus semea margolari entzutetsura izatera iritsi zen. Joxemari Iriondoren iritziz, Alatz, Irkus, Ugutz eta Iker anaiek sortu zuten Soroaktaldea izan zen Euskal Kantagintza Berriaren lehen urratsa. Giro horretan hazi zen Estitxu gaztea, abertzaletasunean eta kulturgintzan murgildurik.

2.- Estitxuren bidea euskal kantagintzan

Estitxuren lau ahizpek Ainarak taldea sortu zuten eta lau nebak lehen aipatu  Soroa izenekoa.  Etxeko giroak Estitxurengan eragin handia izan zuela garbi dago, eta horrela, 1967an, hogeita hiru urte zituela, gitarraren laguntzaz, herriz herri kantari hasi zen. 1968an, Xabier Gereñok zuen Cinsa diskoetxearen bitartez lehen disko ttikiak plazaratu zizkion. Berehala egin zuen bere txokoa garaiko euskal kantarien artean. Lehen garai hartan bazuen folk amerikarreko kantuak euskaraz emateko joera. Komunikabideetan maiz entzuten ziren bere kantuak eta bere kantaldietara jende anitz hurbiltzen zen. Laster Beskoitzeko urretxindorra goitizena jarri zioten.

1969an Mexikora eta Venezuelara joan zen kantatzera, hango euskal etxeek gonbidatuta. Haren ahots ederraz liluratuta, Caracasen disko bat grabatu zioten. Frankismoaren zentsura izan zuen beti etsai, garaiko beste abeslariei gertatu zitzaien bezalaxe. 70.eko hamarkadan hainbat disko plazaratu zituen Columbiadiskoetxearen bitartez. Kantaria eta abertzalea zen, arestian aipatu bezala, horregatik 1979an onartu zen Euskadiko Estatutuaren aldeko botoak eskatzen ibili zen urte haietan, berak eginiko Bai, bai, estatutuari izeneko kantu ederra herriz herri eta bazterrez bazter abestuz. Herri musikari ere toki handia eskaini zion, batez ere, 80.eko hamarkadatik aitzina. Horren lekukoa dugu 1986an, Xoxoa diskoetxearen bidez grabatu zuen Zortzikoak izeneko disko eder eta ahaztezina. Zoritxarrez, hortik gutxira larriki gaixotu zen eta isiltasunean egon behar izan zuen hainbat urtetan.

1993ko otsailaren 5ean jendez gainezka zen Irungo Amaia antzokian sekulako kantaldia eman eta agertokietara itzultzeko asmoa azaldu zuen. Laster artio, Euskal Herria! esanez agurtu zituen entzuleak. Ba omen zuen beste disko baten egitasmoa gogoan. Tamalez, handik hiru astera, otsailaren 24an,  minbiziak jota hil zen Basurtuko ospitalean.  Berrogeita bederatzi urte zituen.

Beskoitzeko kantari paregabea isildu zen betiko, baina berak utzi zizkigun diskoek etengabean jarraitu dute haren ahots ederrez abestutako kantuak Euskal Herriko lau haizetara hedatzen. Euskaldunok ez dugu nehoiz ahantzi, eta horren lekuko dira 2017an Baionan eskaini zioten kalea, 2018an Franck Dolosor-eketa Iban Gonzalez-ek Estitxuren bide artistikoari buruz egin zuten dokumentala, edota 2019an Seaskak Baionan zabaldu zuen kolegio berria Estitxu Robles izenaz bataiatu izana.   2023an hogeita hamar urte izanen dira Estitxuk utzi gintuenetik, eta uste dut omenaldi beroa egin beharko geniokeela, hori eta askoz gehiago merezi duelakoan bainago.

3.- Estitxuren diskografia

Estitxuk osora hamazazpi disko plazaratu zituen. Horra hor:

  • Estitxu ta Daikiris (1968, Cinsa).
  • Eskualdun makila (1968, Cinsa).
  • Bakarrik (1969, Cinsa).
  • Estitxu (1970, Herri Gogoa).
  • Una voz increíble (1970, Promus, Caracas). Kantu bilduma.
  • Agur Maria (1970)
  • Umeentzat zoriona-Edurrez dena da xuria (1972, Columbia Records) 2 kanta
  • Sólo tú, mi sueño de amor-Hallé un lugar (1972, Columbia Records) 2 kanta
  • Guazen ikastolara-Gure astoa balaan (1972, Columbia Records) 2 kanta
  • Estitxu (1972, Columbia Records) Bilduma
  • Estitxu (1976, Columbia Records)
  • Mendian (1976) 2 kanta
  • Sabin (1978, OR) 2 kanta
  • Zirikan (1978, Zirikan)
  • Estitxu (1981, Columbia Records)
  • Gurasoeri (1982, Agorila)
  • Zortzikoak (1986, Xoxoa)

Hamazazpi disko horiei hemezortzigarren bat gehitu behar zaie, hau da, 1994an Agorila diskoetxeak, Beskoitzeko urretxindorraren omenez, plazaratu zuen Estitxu izenekoa.


Artikulu hau bukatzeko zer ederragorik Estitxuk egin eta kantatu zuen Agur Maria izeneko abestiaren mezua baino. Horratx: Agur Maria / agur Maria / zer gertatzen da / nere herrian / anaitasuna hautsi da eta / batzuk besteei beti aurka. // Agur Maria / agur Maria / entzun egizu nere otoitza / bildu egizu nere herria / agur Maria / lagun nazu. // Agur Maria / entzun egizu nere otoitza / bildu egizu nere herria / agur Maria / lagun nazu.// Agur Maria / agur Maria / lagun nazu.

Estitxu Robles-Arangiz
Estitxu Robles-Arangiz
Estitxu Robles-Arangiz

Euskaltzalea eta irakasle-ohia