Intersekzionalitatea

Intersekzionalitatea –

Gaur, herri mugimenduari buruzko zerbait, joan den asteburuko Plaza Hutsa-tik. Ea: 200 lagun, neskak eta mutilak parekaturik, jende gazte samarra -baina ez gazte-jendea-, itxura oso ona (hausnarketatxoa: agian aurten bere kongresua burutu behar duen Sortuk hemen, eremu eta jende klase honetan, du bere etorkizunik emankorrena). Aurretiaz irakurtzeko idazlanak bazeuden, ponentzia ofizialak eta ekarri pertsonalak ere, batzuk irakurririk nituen, eta batzuekin kitzikaturik nengoen (ez erabat ados nagoelako, gure garaiko zabarkeria intelektuala gainditzeko gaitasuna dagoela ikustean baizik).

IntersekzionalitateaHarira. Hasteko, lau neska/emakume protagonista, mahai-ingurua. Hizpidea, intersekzionalitatea. Hitz ostia. Zerbait irakurririk banuen, lau hizlari, bi buelta, zortzi interbentzio, … eta ez dakit askorik argitu nuen (entzuleen artean denek nik baino gehiago ulertu bazuten, txapo). Banekien gaian igar daitekeen sinergien ideia baino zerbait badela, nahiz batzuetan itxura hori hartzen zaion. Orain 30 urte baino gehiago entzun genion Albertori herri mugimenduen arteko sinergien inguruko ideia hura. Ni ez naiz inoiz horren oso zalea izan, ez baitzait iruditzen benetan indarrak metatzeko tresna denik. Ulertzen nuen hor bazegoela zerbait, baina mugatua. Erakundeekiko elkarlanaren aurrean jarrera bateratua, gizarte zibil antolatuaren parte hartzea exijitzeko jarrera komuna, baina ez askoz gehiagorik. Gero, interbentzio pitin bat akademiko horiekin, ulertu nahi izan dut gaiak beste sakontasunik baduela, baina ideia kriptikoak ez dira falta: “eremu batean egiten den aurrerapausoa benetakoa izan dadin, beste eremuetan ere lagungarri behar du izan”, edo antzeko zerbait; hierarkiarik ezaren garrantzia (zapalkuntza mota guztien aurkako borrokak maila berean kokatzen dira); ez dakit uneren baten ez ote nuen ulertu (agian hori entzun nahi nuen) borroka horiek guztiek behar dutela errail edo ubide komun bat izan; … Laburra, trinkoa, eta edukietan, … auskalo. Sarritan hartzen dudan inpresioa da gauza hauetariko batzuk zentzumenak agintzen duen ideia baten elaborazio akademikoak direla (eta hala bada, ongi ere!).

Gero, lan-taldeak, lau eremu, nik mugimendu ekologistarena hautatu nuen (aspaldiko gabezia), gustu handiz sartuko nuen muturra euskalgintzaren inguruko hausnarketan (aurretiaz bananduriko txosten batzuk irakurri eta susmoa dut asmatu ezinean gabiltzala, diskurtso edo ardatz ideologiko berri batzuk topatu nahian, … betiko ardatzak nahikoa direnean) eta,  talde guztietan egon ez naizenez, eta idazlanetan oinarriturik, honatx nire despistea. Hierarkiarik ez, borroka guztiak dira pareko, halako zerbait, baina, gero, ez al dute denek erreibindikatzen euren … lehentasuna? Hau da, aurrekoan mahai gainean izan ez genuen feminismoak maiz agertzen du bere burua kapitalismoaren aurkako benetako mugimendu erabakigarri gisan, ekologia politikoa ere aurkezten da sistemaren inpugnazio erabateko moduan, euskaraz hitz egitea ariketa antisistemikoa ei da (eta, erne, ez dut nik hori ukatuko, ezaguna duzue nire debilidade hau), … eta, beraz, klase-borroka tradizionala gainditurik, independentismoa tresna gisan ulerturik, … zapalkuntza hauen guztien aurkako borrokak zer dira? Lehenagoko kapitalismoaren aurkako borrokaren bertsio eguneratuak? Denak batera? Subjektu ezberdinak edo, azkenean, subjektu bakarra (baina alor guztietan koherentea)?

Dorpeentzat eskertzekoa, oso, hizlari bik jarritako azpimarra, interksekzionalitatea zela eta: “gauzak oso konplexuak dira, azterketa arinik ez, …”. Eta, azkenean, ohiko kezka: eta azterketa perfektu hau guztia, nork praktikara eramango?

Eta, hala ere, plazerra, maila, geroa egon daitekeela sinesteko oinarria.

Intersekzionalitatea

Zer duzu buruan “Intersekzionalitatea”-ri buruz

  • euskaldun bat 2020-03-07 13:26

    Beno, zure testua irakurrita zeu ere zeharo nahastuta gelditu zinela nabari da. Zeuk ere ez duzu ezer ulertzen, gehiengoak bezala. Baina hor diskurtsotan dabiltzanek ere ez dute ulertzen, baina berdin zaie. Nahas-mahasa! Eta euskara, beti bezala, txiringito guztietako puta. Bakean utziko balute sikira. Atera kontuak zertan ari den bihurtzen hau guztia!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude