Eskolako Aingeruak
Hobbyak nazkagarriak dira, erdipurdiko jarduerak, seriotasun faltaren sinonimo. Noizbait nonbait irakurri nuen hobbyak protestantismoaren ikusmoldeari lotuak daudela: gure aisialdian bekaturik ez egiteko hedatu omen ziren hobbyak, gure denbora librea manera garbi batean pasatzeko aukera emateko asmoz. Hori egia izatera, ezin liteke hobbyen apalategian sailkatu Playboy aldizkariaren bilduma egitea edo zinema erotikoaren ale zaharrak bilatzea edo –oraindik gutiago– etxeko pornoa ekoiztea, edo, bertzenaz, hobbyaren jatorrizko funtzioaren desbideratze onartezintzat jo beharko genituzke gure asperkizuna arintzeko forma horiek guziak.
Nolanahi den ere, hobbyari dagokion sarreran, wikipediak ez dakar deus ere hobby bat izatearen eta bekaturik ez egitearen balizko lotura horri buruz, eta, hortaz, litekeena da gaizki gogoratzea edo neronek asmatu izana harreman hori. Zaletasun tipikoen zerrenda, ordea, badakar wikipediak: sukaldaritza, lorategian edo baratzean aritzea, hainbat ibilgailu klaseren modeloak egitea, kirola egitea eta, jakina, irakurtzea.
Hobbya da irakurtzea? Aste Sainduan Italian ibili naiz, eta, trenez eginiko bidaia batean, jarleku guzietan zegoen aldizkaria hartu eta orri pasa aritu nintzen: modari, gastronomiari eta turismoari buruzko ohiko erreportajeak; elkarrizketa batean, Miguel Bosék azaltzen zuen hondar diskoa arras berritzailea dela, eta, alaia izan arren, protesta-kanta bat sartu nahi izan duela –imajinatu dut aldizkariak falta zuen umore sailaren funtzioa betetzen zutela adierazpen haiek–; eta, orrialde batean, irakurzaletasuna bultzatzeko ekimen baten berri ematen duen albistea: saihets batean, hiru lagunek irakurtzeko arrazoiak ematen zituzten. Betiko motiboen ondoan –literatura aberasgarria da, amets egiten laguntzen digu, eta gure ikusmoldea zabaltzen, eta abar–, bigarrenaren iritziak atentzioa eman dit: liburu bat –aldizkaria italieraz zegoen, ez dakidan hizkuntza batean alegia, eta buruz ari naiz; beraz, baliteke testigantza pixka bat artikulu honen beharretara moldatzea– amorante perfektua bezalakoa da; diskretua da, badaki zure gustuak errespetatzen eta ez da baimenik gabe zure espazio pribatuan sartzen.
Nik ez dakit gauza handirik maitaleei buruz –eta gaia amorante perfektua baldin bada, orduan akabo: Lebowski Handian erranen luketen bezala: Santi, you’re out of your element–, baina irakurle horren definizioak gehiago iduri du Meetic-eko publizitatea –literaturari aplikatua–, bertze edozer baino. Definizio horretan, literatura hobbya da, denbora hiltzen laguntzen digun jarduera, baina –amorante perfektu horrek bezala, guru gustuak eta pribatutasuna errespetatuz– batere hunkitzen ez gaituena. Definizio hori onartzen duenak eskubide osoa du Greyren 50 itzal filma ikusi eta gero “liburua gehiago gustatu zitzaidan” errateko, edo, Jon Arretxeren Ostiralak bezalako klasikoak besapean daramala hondartzara joateko.
Pere Gimferrer-en liburu bat eraman nuen Italiako bidaiara, L’agent provocador (Agente probokatzailea) –Bartzelonan erosi nuen, baina katalan hiztegia etxean nuen utzia, atzendua, eta, gainera, bidaietan irakurtzen den bezala irakurri nuen, gaizki alegia; beraz, litekeena da liburua gaizki ulertu izana–. Bertan, Gimferrerrek kontatzen du gaztetan egile jakin batzuen liburuetan barne-barneraino sartzen zela, edo, nahiago bada, liburu haiek barne-barneraino sartzen zitzaizkiola, hainbertze non ez baitzuen irakurri beharrik: buruz zekizkien amorante indiskretuak ziren liburu haiek.
Gazte nintzelarik, bai eta ez hain gazte nintzelarik ere, ni ere liluratua ibili nintzen zenbait egilerekin, eta, ikasi bitartean, adibidez, etengabe pausa txikiak egiten nituen poema jakin batzuk irakurtzeko. Rafael Alberti ez zen katigatua ninduten egile haien artean, baina haren poema bat arrunt gustuko nuen. Eskolako aingeruak du izena, eta lehen ahapaldiak honela dio (guti goiti beheiti):
Gutariko bakar batek ere ez zuen arbelen sekretu iluna ulertzen
ezta zergatik zeru globoa hain harro hanpatzen zen ere begiratzen geniolarik.
Bagenekien, ordea, posible zela zirkunferentzia bat borobila ez izatea,
eta ilargiaren eklipse batek loreak nahasten dituela
eta erlojua aurreratzen diela xoriei
Poeman, azaldu beharrik ez da, eskolako arrazionaltasuna eta umeen irudimena kontrajartzen dira:
Ez genuen deus ere ulertzen:
zergatik ziren gure behatzak Txinako tintazkoak
edo zergatik ixten genituen liburuak arratsaldean, goizean berriz konpasak zabaltzeko.
Bagenekien, ordea, kurba bat, berak hala nahi izatera, zuzena edo hautsia izan daitekeela,
eta izar herratuak aritmetika ez dakiten haurrak direla.
Bartzelonan, gure semearekin haserretzen nintzen metroan ahalik eta bidaia luzeena egin nahi izaten zuelako, ahalik eta tren aldaketa gehienekin, ahalik eta linea gehienetan ibili ahal izateko –nahiz eta, hondarrekoz, plan hura betez gero, abiapuntutik helmugara ailegatuko ginatekeen–. Metroa, pentsatzen eta erraten nuen nik, koleratuta, toki batetik bertze batera ahalik eta azkarren joateko da, ez bueltaka ibiltzeko. Haurrak, bistan, bertzelako ikuspuntua zuen, eta uste zuen kurba bat, berak hala nahi izatera, zuzena edo hautsia izan daitekeela.
Umeak dioena dioela, metroan nora ezean ibiltzea aspergarria izaten ahal da –ez, barkatu, aspergarria da–, eta, bistan da, seme-alabei mugak jarri behar zaizkie eta ezin zaie dena onartu – tira, osaba-izebek naski bai, baina gurasoek ez–. Ez naiz orain umeen pentsamendu ustez magiko xarmagarria eta tankera horretako ñoñokeriak defendatzen hasiko. Baina, halere, harritzen nau nire kolerak, haren proposamenak hainbertze haserrearazi izanak. Bateragarria da poema batek hunkitzea, eta gero poemak deskribatzen duen horren adibide baten aitzinean hain itsu egotea?
Agente probokatzailean, Gimferrerrek proposatzen du denborak aitzinat egin ahala bertzelako irakurketa klase bat egiten dela maiz: ofiziozko irakurketa, gauzak ikastekoa, atsegina izan daitekeena baina hunkitzen ez gaituena. Denbora pasa izan daitekeen irakurketa, hobbya. Maitale perfektuarena, Italiako aldizkariko irakurleak proposatzen zuen bezala. Ez dakit, bada. Beharbada adin kontua da. Uztailean, nolanahi ere, bueltatzekoak gara Bartzelonara: literatura hobby hutsa bihur ez dadin, uste dut hasi beharko dudala prestatzen metroan behar baino luzexeago ibiltzeko.