Eskerrik asko Imanol Urbieta, kantuan jarraituko dugu

Eskerrik asko Imanol Urbieta, kantuan jarraituko dugu

Goian duzuen txioaren ostean jakin dugu Imanol Urbieta maisua zendu dela, 83 urte zituela. Eta izan zezakeen omenaldirik zintzoena begitandu zaigu Ane Arruti kazetari zarauztarrak esaldi xume horrekin egin diona, “kantuan jarraituko dugu”.

ZUZEUn, “Txiki-txiki-txikia… handitzen-handitzen” lerroburuarekin, Imanol Urbietari egindako elkarrizketa bat argitaratu zuen Ixa Larrazabalek 2010ean, zarauztarra Durangoko Azokako Argizaiola saria jasotzekoa zela-eta. “Maitatua sentitzen naiz, benetan maitatua”, zihoen bertan Urbietak.

Testuaren zati bat berreskuratu dugu:

.

«Txiki-txiki-txikia… handitzen-handitzen»

Eskerrik asko Imanol Urbieta, kantuan jarraituko duguBereak zirela jakin barik, Imanol Urbietaren kantuekin hazi gara asko eta asko. Zarauzko ikastolan abiatu zen, lehenik, musika irakaskuntzaren bide berrietan barrena; telebistan eta Loiola Herri Irratian haurrentzako irratsaioak egiten zituen. «Musika bidea da, ez helburua. Nik ez nuen ezer asmatu, asmatuta zegoena ikasketetan aplikatu baizik». Hala irakurri diogu elkarrizketa batean. Sarean bila ibili naiz, ea zer esan izan duen, eta ondokoak topatu ditut:

“Nik bizitza maite dut eta hori ezin dezaket uka, eta hor inportantea haurra da; eta horren testimonio bat besterik ez dut eman urteetan zehar. Niri esperientzia inguruak eman dit. Nire esperientzia handiena txikitakoa izan da, amarena. Konturatu naiz, gainera, musika zerbait bada haurrentzat, hasiera batean terapia hutsa dela. Hiru urteko haurrekin hainbeste urte pasa ditut, eta nik ez daukat pentsatzerik ‘zerbait asmatu dut eta katedratikoa izango naiz, hartuko ditut nire apunteak eta hala!’. Eguneroko abentura da nirea”.

.

Artista eta sortzaile

“Ni urte askoan umeen munduan sartuta ibili naiz, pentsatu gabe gauza handirik egiten nuela. Inoiz ez diot neure buruari planteatu artista naizen edo artista izan nahi dudan. Txikia nintzela ea handitan zer izan nahi nuen galdetu zidaten. Orduan 3 edo 4 urte omen nituen eta zera erantzun omen nuen: “Nik ofizio alegreena izan nahi dut”. Ihes egin nahi izan duen norbait izan naiz eta ihesaldi horretan sortzaile izatea egokitu zait”.

.

Kantuaren indarra

“Kantuan ikastea idazten eta irakurtzen ikastea bezain garrantzitsua dela uste dut. Umeak asko maite du kantua eta irakaslea kantuan entzun orduko isiltzen dira. Kanta txiki hauetan, gainera, berak sentitzen dituen sentimenduak hitzez esaten dira. Ez da gai oraindik bere bizipenak adierazteko, baina kanta hauen bidez adieraz ditzake”.

.

* Lou Topet talde zarauztarrak “Txoria nintzela” kantuaren bertsioa egin zuen, eta zuzenean estrainekoz jo 2013ko urriaren 12an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Juan de Andrés kazetariak bideoan jaso zuen.
Eskerrik asko Imanol Urbieta

Zer duzu buruan “Eskerrik asko Imanol Urbieta, kantuan jarraituko dugu”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2016-09-28 17:58

    Zenbat momentu eder zor dizkizugun haur eta guraso euskaldunok. Mila-mila esker!!