“Txiki-txiki-txikia… handitzen-handitzen”

Imanol UrbietaBereak zirela jakin barik, Imanol Urbietaren kantuekin hazi gara asko eta asko. Zarauzko ikastolan abiatu zen, lehenik, musika irakaskuntzaren bide berrietan barrena; telebistan eta Loiola Herri Irratian haurrentzako irratsaioak egiten zituen. «Musika bidea da, ez helburua. Nik ez nuen ezer asmatu, asmatuta zegoena ikasketetan aplikatu baizik». Hala irakurri diogu elkarrizketa batean. Sarean bila ibili naiz, ea zer esan izan duen, eta ondokoak topatu ditut:

“Nik bizitza maite dut eta hori ezin dezaket uka, eta hor inportantea haurra da; eta horren testimonio bat besterik ez dut eman urteetan zehar. Niri esperientzia inguruak eman dit. Nire esperientzia handiena txikitakoa izan da, amarena. Konturatu naiz, gainera, musika zerbait bada haurrentzat, hasiera batean terapia hutsa dela. Hiru urteko haurrekin hainbeste urte pasa ditut, eta nik ez daukat pentsatzerik ‘zerbait asmatu dut eta katedratikoa izango naiz, hartuko ditut nire apunteak eta hala!’. Eguneroko abentura da nirea”

Zer sentitu zenuen Durangoko Azokan Argizaiola saria emango zizutela jakin zenuenean?

Ni urte askoan umeen munduan sartuta ibili naiz, pentsatu gabe gauza handirik egiten nuela. Ez nekien Durangoko Azokan horrelako saririk ematen zutenik ere. Hau baino lehen, jaso ditut beste sari batzuk ere, kontuan hartzekoak, garrantzitsuak, baina beharbada kazetarien aldetik-eta honek adinako interesa sortu duenik ez.

Imanol artista al da?

Inoiz ez diot neure buruari planteatu artista naizen edo artista izan nahi dudan. Txikia nintzela ea handitan zer izan nahi nuen galdetu zidaten. Orduan 3 edo 4 urte omen nituen eta zera erantzun omen nuen: “Nik ofizio alegreena izan nahi dut”. Eta etxean, kalean eta inguruan hori onartu egin izan dute. Nire eskuetatik jaso dena, behatzetatik irten dena, ongi onartua izan da.

Badago Imanol sortzailea, ezta?

Ez dakit. Imanol larritua bai, badago. Ihes egin nahi izan duen norbait izan naiz eta ihesaldi horretan sortzaile izatea egokitu zait. Eskolako lanean zure eguneroko ogia, zure makina, zure erraminta, haurrak dira eta haurrak ixten zaizkizunean, ezin dituzunean bereganatu, zerbait egin behar duzu gustura egon daitezen eta zurekiko konfiantza har dezaten.

Imanol ipuinlaria.

Txikitan istorioak entzutea gustatzen zitzaidan. Gauetan etxera etortzen ziren esnezaleak esnea ekartzera eta han aritzen ziren kontu kontari. “Manolito ohera!”, esaten zidaten, baina nik aho zabalik jarraitzen nuen haien kontuak entzuten. Imanol ikertzailea al da? Gauza serioak esaten dituzue. Ni bizirik irten naizen bat naiz, beharretatik abiatu eta bizirik atera den bat. Batzuk, pianojole izanda, beti pianoa jotzen aritzen dira izugarrizko perfekzioa lortu arte. Ni ez naiz horrelakoa izan. Oso estimatua izan naiz beti planak egiten aritu izan naizelako. “Manolito beti planak egiten”, esaten zuten lagunek.

Musika bitarteko pedagogiko moduan erabili duzula esan ohi da. Baina musika beharrezkoa da haurraren garapenerako, idazketa eta irakurketa bezalaxe.

Kantuan ikastea idazten eta irakurtzen ikastea bezain garrantzitsua dela uste dut. Umeak asko maite du kantua eta irakaslea kantuan entzun orduko isiltzen dira. Kanta txiki hauetan, gainera, berak sentitzen dituen sentimenduak hitzez esaten dira. Ez da gai oraindik bere bizipenak adierazteko, baina kanta hauen bidez adieraz ditzake.

Hainbeste urtetan umeekin aritu ondoren, orain zaharrekin ari zara.

Maitatua sentitzen naiz, benetan maitatua. Eta gustura aritzen naiz lanean. Beti beharra ikusten dugu, eta horri erantzuten saiatzen gara. Aitona garrantzitsua izan zen niretzat. Umetan, askotan ibiltzen nintzen harekin, batera eta bestera eramaten ninduen, bere txakurtxoa nintzen. Eta gaur egun ere aitona-amonekin egoten dira askotan umeak, eta azkeneko diskoa horiei eskainita egin dut, Aitona-amonekin kantari. Aitona-amonek parte hartu dute diskoan, eta oso gustura egindako lana da.

Gaurko elkarrizketa Berrian, eta besteak  Hik Hasin eta Gaur 8n.

3 pentsamendu ““Txiki-txiki-txikia… handitzen-handitzen””-ri buruz

  • […] – Txiki txiki txikia…handitzen handitzen (Zuzeu) […]

  • Badira bi abesti Imanolenak izan zitekeela pentsatzen nuela.

    a) “Basoa suak erre du …” dio.
    b) “Zein politak diren loreak udaberrian …” dio.

    Eresbilen ez dituzte ezagutzen.

    Xirula Mirulan esan didate:
    a)ren melodia “Amatxoren eguna”rena dela. Xixupika 3n dago: http://www.e-boza.com/informazioa.cfm?abeskodea=Amatxoren%20eguna . Norbaitek letra aldatu omen zion.
    b) ez dela beraiena, nahiz eta ezagutu. Baino ez dakite norena den.

    Herri Musikaren Txokoa-n ezaguna egiten zaie “Zein politak diren loreak udaberrian …”-en doinua. Nahiz eta hasieran ez aurkitu abestiaren izena ezta egilea ikertzen jarraituko dute. Mila esker eta ea zortea dagoen.

    Norbaitek al daki zerbait gehiago?

    Mila esker denoi

  • Ederki!

    Atzo, Donostiako eskola batean Danborradarako entseatzen ari ziren eta lorearen abestiaren soinua entzun nuen. Gero gazteleraz abestu zuten “¡Ay, qué bonitas son las flores en el campo! …”. Orain, interneten bilatzen hau topatu dut:

    *** Ze politak dira – Trilingüe ***
    Ay! que bonitas son,
    las flores en el campo
    Ay! que bonitas son,
    los cerdos en el jaula
    Ay! que bonitas son,
    las chicas de este pueblo
    a la vejez, suelen decir:
    Tútilis manguilis,
    tútilis yes.

    Ze politak dira,
    loreak zelaian
    Ze politak dira,
    txerriak kaiolean
    Ze politak dira,
    hemengo neskatilak
    sartzen direnean
    esaten dute:
    Tútilis manguilis,
    tútilis yes.

    Oh, que sont très jolies,
    les fleurs de la campagne
    Oh, que sont très jolies,
    les cochons dans la cage
    Oh, que sont très jolies,
    les filles de cette ville
    sartzen direnean
    esaten dute:
    Tútilis manguilis,
    tútilis yes.

    Hemen aurkitu dut: http://www.tamborradalasarteoria.org/?page_id=84

    Norena ote da abestia? Sarriegirena agian?