Errexil aita-semeak Urruñan bertsolari
Errexil aita-semeak Urruñan bertsolari –
Eizmenditarren jatorria Gipuzkoan da, Errezilgo Loidisaletxe izeneko baserrian eta badirudi bertsozaletasuna belaunaldiz belaunaldi errepikatu dela familia horren semeen artean. Luis Eizmendi, gaurko Jean-Louisen aitatxia, sei semeekin aritzen omen zen bertsotan, etxean zein herriko ostatuan. Sei seme horietako bik famatu zuten jaiotetxearen izena, Antonio Maria Eizmendi Loidisaletxek eta Juan Joxe Eizmendi Errexilek. Bi adar horietatik sortu ziren gerora Loidisaletxe IIa eta Errezil IIa, azken hau Urruñan horren ezaguna dugun bertsolaria.
Juan Joxe Eizmendi Goenaga 1918an sortu zen Errezilen, eta hemezortzi urteko mutila zen 1936ko altxamendu faxistak bete-betean harrapatu zuenean. Gerran urtebete egin zuen, eta adiskide batekin batera, armak lubaki batera bota, eta oinez Lapurdira, Urruñara hain zuzen, etorri ziren. Orduz geroztik Urruñan bizi izan zen. 1944an Elixabet Mokorrea urruñarrarekin ezkondu zen eta sei seme-alaba izan zituzten. Harrobi batean lan eginez irabaz izuen bere bizimodua, 1965eko urruaren 18an zendu zen arte.
Xalbador, Mattin, Ezponda, Xanpun, Zubikoa eta Iparraldeko beste bertsolariekin batera ibili zen herriz herri eta plazaz plaza, Errexil ezizena erabiliz. Ahots indartsukoa omen zen, presentzia dotorekoa, eta behin bertsotan hasiz gero, isiltzen ez zen horietakoa. Kontatzen dutenez, behin, anaia, Antonio Maria Loidisaletxe, Urruñako etxera etorri zitzaion bisitan eta Lapurdin nola bizi zen galdetuta, Errexilek honako erantzuna eman zion:
Alde batera utzi nituen
Azpeiti eta Errezil,
lehenago harro banintzen ere
orain jarria naiz umil.
Handikan ihes etorri eta
geroztikan hemen nabil,
oraindik hemen bizi naiz eta
han bizi banintz igual hil.
1965ean, Errexil hil zelarik, Jean-Louis semeak hamazazpi urte zituen, 1948an sortua baita. Aita etxean eta kanpoan, plazaz plaza, kantuz ikusia zuen maiz, baina nehoiz ez zuen harekin batera kantatu. Gerora hasi zen bertsotan, eta bere lehen plaza 1982an egin zuen Ahetzen, Mattini, bere heriotzaren lehen urteurrenean egin zitzaion omenaldian. Orduz geroztik hainbat plaza eta herritan ibilia da, Ezpondarekin batera, gehien bat. 1970eko urriaren 10ean, Maite Laduxerekin ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituzten: Patrik, Maider eta Fabianne.
1990eko hamarkadaren bukaeran, Lapurdiko txapelketan (1987) eta Nafarroakoan (1989) parte hartu zuen. Urruñako bestetan, urtero aritu izan da, eta urruñarrek ainitz maite dute. Penagarria bada ere, nehoiz ez du berto-paperik egin, beti bat-batekoan aritu da, eta oso gutti dira gurera iritsi diren Errexil II.aren bertsoak. Zenbait grabazio ba omen daude, eta ongi legoke horiek biltzea, berreskuratzea eta transkribatzea, hurrengo belaunaldiek ezagutu ditzaten. Hala biz!