Epaltza for president!

epaltza.jpg
Aingeru Epaltza. Bezperaren bezpera. (Pamiela 2007)

Ez dugu sekula egiten, hemen ez da bizirik dagoen inongo euskal idazleren libururik goraldu edo gaitzesten. Irakurri, irakurtzen ditugu, eta aipatu ere bai, kontabilitate pribatu moduko baterako, baina ez besterik. Aski duzu kontabilitate mutua atalean klik egitea, hori halaxe dela egiaztatzeko. Langintzaren ajeak dira horiek, eta txikiak eta gutxi izatearena ere bai. Gaur ezin, ordea, ezin isilik geratu Aingeru Epaltzaren BEZPERAREN BEZPERA liburua irakurritakoan. Bikaina da, eder askoa, hunkigarria eta eredugarria. Arraioa, idazleak, kazetariak eta euskaltzale irmoak egiten dute bat, azken hogeita hamar urtetako polikari errepaso emanez, Nafarroa zertan den agertzeko. Eta bidenabar, geu zertan gauden ere erakusten digu, Mendebaldeko euskaldunoi. Bizi-bizi kontatzen du Epaltzak berea, bizitua duelako, haragitan bizitua guztia. Erne eta bero-bero bizi izan du berak Nafarroako euskalgintza, soilik gauza bakarrari bidea itxiz: etsipenari. Eta kontatzen digu, narratzaile bikain batek bakarrik dezakeen eran, hobeto gaudela geure esperantzak geure historian oinarritu gabe, nahiz eta horretarako geure historia behar dugun ezagutu. Ezkor da Epaltza, eta are ezkorragoa liburuaren izenburua, ez gaudela inon erakusten baitigu BEZPERAREN BEZPERA horrek. Ataririk ere ez da ageri, inora iristeko. Baikortasunaren gainetik ezartzen du, gordin, egiazko erradiografia tridimentsionala. Saiatzen da, hala ere, azken aldera zirrikitu bat zabaltzen. Derrigortu xamarra berau, hitzez hitz esan eta erakutsi arren, irakurleak bai baitako ordurako Epaltzak ez duela gordetzen itxaropen handiegirik. Soilik esaten digu, esan gabe gainera, betikoa egingo duela berak: izan, eta erortzean berriro jeiki. Eta nire antzeko morroi batek, hartzen du horrekin egundoko poza, aski bailirateke bere antzeko ziento bat izaera, gauzak errotik aldatu eta aitzinatzeko. Areago, gaur bertan esan dit liburua irakurri duen beste lagun batek: “Epaltzak alderdi bat sortuko balu liburuko pentsaera horrekin, bertan emango nuke izena”. Eta nik ere bai. Baina hori baino lehen, nahiago dut egin oihuka aldarri: “Epaltza Lehendakari!”.

images2.jpg


ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Epaltza for president!”-ri buruz

  • Gaurkoan, behintzat (eta are gehiago gaurkoa bezalako egun beltz batean), ados nago esaten dituzunekin. Liburu bikaina bezain mingarria da “Bezperaren bezpera”. Eta Nafarroa hizpide duela dirudien arren, ez da horrela: gu guztioi buruz ari da. Bikaina, bai horixe.