[Zinema Euskaraz] Dragon Ball Super: Broly
[Zinema Euskaraz] Dragon Ball Super: Broly –
Dragoi Bola ETB 1 telebista katera iritsi zela 30 urte betetzear daudela, Gokuren abentura berriak zinema aretoetara iritsi dira Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programari esker.
Asteburu honetan estreinatu da euskaraz “Dragon Ball Super: Broly” filma Hego Euskal Herriko zinema-aretoetan. Film japoniarraren estreinaldiak ikusmin handia piztu du. Izan ere, animaziozko pelikula honek euskal telebistak emititutako haurrentzako telesailik arrakastatsuenetakoaren pertsonaiak berpizten ditu, Goku eta Vegeta tarteko.
Gainera, telesailaren bikoizketan lan egindako aktore berberek hartu dute parte pelikularen euskarazko bikoizketan, eta honen ondorioz pertsonaiek euren ahots originala mantentzen dute. Estreinaldiak piztu duen ikusminak sare sozialetan oihartzun handia eragin du, baita euskarazko bikoizketaren inguruko dokumentalaren filmaketa bultzatu ere. Taikeru Reviews taldeak zuzendutako dokumentala Selecta Vision banatzaileak merkaturatuko duen DVD-aren eduki estren artean ikusi ahalko da. Pelikula DVDan merkaturatu aurretik, manga telesailaren jarraitzaileek zinema-aretoak beteko dituzte “Dragon Ball Super: Broly” pantaila handian ikusteko.
Filmak Gokuren, Vegetaren eta Brolyren arteko liskarra kontatzen digu. Bakea berriz ere Lurrera itzuli da Botere Lehiaketaren ondoren. Beste unibertso batzuetan oraindik ikusi ez dituen izaki ikaragarri indartsuak daudela jakin duenean, Gokuk entrenatzen jarraitzea erabaki du orain den baino indartsuagoa izateko asmoz. Halako batean, Broly izeneko saiya ezezagun bat azaldu zaie Gokuri eta Vegetari.
Baina, saiyak ez ahal ziren desagertu bada, Vegeta Planeta suntsitu zenean? Hortaz, zertan ari ote da Lurrean Broly?
EAEko eta Nafarroako honako zinema-aretoetan ikusiko da filma euskaraz: Principe zinema (Donostia), Niessen Zinemak (Errenteria), Ocine Mendibil (Irun), Usurbe Antzokia (Beasain), Oñatiko zinea, Baztartxo zinema (Azkoitia), Cinesa Urbil (Usurbil), Yelmo Cines Boulevard (Gazteiz), Golem Alhondiga (Bilbo), Gran Cinema Zugaza (Durango), Torrezabal zinea (Galdakao), Getxo Zinemak, Meatzari Aretoa (Muskiz), Olalde Aretoa (Mungia), Zornotza Aretoa eta Golem La Morea (Iruña).
Nafarroan osoan herri bakarrean erakutsiko dute filma?
Zineuskadiren esparrutik at geratzen da aretoen erabakia. Zineuskadik akordioa EZAE sareko zinema-aretoekin dauka, hortik aurrera, areto bakoitzak erabakitzen du bere programazioa.