Taxilariak eta gayak

Taxilariak eta gayak –

Rikardo Arregik Deia egunkarian.

Taxilariak eta gayakIruditzen zait taxilarien grebak ez duela jendearen berehalako elkartasuna sortzen, ez behintzat beste langile-taldeek sortzen dutenarekin konparatzen baldin badugu. Izan ere, jendeak taxilariei buruzko aurreiritzi sendo eta aspaldikoak ditu: COPE irratia baino ez dutela entzuten, adibidez, edo autoak zikin dauzkatela eta, batez ere, prezioa igotzeko denetarik egiteko gai direla. Musika klasikoa soilik ematen duen irratia piztuta darama taxilari batek Gasteizen; Gasteizen, beti ere, berriak eta modernoak dira auto gehienak, baina badakit adibide pare batek ez dutela aurreiritziek duten indarra bat-batean ezabatuko. Gainera, aurreiritzi horiek guztiak Madrileko taxilarien gainean erortzen dira, zuzen gehienetan, probintzianoek hamaika anekdota eta pasadizo baititugu bertan gertatutakoak. Taxilarien grebaz aritzean neoliberalismoa, turbokapitalismoa, prekarizazioa edo uberizazioa (taxien mundutik datorren neologismoa) hizpidera ateratzeak ere ez du gehiegi laguntzen, ezta taxiekin gertatzen dena beste lan batzuekin gertatuko dela aurreikustea ere. Bezeroaren mentalitateak jendearen gogoa betetzen du apurka-apurka, eta laster herritarra guztiz baztertuta geldituko da, bezero huts izango gara.

Aurreiritziek mila aurpegi dituzte, edonon ager daitezke sugeen moduan: taxilari bat harrituta agertu da telebistan Espainiako Barne ministroak, ezkerrekoa eta gay izanda, polizia taxilarien kontra bidali duelako. Iragarki ospetsu haren olagarroa bezala onartuko nuke Grande Marlaska jauna ezkerrekoa dela, baieztapen konbentzional bat bezala, alegia. Gay izatea aurrerakoia izatea dela pentsatzea beste aurreiritzi bat baino ez da. Gay atzerakoi asko dago, Maroto jauna esate baterako. Gay askok beste batzuek egindako borrokatik onura lortu nahi dute ixilean, zuhur eta eroso bizi-tzeko, diskretu (gay askok gehien maite duten hitza), edo seme-alabak erosten dituzte, edo langileak kaleratzen dituzte, edo polizia bidaltzen dute. Gayen artean denetarik dago, baita (ausartuko naiz esatera?) taxilarien artean ere.

Taxilariak eta gayak Taxilariak eta gayak Taxilariak eta gayak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.