[Lekaioak IV] Donianeko euria gariaren galgarria
Donianeko euria gariaren galgarria –
Mendeetan zehar gure kulturari loturiko ondare etnografikoaren zati handi batek baserrietan gordeta, zokoratuta iraun du, eta zenbait etxetan hala dirau oraindik ere. Hainbat herritan etnografia-museoetan jaso dute ondare hori guztia. Bilduma horien sorrera herri-ekimenean oinarritutako jardueren emaitza izan da. Dena dela, gaur egungo gizarteak interesgarritzat dituen arren, museo horiek oso bisitari gutxi izan ohi dute.
Beste hainbat herritan, aldiz, zenbait tratulariren esku geratu da material hori guztia; eta, beste askotan, zoritxarrez, suak erre du.
Irakurleak parean daukan lan honen helburua zera da: batetik, desagertzear den ondare etnografikoa jasotzeko proposamen bat luzatzea eta, bestetik, haren zabalkunderako transmisio-guneak ahalbideratzeko aukera erakargarri bat aurkeztea. Urretxu-Zumarragako Lekaio Kultur Elkarteak horretan dihardu.
Badira berrogeita hamar bat urte Kantauri isurialdean ia garirik egiten ez dela. Beraz, bertako hainbat belaunaldik ez du lanketa honen inolako berririk. Aparteko garrantzia zuen gariak garai bateko bizimoduan. Lanketa horren atzean urte guztirako ogia zegoen jokoan, eta zenbait herritarrek dioen moduan, horrek sakratu bihurtzen zuen landare hau.
Azaroan hasten ziren gari-kontuak. Domusantu-egunetik San Martinak arteko egun-tarte horietan ereiten zen. Garai batean, ereiten hasi aurretik, lurra laiatu egiten zen. Gerora etorri ziren goldeak, eta, are beranduago, makinak.
Artoarekin txandan egiten zen: urte batean artoa ereindako sailean, hurregoan han egingo zen garia, eta alderantziz. Horretaz gain, gari-soroa aprobetxatze adera, sail-ertzetan baba beltza ere ereiten zuten.
Abendurako edo urtarrilerako erne ondoren, soroan egoten zen harik eta, martxo aldera, alperra pasatzen zitzaion arte. Martxotik maiatzera arte ez zuen aparteko lanik izaten. Maiatzean burutu egiten zen, eta orduan oloa eta garia bereiztu egiten ziren. Hala dio esaerak ere: Txikiya banaiz, haundiya banaiz, maiatzean burutuko naiz.
Hiztegia
Nabarra: Ondoren laiatuko den lur-eremua ebakitzeko erabiltzen zen labana moduko burnia. Nabarra erabiliz zohia markatzen zen.
Laia: Laiya. Lurrari buelta emateko tresna.
“Ori, ara! Eitten tzan aurrena goldetu eo laittu, lurra jiatu. Eta genealen laiyakin. Sei o zazpi gizon jarri laiyan, da… bestek atzetik atxurrakin, emakumek, eta berdindu… ta zazpi laun eo igual aitzen giñan… Ola jo! Batea! Bi lai izaten tzian ta dana batea, ra! Balantzan eiñ eta ausi itten tzan ura, ta atzea tiratzen tzan ta…ola. Laiya eittea dotoria da, baina beira eoteko e!”
Golde:goldia. Ildoak eginez lurrak lantzeko balio duen nekazaritzako tresna. Bi erabiltzen ziren: goldea eta goldatxikiya. Sailaren arabera bata edo bestea erabiltzen zen: leku aldapatsuetan golde txikia erabiltzen zen, bestela, handia.
Azal apain utzi: Zenbaitetan lurra goldetu gabe ere egiten zen lan. Kasu horietan azal apain egiten zela esaten zen. Harea pasatuz harrotzen zen lurra.
Zohi: Zoiya. Sin. Zotala. Laia erabiliz ateratzen den lur-zatia.
…pusketa aundiya artzen da bi laiyan erdiñ eta geo besten gañea ola filan danak juteko…Ortako iziten tzan nabarra iziten tzan, burni bat, kutxilloa bezelako burni bat, aekin zoiak ebaitzen tzittuen, sei o zazpi launeko sailla, zoia deitzen zitzaion…
Berdindu: aitzurrarekin zohiak (lur-puskak) xehatzeari deitzen zaio.
Goiz gari: goiz gariya. Gari-mota
Burumotz: Gari-mota.
Bizardun: Gari-mota
Zikirio: Zekalea. Garai batean lur berrietan egiten zen landarea. Gose-urteetan ogia egiteko erabiltzen zen.
Erein: Hazia botatzeari deitzen zaio. Garia purran ereiten zen, hau da, eskua-bete hartu eta sorora botaz.
Zuin: zuiña. Soroan ereindako eremuak markatzeko erabiltzen diren hosto edo adarrak.
…Botatzen tzan eskuukiñ, markauta ipintzen tzan eta ba ola emendik orraako distantzi bat, eta geo ba markatzeko ibiltzen tzian zotzak, ostok…
Alperrare: Goldatutako lurrak xehatzeko erabiltzen den tresna.
Estali: Alperrarea erabiliz landatutako alea tapatu egiten zen, estali.
Jorrai: jorraiya. Belar txarrak kentzeko erabiltzen den aitzur txikia.
Jorratu: Ereinda dauden soroetatik aitzurka belar txarrak kentzea.
Katamalo: sin. Txorimalo. Txoriak izutzeko eta soroetatik aldentzeko erabiltzen zen pertsonaren itxurako panpina.
…bueno ba zeak ipini, katamalok eta zeak, besteik etzeon itteik eta… Pertsonan erropak, lenengo bedarrez bete erropak, eta gero ipini abrigu bat, eta sonbrero bat eta ola…
Burutu: gariak burua ateratzeari deitzen zaio. Garai horretan bereizten da zein den garia eta zein oloa; ordura arte ez baitago jakiterik.
olo: olua. Gari-artean sortzen den landarea.
Oloak eta gariak San Juan inguruan banatzen ziren. Lan hori egin ondoren, bilketa baino ez zen geratzen. Santiago egunaren bueltan geratzen zen hori, uztailaren bukaera aldera.
Giro beroa behar zuen gariak. Ebakitze- eta jotze-lanak eguzki berotan egin behar ziren, bestela ez zuen-eta alerik jaulkiko. Hezetasunak ez dio aleari erortzen uzten. Hori dela eta, garia ebaki, metatu eta jo egiten zen oso egun gutxiren buruan. Lanketa hori guztia auzolanean egiten zen. Hau da, baserri bakoitzak besteari laguntzen zion.
Hagindun igitai: iittaiya. Landareak ebakitzeko balio duen aho makurrezko tresna girtenduna. Altzairuzkoa zen eta segaittaiak ez bezala hortzak zituen. Askoz ere azkarrago apurtzen zen harriren bat harrapatuz gero.
Sega: Laboreak eta belarra hondo-hondotik ebakitzeko erabiltzen den lanabesa, bi eskutoki dituen kirten luze eta zuzen batez eta horrek muturrean duen burdinazko xafla luze eta okertu batez osatua
Eskuare: Nekazariaren lanabesa, kasu honetan segari gehitzen zaiona, garia mozterakoan etzanda uzten zuena.
Azao: Ebakitako gariarekin eta kideko landareekin giten den sorta.
Etxagi: Etxagiya. Azaoa lotzeko erabiltzen zen gariz egidako lazoa.
Ziri: Azaoak egiteko erabiltzen zen egurrezko tresna.
Mutxur: mutxurra. Zortzi-bat azao pilatuz egiten den egitura.
Meta: Azaoak pilatuz egiten den egitura. Ondo orraztuta utzi behar zen garia ez bustitzeko. Etxetik gertu egiten zen, giro beroa etortzearekin bat zabaldu eta garia jotzeko.
Galtzu: galtzua. Garia jaso ondorengo hondarrei deitzen zaie: alea, buruak, zuztarrak…
Auka-ilara: aukaillaria. Galtzua harea erabiliz pasatzen zen. Hareak gari-hondar haiekin pilak egiten zituen. Horiek dira auka-ilarak. Bukatzean, su ematen zitzaien hondar horiei.
Eguzkitu: euskittu. Eguzkitan berotzea.
Jo: garia losan jo egiten zen, burutik alea aska zedin.
Jaulki: galburutik alea askatzeari deitzen zaio.
Txankete-harri: Garioa jotzeko losa. Harri zapalak izaten ziren, bertan garia jotzeko.
… Arri zabal batzuk ipintzen tzian egur batzun kontran eta an kixkar-kixkar, bero-bero itten tzan garaiyan, dinbi-danba dinbi-danba dana jotzen tzan…
Matxaka: Garia jotzeko sortu zen makina.
Trilladora: Garia jotzeko sortu zen makina.
Lasto: gariari burua kentzean geratzen den landare-zatia. Ganadutarako erabiltzen zen.
Garia garbitzeko makina: dornu. Jotako gari-alea garbitzeko erabiltzen zen tramankulua. Haizea erabiltzen zuen gari-alea garbitzeko.
Auka: aokia. Gariak alea estaltzeko izaten duten lastoa.
Arka: gari-alea gordetzeko erabiltzen ziren kutxa handiak.
…garbittu eitten tzan makina horrekin, alia batea eta aokia esate giñon, uzten tzoan zea, zikiña, eta aura beste aldea garbittu eitten tzon. Eta gero, garbitzen gendunen, gariya artzen gendunen, ba arka aundi bat, kutxa aundi bat eotentzan, eta dana ara botatzen gendun…
Azkenik, kutxatan gordetako garia zakuetan sartu eta errotara eramaten zen. Astoa erabiltzen zen lan horretarako, eta normalean, etxeko txikienak ere joan ohi ziren; astoak ederki ezagutzen du-eta etxerako bidea.
Aldaparo: erreketako ura jasotzeko erabiltzen den ur-biltegia. Ur horrek mugituko du ondoren errota.
Jakia: Errota-harria pikatzeko erabiltzen den mailua.
Bujarda: Harria lantzeko, eta kasu honetan, lazteko erabiltzen den mailua.
Pikatu: Errota-harriek dituzten arrastoak nabarmentzeari deitzen zaio, baita harriaren azala lazteari ere.
Ganbara: Errotaren zatia. Arto-alea edo gari-alea bertara botatzen da.
Katilu: (Errotaren zatia) ganbararen azpian dagoen ontzia, alea neurrian botatzeko balio duena.
Usillo: (Errotaren zatia) Garbaratik katilura bitartean dagoen tresna, horrekin ale gehiago edo gutxiago pasatzen utziko du errotariak.
Tranka: (Errotaren zatia) errota-harrian den egur batek jo eta katilutik alea botarazten duen gailua.
Musagea: (Errotaren zatia) errotaren ardatza eta harria lotzeko erabiltzen den tresna.
Ardatza: (Errotaren zatia) errota-harria giraka jartzen duen tresna.
Sestran ipini: Errotako bi harriak neurri berberan nibelatzeari deitzen zaio. Hala behar dute harriek: neurri berean eta elkar ukitu gabe, bestela, harria xehatuko luke errotak. Zenbat eta harriak hurbilago izan, orduan eta irin finagoa egiten zen. Hor nabari zen errotaria ona zen ala ez.
Sagar-zirik: Ardatzaren eta harriarena artean sartzen ziren egur-zatiak. Ardatza berotu egiten zen, eta harria ez apurtzeko, hezetasun puntu bat zuen egurra komeni zen, tinta modukoa zuena. Horregatik erabiltzen zen sagarrondoa.
Turtukoia: (Errotaren zatia) urak mugiarazten duen gurpila. Katilu batzuk ditu uraren indarra erabiliz, ardatza mugiarazteko.
Idarmahai: (Errotaren zatia) turtukoia kokatzen den egurra.
Errotariak ehotutako irinetik zati bat hartzen zuen. Irin horrekin egingo zen, ondoren, aste guztirako ogia.
Urte beltzak ere izan ziren garai hartan. Estraperlo-garaian ez zuten uzten errotetan garirik ehotzen, eta hainbat baserritar inguruko errotetara joan ohi zen ezkutuan ehotzera. Herritarrak ere ez ziren hobeto ibili. Goierritar askok trena hartu eta Nafarroara joaten ziren gari bila. Etxera hurbildu ahala, poltsa treneko leihotik bota eta gauean itzultzen ziren zakutxo haren bila. Zenbait herritarrek dioen moduan, Francok ederki erakutsi zion belaunaldi hari bizimodua aurrera ateratzen.
Errota-zaku: Gainerako zakuak baino handiagoa den eta ehunez eginiko zakuari deitzen zaio.
Errota-soka: Astoari zakuak lotzeko erabiltzen zen soka. Normalean artilez egina izaten zen.
Eho: Iyo. Errotan garia xehatzeari deitzen zaio, aletik irina ateratzeari, hain zuzen.
Zahi: zai. Eho ondoren irinarekin nahasturik gertatzen den ale-azal xehatua.
Bahe: baiya. Hondarrak, harriak, aleak… eralkitzeko erabiltzen den zulo txikiko tresna.
Galbahe: galbaiya. Hondarrak, harriak, aleak… eralkitzeko erabiltzen den zulo txikiko bahea.
Mutura: muturia. sin lakaiña, laka. Errotariak lanaren truke jasotzen zuen zatia. Ehotutakoaren %10a izan ohi zen. Ez zuten ospe handirik errotariek. Baserritarrek dioten moduan: eztao errotarik zerun!
Imilaun: imillaun. Gutxi gora-behera hiru kilo neurtzeko erabiltzen zen.
Imi erdiko: Sei kilo adinako neurriari deitzen zitzaion.
Imia: imiya. anega baten laurdena.
Anega erdi: Anega beten erdia, gutxi gora behera hogeita bi kilo.
Anega: aneiya. Laboreen eta lurreko beste zenbait emaitzen ohizko neurria. Gutxi gorabehera 45/48 kilotara iristen dena.
“… neurriya ba, txikiñetik asiko gea, txikiña imillauna. Imillauna ebaltze zan babentzako. Orrek artze zittun iru kilo eo ola. Eta imillaunan urrengo eongo zan imi erdikua esate zana. Eta imi erdikua izingo zan ba sei kilo o ola. Eta gero, imiya. Orrek amabi kilo izango zittun. Lau imikiñ aneia, ta aneaerdikua esate zitzakona, bi imi eitte zona…”
Ogia etxean egiten zen. Errotatik ekarritako irinari, aurreko oretik gordetako legami-zatia gehitzen zitzaion ore berria egiteko. Ur epela, gatza, berantzagia eta irina behar ziren ogia egiteko. Aste osorako, gutxi gora-behera, hamar bat ogi egiten ziren, nahiz eta gehiago ere egin zitezkeen.
Etxeko txikienek ere irin horrekin egindako ahia hartzen zuten. Ezinbesteko langintza zen, beraz.
Ore-mahai: oomaiya. Ogia oratzeko erabiltzen den mahai aproposa.
Berantzagi: beantzaiya. sin. Leamiya. Azken ogi-oretik hartzen den zatia. Hurrengo ogi-orea egiteko erabiltzen dena.
Labe-su: Ogia egiteari deitzen zitzaion labe-sua egitea.
Apelai handi / txiki: apelai aundiya/txikiya. Labeko sua banatzeko edo ateratzeko erabiltzen den tresna.
Intsusa-erratz: Labeko hautsa garbitzeko egiten intxusa erabiliz egiten zen erratza.
Ogi zuri: gari-irinez egindako ogia.
Ogi beltz:sin. Nahaskiya. gari-irina eta zahia dituen ogia.
Ahi: aiya. Irina, esnea eta azukrea nahastus egiten den jakia. Haurrak hazteko erabili ohi zen.
Esaera zaharrak
- Donianeko euria gariaren galgarria
- San Juan, artoa eta ogia kanpoan
- San Juanetako euriak kentan dei ogi eta ez dei emoten ardauik
Donianeko euria gariaren galgarria
Ederra Lekaio Kultur Elkartearen lana, eta milesker Beñat berau argitara eramateagatik. Baserri-giroko euskal tradizio eta ohitura zaharrak berreskuratzea ezinbesteko zaigu, horietan baitan ditugu etorkizuneko euskal gizarte burujabe baterako eredu sozio-kulturalik aproposenak: auzolana, lur komunalak, batzarra, baserrien auto-askitasuna, lana, jaia eta elkarbizitzaren fusioa baserri-lanetan…
Beñat: zure idatzian jartzen duzu garitzeari alperra pasatzen zitzaiola martxoan. Alperra pasa gari landarea zapaltzeko?
Hor okerren bat badago noski. Ez naiz nekazaria, baina…
Bai. Hala da, alperra baino segurasaki area, edo bestela arantza-adarrak pasatzen ziren gari landarea jorratu, belarrrak kentzeko. Bide batez lurraren azala hautsi eta lurra harrotzeko landaretxoa atera gabe.
Martxoan landarea indartsuegi bazetorren eta burutakoan etzan ez zedin, ardiak ere botatzen ziren garitzara saila motz zezaten.
Lan bikaina Beñat. Segi holaxe.
Egun on!
Barkatu berandu erantzutea, A; badaezpada Lekaio Kultur Elkarteko adiskide bati galdetu diot. Dena den, jada erantzun dizu Ganbaratxok, biba hi!
Alperra, harriaz gain, area ere bada: alperrarea. Bideoan ikusi daiteke landarea erne, eta gero alperra pasatzen. Badirudi lurra biguntzeko zela, eta garia hobeto ernaltzeko.
Ondo bizi
Beñat, zure hitz teknikoak bilatu ditut iparreko euskalkien hitzak ematen dituen Lhande hiztegi zaharrean eta erran nezake hoien erdia baino aise gehiago aurkitu ditudala zentzu berarekin.
Hala ere, bitxikeria bat, hemen garia ogia erran ohi da bainan ez daiteke betikoa izan zeren eta hemen ere “gal” osagailua gelditzen baita oraindik hitz konposatuetan.
Ez banaiz makur (izan ere ez naiz biziki aditua arlo honetan, interesatua baizik ez,) iduritzen zait, aldi honetan, termino guti datozela latinetik, espanioletik edo frantsesetik.
Dakigularik hiru populu horiek gari ekoizle eta ogi jale haundiak zirela, eta, hitz asko eman dizkigutela besteetan, zer esan nahi luke horrek?
Azkenean eginen dizut ignorante baten galdera: zendako bada garia oloarekin nahasia ateratzen zen, eta gero, berexi behar? nahita zen ? ala ez? oloa bera ere jatekoa da ? ala ez?
Zer nahi gisaz besteek bezala diozut lan biziki pollita egin duzula, eta hain ongi hasiz geroz…
Ildo horretan beste aukerak baditutzu, gasna, lihoa, ardi hazkuntza, arraintza, nik dakita ba…
Oloa garitzan hazten zen laborariaren zoritxarrerarako. Garatu baino lehenago ezin bereizi bata eta bestea. Gerora bai, oloa luzeagoa baita eta burua bota orduko galsorora joaten zen sendi osoa olo landareak kentzera. Izan ere, olo-landare horien haziak gari artean utziz gero, gutxi izanik ere, olo landareak ugarituko lituzkete. Horrela, urtez urte oloa gehitu eta garia gutxituz soroan. Alegia, oloa gariaren lehiakide zen. Eta oloarekin abereak gizendu bai baina ogi ona nekez. Are gutxiago etxeko errenta ordaintzea nahi bazen.
Egun on. Ez dakizue ondo ze poza ematen duen egindako lanak halako ideia-trukeak sortu izanak. Eskerrik asko, iruzkingileei, eta, zer esanik ez, Zuzeu-ri eta Beñati lan hau zabaltzeko aukera emateagatik!