Gure (Zoro)Etxea [3×06] – Telegrama

Telegrama –

Hala Bedi irratirako sortutako ipuina ZUZEUko leihora atalka ekartzeko asmoa daukat, astero bat. Hasieratik irakurri nahi baduzu jo nire erabiltzaile profilera.

Telegrama

Etxeko sofan eserita nago. Baina gure etxeko betiko sofa morea da orain. Beti izan da urdina, zin dagizuet. Bada, gaur, morea da eta hirukiak marraztuta ditu lehen loreak zeuden lekuan. Kezkagarria litzateke kontua, ez balitz gauza are kezkagarriagoak gertatzen ari direla. Zer gauza kuriosoa den gure buruaren mailakatzeko gaitasun bitxi hori. Atzo kezka eta negar-iturri zena, gaur ahaztutako afera txiki bat izan daiteke, hondamendi are handiago baten atzaparrek harrapatzen bagaituzte.

Bada, horixe, etxeko sofaren kolore aldaketa hutsaren hurrengoa da, ondoan ezagutzen ez dudan norbait eserita izatearekin alderatuta. Gainera, hori gutxi balitz, postariz jantzita dago, gutunak eramateko orgatxo horietako bat eta guzti.

Neure burua lasaitzeko, konposizio hau egin dut: etxeko txirrina entzun ondoren, atea ireki dut, eta hara non postaria aurkitu dudan ezkaratzean, niretzat gutun bat duela esanez; egarri zela irudituko zitzaidan, edo nekea ikusiko nion begietan, eta barrura sartzeko gonbita egin diot, sofan eseri dadin tarte batez. Baina, egia esan, ez dut gogoratzen horrelako ezer gertatu denik. Eta, orain, nire burmuinak mailakatze-arazo larri bat dauka: ez daki zer den okerrago, ez gogoratzea zer gertatu den edo postari bat eserita egotea sofan nire ondoan.

-Hara, ba ez, ez zen gutun bat. Telegrama bat da -esan dit, orgatxotik paper luze bat atera duen bitartean.

Ez dakit zuek, baina nik ez dut sekula telegrama bat ikusi eta, esku artean daukana orri luzeegia iruditu zaidan arren, postariaren esana sinetsi beste aukerarik ez dut izan.

-Irakurriko dizut, nahi baduzu.

Ez dut jakin zer erantzun, eta irakurtzen hasi da.

-Labrit naiz. Stop. Gogoan al nauzu? Stop. Zurekin bizi nintzen lehen, eta Telmorekin. Hirurok bizi ginen elkarrekin, gela berean. Stop. Guk etxea deitzen genion. Beno, zuk deitzen zenion. Stop. Dagoeneko nire beharrik ez duzulako alde egin nuen, horixe baita alde egiteko, desagertzeko, dagoen modu bakarra. Stop. Inork zure beharrik ez izatea. Stop. Sekula ez dut oso ondo jakin zertarako sortu ninduzun. Suposatu nahi dut zure burua orekatzeko behar ninduzula. Emakumea, lesbiana, marxista eta fabrikako langilea. Hala osatu ninduzun, nahikoa marjinalian, kontatu niezazun mundua zer beltz eta arantzatsu ikusten den begi hauetatik. Nire begiak orain zureak dira. Eta nire desorekak zerbait irakatsiko zizun esperantzarekin bizi naiz. Ez izan beldurrik dagoeneko ez nagoelako zure etxean. Jantzi nire arropak, edan nire kafea, eseri nire aulkian, hortzak garbitu nire eskuilarekin. Kito nire eginbeharrak. Ui! Stopen bat jartzea ahaztu zait. Hortxe: stop. Gutun bat idatzi behar nizun, ze demonio, eta ez geldialdi aspergarriz betetako telegrama bat. Stop. Baina postaria tematu zen istorio bakoitzak bere arnasaldia behar duela esaten, eta honek telegrama bat merezi zuela. Stop. Honaino. Stop. Ez izan zalantzarik, bihar ere argituko du. Stop. Batez ere bihar argituko du.

Play.

Telegrama
Telegrama
gure zoroetxea, ipuin seriea, ipuina, ipuinak, mikel ayllon, Telegrama, zoroetxea
Mikel Ayllon

Idazlea eta itzultzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude