Jazzaldia, datorren urtera begira
Jazzaldia, datorren urtera begira –
Hurbilagoko artistekin berreraikitako 55. Jazzaldiak “kalitate artistiko bikaina” eman duela dio antolakuntzak, eta publikoak arduraz jokatu duela.
Datorren urteko Jazzaldia uztailaren 21etik 25era izango da, eta prest du kasik egitaraua.
Donostiako Jazzaldiak, 2020ko edizio berezia bukatu berritan, aurtengo bilana egin eta datorren urteko jaialdian izango diren izen nagusiak ezagutzera eman ditu.
“55. Jazzaldia guztiok gogoratuko dugu, eta ez bakarrik kontzertuetara maskara eta edukiera mugatuekin joan garelako, egoera berezi eta zailean, baizik eta bere kontzertu ikusgarriengatik, une paregabeengatik eta kalitate orokor bikainagatik ere”, adierazi du antolakuntzak, publikoak “modu eredugarrian” erantzun duelakoan, maskarak jantzita eta tarteak errespetatuta, pozik.
Jaialdian parte hartu duten musikari gehienek esker ona agertu dute, berriro publiko aurrean jotzeko aukera izan dutelako. Iñaki Salvador eta Chano Dominguezekin batera Donostia Jazzaldia Saria jaso duen Jorge Pardok adierazi duenez, “zuzeneko musika bezalakorik ez dago”; eta jaialdia itxi zuen Rymden taldeak, berbarako, Donostiakoa izan du uda honetako kontzertu bakarra.
Argazkiak: Lolo Vasco (Jazzaldia)
Paul San Martin eta Mikel Azpiroz San Telmo Museoan, Joseba Irazokik Victoria Eugenian, Iñaki Salvadorrek Kursaalean eta Oreka TX edo Michel Portalek Trinitate Plazan –hemen elkarrekin-, nabarmena izan da euskal musikariek jaialdian izan duten parte hartzea, eta “maila handiko emanaldiak” eskaini dituzte. Aparte, artista gazteen beste 21 zuzeneko izan dira Kursaaleko Terrazetan, doanekoak. Aurtengo nobedade bat streaming bidez eskainitako kontzertuak izan dira, 15 emanaldi guztira -Trinitate Plazako guztiak tarteko-, mundu osoko zale ugarik jarraitutakoak, eta oraindik ere ikusgai direnak Jazzaldiaren Youtube kanalean.
Laburtuz, eta Donostiako Jazzaldiaren antolatzaileen esanetan, “jazz-zaleen oroitzapenerako jaialdi bat izan da aurtengoa, kontzertuen maila altuagatik eta, kontrako baldintzen aurrean, jazz zaleek izan duten erantzun ezin hobeagatik”.
.
2021eko egitaraua
Jazzaldiak oso aurreratuta dauka 2021erako programa. “Ordurako edukierak jatorrizko dimentsioetara itzuliko direlakoan eta baldintzak normalizatuko direlakoan -antolatzaileen ustean-, 2020rako aurreikusitako programaren zati bat berreskuratu da, baina oso izen garrantzitsuak ere gehitzen zaizkio 56. Jazzaldiari”: Herbie Hancock, Gregory Porter, Mulatu Astatke, Yann Tiersen, Brad Mehldau eta Lakecia Benjamin saxofoi jotzaile gaztea izango dira datorren urtean Donostian. Eta aurten etortzekoak ziren Simple Minds, Cecile McLorin-Salvant, Kurt Elling -proiektu berria Charlie Hunter gitarra jolearekin-, Hiromi, Leon Benavente eta Vintage Trouble artistek eutsi diote Covid-19 aurreko garaian iragarritako 2020ko programatik. Bere aldetik, John Zornek 2022ra atzeratu du Trinitate plazan egingo duen Masada laukotearen aurkezpena.