[Uztaritze iraultza garaian XIX] Beste presoak

Beste presoak –

Uztaritze iraultza garaian

1794ko urriaren 14ako bilaldi berean Marithurryk honako hauen kasuak aztertu zituen:

Louis Duhalde notarioa :

«lehenik Iraultza alderako axolagabekeria erakutsi du, bainan ondoren, Apezeriaren erreformaren orduan jarri da aristokraten alde, erakutsi ditu orden berriaren kontrako sentimentuak, halako gisaz nun gizon publikoz bezainbateko bere portaerak fanatismoa eta Erregimen zaharraren dolua erakutsi  baititu».

Beste presoak

Dominique Dibarrart :

«Iraultzaren orduan, erraiten zuen abokata zela, bainan Nobleen klasearen alde jarri zen ez eta Heren Estatu deitzen zenaren alde. Udalerri honen dimaren parte bat gozatzen zuen eta dima horren kentze beharrezkoaren ondoren, erakutsi du ezin gehiago orden berriaren kontrako kexua eta guziz ez ta gelditu gaizki mintzatzetik  Ordezkaritza Nazionalaren kontra».

Gratieuse Harismendy, Joachim Larreguyren emaztea, eta bere alabak, Moleresenia[1] deitutako Heraitzeko gaztelukoak :

«Emazteki horren etxea, berrikitan eraikituriko gaztelu bat zen zeinaren tinplak tokian igoak izan ziren beste gazteluetan kenduak izan zirelarik. Ez zen azken momentuan baizik jarri laborarien klasearen alde. Iraultzaz geroztik etxe hura izan da aristokrateen aterbea zeinean adierazten baitira Orden Berriaren sendimendu kontrakoenak».

Bernard Duhalde, auzapez ohia :

«Chauvin Mondragoneko komitateak egindako arrastatzearen motiboek arrazoi larriegiak dauzkate guk ezezta ditzagun kontrako prueba oso seriorik gabe … gizon ausarta eta trakassierra afera ilunak eta bihurkeriak oso maite zituena … Udalerriko beste askok bezala pena handiena erakutsi zuena Erregea arrastatua izan zenean eta dolu handiena haren hilketarako, … auzapez izendatua izan zen apezen eta aristokraten azpijoko eta bihurkeriei esker, bainan laster apezen ordezpenaren ondoren, bere funtzioa abandonatu zuen bizitegia Baionan hartuz … goraipatu zuen bere ekarpen patriotikoa  patriotismoaren araberakoa izan zen. Izan ere, nahiz nahikoa aberatsa izan eta Sorthako noblea izan, eskaini eta ordaindu zuen 6 liberako dirutza orotara».

Mathieu Duhalde, auzapez ohia :

«bere auzapez funtziotik botaia izan zen, Konstituzioa onartzeko biztanleen asanblada orokor bat egin baitzuen legeak finkatu zuena baino bi egun lehenago eta asanblada horretan Konstituzioaren testua euskaraz itzulia izan behar zelako estakuruan preparatu baitzituen Konstituzioa errefusarazteko baliabideak. Ezin dugu desager arazi Mathieu Duhaldi egindako akusazioa, alegia, Espainan emigratutako apezei dirua eta sokorriak pasa arazi izana. Auzapez zelarik, bere alabak ausartu baitziren joaitea gure apezak zeuden Espainiako herri batera. Petizio egileak erraiten duelarik ez zuela apezekilako harremanik eta bere arraza laborariarena dela, aski zaigu erraitea denek Herri honetan dakitela Compaitoko Salvat bere anaia merkatari biziki aberatsa dela, beren ahaide laborarien artean  badituztela abokatak, notarioak, apezak eta batez ere, Duhalde anai emigratuak, bata Larresoroko seminarioaren superiora izana eta bestea misionesta… zeinei Mathieu Duhalde biziki atxikia zen. Errabiatuak ziren bi apez hauek, populuaren gainean zeukaten eraginari esker, ezpiritu ahulak edo gaistoak erratzera bultzatu dituzte».

Salvat Duhaldek :

«Egur larri eta xehe saltzailea, kapital eta funts inportanteko jabea zen.  Merkatari eta aberatsa izanki, garraio handiak egiten zituen eta langile asko lanean ar arazten zituen eta horrengatik eragin handia zeukan. Bere baliabideak oro erabili zituen ausarki ezagunak zituen apez eta aristokratak laguntzeko, berak bilehenkusi zituen apez eta emigratu. Erretorearen ordezpenaren egunean, Asanblada lehenean[2], protestatu zuen. Beste anitzekin Iraultza kontrako jendeak postu administratiboetan sararazteko elkartu zen»

Hala ta guziz, 1794ko irailean, Pinet atzera deitua izan zen. Nazkatu zituen ez bakarrik Gipuzkoa eta Bizkaia okupatzen zituzten militarrak, bainan ere Baionako patriotak eta elkarte herrikoiekoak.

1795ko urtarrilaren 1an, hauek eginen zioten salaketa bizikii bortitz bat Konbentzioaren aurrean.

Munduteguy babeslerik gabe egonik, ez zuen gehiago deus egiteko Donostin. 1794ko azaroaren 5an galdegin zuen Uztaritzeko Bakezko Jujearen funtziora itzultzea.

  • Presoen libratzea (63.orrialdea)

Tokiko «montagnard» batzuen ahalegin guzien gatik ere, Pineten, Cavaignacen eta Puy de Domeko Monestierren alde egitea liberalizatze garai baten seinalea izan zen. Presondegien ateak zabaldu ziren piskanaka, batez ere Uztaritzeko Udalkontseiluak preso mantentzea eskatu zutenentzat. Pierre Dithurbide eta Dominique Garat aurreko Probintziako  deputatuak itzultzen ikusi ziren. Dominique Garatek galdu zituen bere ideia iraultzalarietarik asko, batik bat Montaubanen urte bat pasa preso egon zelako.

Alabainan Marithurryk ez zuen amore emaiten. Bernard Duhalde berrikitan libratuak egin zuen zibismo zertifikata eskaeraren karietara, 1794ko abendoaren 10eko Udalkontseiluaren deliberamenduetan irakurtzen da:

«Haren arrastatzearen bitartez Iraultzari kalte egitetik eragotzi izanik, Sekuritate Komitate Orokorra barkabera agertu ahal izan da hari eta beste anitzi buruz, bainan hortik zibismo zertifikata bat egiteraino bada distantzia haundia. Ikusita petizio egilea beti Iraultzaren etsaiekin eta apez ihardukitzaileekin hurbildik lotua egon zela, batez ere Itsasuko Harambillet bere adiskide minarekin, zeinak ez duen hainbat aldiz legeari obeditu baizik eta arrastatua izan ondoren. Ikusita petizione egilea auzapez zela apezen Juramentuaren garaian. Ikusita Udalerri honetako Erretore ohiari hertsiki atxikia zela eta atxikimendu hori frogatu zuela Udalerria abandonatuz Erretorea deserritua izan zenean. Ikusita egia hori nabarmentzen dela ikusten delarik auzapez zenez bezainbatean ez duela deus egin Konstituzio erretore berria Udalerrira erakartzeko, ez eta beste zin egindako apezik ere erakartzeko. Ikusita arrazoi horiek guziek frogatzen dutela petizione egilea Erregimen zaharraren aldekoa izan zela beti ,eta, Iraultza zinez maitatu izan balu, eraginkorki zerbitzatzen ahalko zuela Herriko populuaren eta batez ere Udalerriaren biztanleen gainean zaukan eragin handiari esker. Horien guzien gatik, petizio egilea ez da zibismo zertifikata bat lortzeko duin izanen, baldin eta Iraultzari buruzko bere atxikimenduaren frogak ematen ez baditu.. »

 

[1] Moleresenean  Iraultza baino lehen pesta ospetsuak egiten ziren nun  Pierre Garat, dominiquen semea izarretarik bat izan baitzen.

[2] BC : «assemblée primaire» testuan

Beste presoak
Beste presoak  Beste presoak
Beste presoak

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

2 pentsamendu “[Uztaritze iraultza garaian XIX] Beste presoak”-ri buruz

  • Joseba Aurkenerena 2020-07-31 17:08

    Aupa Beñat. Astero-astero zure artikuluak irakurtzen eta inprimatzen ditut, bukatzen duzularik, denak batera enkoadernatzeko eta etxeko liburutegian atxikitzeko, kontsulta-liburu gisa.
    Jende gehiago ezagutzen dut gauza bera egiten ari dena.
    Ene iduriz, Elkar-en bidez (edota beste argitaletxe baten bitartez) plazaratu beharko zinuke, hortarako beharrezkoak diren baimenak atzemanik.
    Eutsi goiari! Agur bero bat.

  • Benat Castorene 2020-08-01 09:03

    Egun on eta milesker Joseba zure sustenguagatik. Lana dut oraindik akatsak zuzentzeko. Beharrik laguntza dut adiskideen aldetik.
    Publikatzeko gero ikusiko dugu.
    Preziozko testua da zeren eta Uztaritzeko Herriko Etxeko txostenez egina dago gehienbat. Argi ikusten da Lapurtarrek, ez zutela Iraultza horren beharrik eta burges eta arribista bakar batzuez aparte nahiagoko zutela lehen bezala jarraitu hobekuntza zenbaitekin.
    Orokorkiago gero ta gehiago pentsatzen dut Lapurdiko instituzio politiko et juridikoak aztertu behar ginituzkeela ulertzeko zer kendu ziguten basaki eta nola kolonisatu gintuzten.
    Detalle tipi bat Lapurdi zen probintzia bakarra Erreinu guzian.
    nun feudalismorik ez zegoen.
    Eskanatu dut Maite Lafourcaden testu interesgarri bat horri buruz.
    Adeitasunez.