Dantzaria dantzari da, emakumea edo gizona izan baino lehen
Dantzaria dantzari da, emakumea edo gizona izan baino lehen –
Kattalin Agerrek Dantzan.eus atarian.
Joana Etxartek, Marylin Rekaltek eta Joana Hokik maskaradetan eta pastoraletan bizi izan dituzten sentsazio eta sentimenduak azaldu dituzte Mauleko Zinka ostatuan martxoren 8an. Euskal irratietan jaso dituzte mahai inguruan jasotako zenbait adierazpen. Pastoraletan, emakumeak albo batean eta bigarren paperean agertzen direla argi ikusten dute eta horri buelta ematea aldarrikatzen dute, emakumeak bazterretik lehen planora ekartzeko beharra. Dantzan, berriz, mutil eta neska eskemak apurtu behar dela diote.
“Konprenitu ahal dut txakurren lekua, baina emazteen lekua ez dut konprenitzen”, Joana Etxartek dio pastoraletan leku jakin batzuk sortzen direla emakumeentzat, mugatuak. Eremu zehatz horietan ager daitezke emazteak, baina ez beste nonbait. Nabarmendu du historia androzentristak kontatzen direla gehienetan, gizon baten biografia azaldu ohi da eta agertuko dira ama, emaztea edo alaba, baina esklusibotasuna gizonarena da.
Marylin Rekaltek aitortzen du emakumeek dantzan badutela leku bat, baina puntu nagusi edo ederrenak gizonentzako eginak direla iruditzen zaio. Gizonen indarra eta azkartasuna apreziatzen dira, baina emakumeren batek abilezia horiek erakutsi izan dituenean, ez duela eder dantzatzen entzun izan da publikoan, mutikoen gisa dantzatzen baitu eta ez modu goxo eta femeninoan; “Onar dezagun emazte batek dantza indartsuak ematea ederra dela. Kontuan hartu dantzaria dantzari dela, emakumea edo gizona izan baino lehen”.
Gizarteko beste esparruetan bezala, plazako jokoetan ere gizonei rol batzuk atxikitzen zaizkiet eta emakumeei beste batzuk. Joana Hokik dio maskaradetan ere badagoela zeregina, batez ere beltzeriari dagokionez. Mutiko batek beti lekua izango du beltzerian, baina neska bati beltzen taldean irteteko ezaugarri asko eskatuko zaizkio.
Informazioa: Zer edo non da emazten leküa plazako joküetan
(Euskal Irratiak, 2019-03-14)