Dantza kinka larrian jarri du pandemiak
Dantza kinka larrian jarri du pandemiak –
Dantzan ataritik jasoa.
Martxotik mundua hankaz gora daukan covid19-aren pandemiak alor guztiei eragin die eta dantza ere kinka larrian aurkitzen da. Ekonomia, hezkuntza, ostalaritza, turismoa… zailtasun handiekin ari dira egokitu eta aurrea egin nahian, eta dantza? Zer gertatzen ari da dantzarekin?
Pixkanaka dantzariak kalera eta antzokietara ateratzen hasi dira udaren etorrerarekin batera, baina segurtasun neurriak bermatu ahal izateko ohiko formatuak moldatuta behar izan dira. Dantzarien kopuruak murriztu edota edukierak mugatu dira ikusleentzat. Osagarri berriak ere agertu dira, garai batean bezala, kontaktua saihesteko zapiekin atera dituzte dantzariek soka-dantzak eta, nola ez, dantzarien jantzitegiari musukoak gehitu zaizkie.
Elkar ukitu gabe dantzatu daiteke lotuan?
Dantza-entseguak, errepikak, dantzaldiak, tallerrak, eskolak edo ikastaroak egin ahal izateko orduan galderak, mugak, kezkak eta ezintasuna dira nagusi dantzaren munduan. Dantza-gelen aforoa %60an ezartzen ari da hainbat tokitan eta ondorioz, normalki bertan aritzen ziren taldeek ezin dute elkarrekin entsegurik egin.
“Zer dantzatu daiteke elkarren artean 1,5 metroko distantzia mantenduz?” galdetzen diote dantzari eta dantza-irakasle askok beren buruari. “Dantza-lotuan ez behintzat. Soka-dantzan ere nekez. XVIII. mendeko zapiak berreskuratu behar ote ditugu?”.
Taldeak ikasturte berriari ekiteko aukerak pentsatzen ari dira. Dantza gelak egokitu edo beste alternatiba batzuk bilatu beharra dago. Ibarrakaldu elkartekoek esaterako, entseatzen hasi ahal izateko 2×2 metroko eremuak markatu dituzte dantzari bakoitzak segurtasun distantzia mantendu dezan. Beste batzuek, berriz, aire librean ekin diote lanari. Udan arazorik ez, baina tenperaturak jaisten eta euria goian behean hasten denean zer egin?
.
Maskarekin dantzan
Musukoak jarrita dantzan egitea ia-ezinezkoa iruditzen zitzaien dantzari gehienei orain hilabete batzuk. Orain asko dira horrela aritzea erabaki dutenak, aukera maskararekin dantzatzea edo ez dantzatzea dela ohartuta. Dantza-eremuan ez dira oraingoz kutsatze albiste asko izan, jarduera bera ia-etenda izan baita, baina dantza praktika berreskuratzen hasi orduko hasi dira positiboak antzematen.
Neurriak neurri zaila da covid19-ari izkin egitea. Adibidez, oihartzuna izan du Espainiako Ballet Nazionalaren kasuak, bost positibo antzeman ondoren itxi egin behar izan baitute beren egoitza, instalazioak desinfektatu dituzte eta dantzari guztiak berrogeialdian dira. Ortzaizen ere kabalkadako entseguak aldi baterako eten behar izan zituzten abuztuan, herrian agertu ziren hainbat positibo kasu zirela eta.
Dantzarien egoeren berri jaso nahiko genuke. Zein dira agertu zaizkizuen ezintasunak, buruan darabilzkizuen zalantzak eta kezkak? Konponbiderik bai? Idatzi iruzkina sarrera honetan edo bidali mezua dantzari@dantzan.com helbidera zuen egoeraren berri emanez.
Dantza kinka larrian jarri du pandemiak