Dantza hipodromoan

Dantza hipodromoan

Euskal Herriko udako jaialditzarren denboraldia itxiko du Kutxa Kultur Festibalak gaur eta bihar, non eta Donostiako Hipodromoan. Orain arte beste toki txundigarri batean izan du kokalekua, Igeldon. Bertan ospatu zuen jolas parkearen mendeurrena, eta iaz beste horrenbeste urte bete zituen hipodromoan izango da hurrengo bost urteetan. Hori bai, zaldirik gabeko hipodromoan!, hasiera batean lasterketak ere egitekoak ziren arren, musika zaleek halaxe eskatuta bertan behera utzi baitzuten asmoa; lastima.

Kokaleku aldaketarekin, berritasuna ez ezik nasaitasuna ere irabazi du -8.000 lagunentzako edukierarekin- giro atsegin eta barea ikur izan nahi dituen jaialdiak. Goizaldera arteko disko jartzaileekin dantzan egiteko, esaterako, aurten ez da Gazteszenara jo beharrik izango, hipodromoan bertan jarriko baitute musika. Guztira bost oholtza izango dira festa eremuan, zirku karpapekoa eta “ezkutuan” dagoena kontutan hartuta; bost horietako bi batera izango dira martxan.

Dantza hipodromoanAntolakuntza moldeari dagokionez Kutxa Kultur Festibala hurbilago dago Azkena Rock bezalako ereduetatik EHZ-tik baino, baina Baxe Nafarroako festibalak bezala, arreta berezia jartzen du etxeko musikariengan, gipuzkoar talde hasi berriengan, batez ere; nahiz eta oholtza nagusi eta ordu hoberenetan programatu ez.

Eta afixa buruak rockera lerratuak dauden arren, izan Jesus & Mary Chain zein The Hives, festibalak pop nortasuna du, oso poperoa da. Horren adibide da ondoan duzuen Hercules & Love Affair taldea (Dena Flow-k Bilboko BBK Live jaialdian egindako argazkian).

Guzti horren isla da lagin modura azpira dakargun hamaika kantuko zerrenda, bertaratu ezin duzuenoi asteburua gozatu asmoz:

.

  • THE HIVES “Main Offender”
  • THE DIVINE COMEDY “Catherine The Great”
  • THE DRUMS “Lets Go Surfing”
  • HERCULES & LOVE AFFAIR “Blind”
  • FRANÇOIS & THE ATLAS MOUNTAINS “Grand Dérèglement”
  • LUKIEK “Amaitxu leike”
  • OSO FAN “Gaur”
  • DEPEDRO “Llorona”
  • AMATEUR “El Golpe”
  • SMOKE IDOLS “Come Clean”
  • LOOKERS “The Beating”

.

Pop doinuak nagusi

Afixa buruak aipatu ditugu lehen, eta talde entsutetsuenekin hasiko gara. The Jesus & Mary Chain eskzokiarrak 1983an sortu ziren eta ohikoak bihurtu dira jaialditzarretan. Reid anaia ilunen gidaritzapean, lan berria aurkeztuko dute, aurtengo “Damage and Joy”.

Beste aldetik, The Hives suediar talde kaliputsua, lan berririk behar ez duena oholtza gainean harroxko eta lotsagabe agertzeko. Gure playlista debutaren osteko “Veni Vidi Vicious” (2.000) laneko Main Offender-ekin hasiko dugu, The Sonics taldearen doinu batean oinarritutako kantua; orduan ezagutu genituelako eta eskandinaviar high energy uholdea gogorarazten digulako (badakizu, The Nomads, Gluecifer, The Hellacopters, Turbonegro eta beste).

.

Izen nagusien artean daude The Divine Comedy ere, Neil Hannond dotoreak gidatua –“Amelie” filmeko soinu bandan parte hartutakoa-. Ganbera pop fina jotzen duen talde irlandarra BIMEn izan zen iaz, “Foreverland” azken lana aurkezten. Bertatik jaso dugu Errusiako Katalina II.a enperatrizari eskainitako kantua, “Catherine The Great”.

.

Dantzagarriagoak da Jonathan Piercek gidatzen duen New Yorkeko The Drums taldea, freskoak eta ez hain arranditsuak. Aurten “Abysmal Thoughts” plazaratu dute, baina kanturik sonatuena debut laneko “Let´s Go Surfing” alaia dute, Volkswagenek erabili baitzuen telebistarako iragarki batean.

.

Hercules & Love Affair ere New York hiritik dator. Andy Butler disko jartzailearen egitasmoa da, unean uneko musikariz osatzen duena. “Blind” kantutzarrean, esaterako, Antonyk kantatu zuen -Hegarty, the Johnsonsekoa-, sekulako arrakasta lortuz. 2014an Bilbao BBK Liven jo zuten, sexu askatasuna eta maitasuna aldarrikatuz.

.

Orain arteko atzerritar talde guztien artean -ingelesez kantatzen dute, etxekok askok bezala-, salbuespena da François & The Atles Mountains. Taldea Bristolen sortua da, baina frantsesez kantatzen dute, Sainteseko François Marry baitute abeslaria. “Solide Mirage” lan berria irekitzen duen kantua da “Grand Dégèglement”.

.

Etxeko talde hasiberri eta interesgarri ugarik jo ohi du Kutxa Kultur Festibalean, lehen esan bezala. Euskaraz abesten dutenak ez dira asko, ordea; ezagunenak, Zea Mays. Gainontzekoen artean hautatu ditugun bi proposamenetatik lehena, Lukiek, oraindik ezer argitaratu ez duen hirukote distortsio zalea; Belako taldeko Josu Ximun Billelabeitia bizkaitarrak gidatua.

.

Skakeitan eta Beñat Igerabide ere izango dira Kutxa Kultur Festibaleko oholtza gainean, baita Oso Fan ere. Giorgio Basmatti kantu egileak euskaraz abesteko aukeratutako izena da Oso Fan, bakarka edo bikote formatuan. Sei kantuko lan bat argitaratu dute, “21´44´´”, “Gaur” abestiak irekitzen duena.

.

Love of Lesbian eta Depedro dira, gazteleraz kantatzen dutenen artean ezagunenak. Azken hau, Depedro, talde askotan jo duen Jairo Zavalak bakarlari gisa erabiltzen duen izena da. Eskarmentu eta dohain handiko musikaria da, Chavela Vargasi ezagutu genion “Llorona” herrikoia dotore jotzeko kapaza.

.

Lehen lana argitaratu berri badute ere, “Debut!”, eskarmentu handiko musikariek osatzen dute Amateur hirukote donostiarra -seikote zuzenean-, aurretik La Buena Vidan jotzen baitzuten. Pop aratza egiten dute, gazteleraz abestua, “El golpe” kantuan entzun dezakezuenez.

.

Bukatzeko, beste Euskal Herriko bi talde, honakoan ingelesez kantatzen dutenak. Batetik, Bilbo inguruko Smoke Idols, britpop doinuekin Gaztea lehiaketa ezaguna irabazi zuen orain urte gutxi –“Come Clean” izan zuten lehen singlea-. Horri esker, Bilbao Live jaialdian jotzeko aukera izan zuten.

.

Apur bat herdoil gehiago du The Lookers, Ziburuko garage hirukoteak. Lan homonimo bat argitaratu zuten iaz -bertatik jaso dugu “The Beating”-, eta The Flaming Groovisekin partekatutako zazpi hazbeteko biniloa aurten; biak ala biak Irungo Bloody Mary disko dendak argitaratuak.

.

Beste asko ere izango dira oholtza gainean, noski. Besteak beste, eta etxekoen artean, Kokoshca iruindarrak, Havoc edo Vulk; zein Vanessa Zamora mexikarra (argazkian), Jeremy Jay edo Londoneko Erol Alkan, itzal handikoa disko jartzaile erdi turkiarra.

Dantza hipodromoan Dantza hipodromoan Dantza hipodromoan Dantza hipodromoan Dantza hipodromoan Dantza hipodromoan