790eko baskoien zapalkuntza, nondik nora?

790eko baskoien zapalkuntza, nondik nora? –

Narrazioek ematen diote kolorea gure bizitzari, ilunagoa, argiagoa, dena delako kolorekoa, mezuak zer eta nola heldu zaizkigun. Iraganaz ari garela, narrazio historikoak finkatu du garaian-garaian izan ziren gertaerez dugun ikuspegia. Zalantzarik gabe 778ko Orreagako batailaren itzala luzea da, eta hortik ateratako narrazioaren tamaina izugarria, karolingiar leinuaren aintzan itxuraldatu eta puztutakoa, kasu honetan, garaile ateratako herriaren, euskaldunon kaltetan. Karl Marxen hitzen arabera jartzeko, gertaeron ‘erabilera-balioa’ handia izango zen (ondorio luzeagoak izan zituen, hala ere, 824ko Orreagako batailak), baina ‘truke-balioa’ neurrigabea, erabilera-balioaren hamaika halako. Bestelakoa da 790eko baskoien zapalkuntza, ezezaguna, narrazio-baliorik gabe geratua, baina erabakigarria ondorengo hamarkadetako Baskonian, Pirinioez bi aldeetara.

Bestelakoa da 790eko baskoien zapalkuntza, ezezaguna, narrazio-baliorik gabe geratua, baina erabakigarria ondorengo hamarkadetako Baskonian, Pirinioez bi aldeetara

790eko baskoien zapalkuntza, nondik nora?
Le Charroi de Nîmeseko irudia, Gillenen ‘buru argia’ goresten duen XII. mendeko gesta kantu ez oso zehatza

Gertaera horien guztien berri eman zituzten kronikariek,  gehienean karolingiar propagandaren iruleek, tentu handiz hautatu zituzten beren kroniketan agertu beharreko pasarteak, hori uzten dute agerian kroniken askotariko bertsioen arteko aldeek eta kontraesanek. Kronikariek, gainera, lagun izan zuten zerabilten estilo laburra, Erdi Arorako Isidoro Sibiliakoak ezarritako eskolako brevitas delakoa. Akitaniako gerrak urte asko iraun zuen (760-768), baina nekez aurkitzen dugu karolingiar osteen porrotik. Hiru mende geroagoko Moissaceko kronikako jatorrizko bertsioan, 716-769. urteak, akitaniarren eta franko karolingiarren arteko liskarren urteak zehazki,  ‘desagertu’ egin ziren eta, gero, hutsunea beste kronika batzuetako pasarteekin bete.

Annales Regni Francorumek eman zuen 778ko Orreagako batailaren berri, eta hartatik edan gainerako kronikariek, kopiatu alegia. Aldiz, ARFko lehenengo bertsioak ez du aipatu ere egiten bataila gertatu zenik, eta kronika hori geroago berrikusi izan ez balitz, ez genuen askorik jakingo ospez eta hotsez historiara pasatako baskoien eta karolingiarren arteko borroka horretaz. Berdin gertatu zen 782ko Verdengo sarraskiarekin, ARFk aipatua: lehen bertsioan gertaera latz horien gainetik mutu pasa zen; bigarren esku batek, berriz, saxoien hilketa odoltsuaren, Blutgericht eskarmentu ekintza peto-peto horren berri ematea erabaki zuen. Bada, ARF mutu da 790eko baskoien zapalkuntzaz, eta txiripaz enteratzen gara Vita Hludovici kronikaren bitartez Gillen konde-duke berriak, Karlomagnoren mandatari eta senitartekoak, baskoiak zapaldu zituela ‘abileziaz (amarruz) eta indarkeriaz’: motza da kronikariak ematen duen azalpena, tamalez ez dugu bertsio luzaturik.

Gillen, Verdengo sarraskian parte hartutako Teodorikoren anaia eta Tolosa-Garonako 790eko ordezkari karolingiar indartsu berria, frantziar mito nazional-erlijioso ere  bihurtu da, baina ilun geratzen da 790an gertatutakoa, karolingiar kronikariaren irudiko, bertan gertatuaren berri luze eta zabal ematea oso mesedegarria ez zelakoan. Zalantzarik gabe, garai horretan erabiltzen ziren agintarien justizia goreneko ekintzek argi pixka bat ematen dute Tolosa-Garonatik hurbil, beharbada Auski inguruan, gertatuko baskoien kontrako erasoaz. Lupo II.a eta Adalaric euskal buruzagiak behin bidetik baztertuta, baskoi karolingiar ordena berria sortu zen, ‘autonomia estatutu’ deskafeinatua, nahi bada, 777an saxoiei ezarritakoaren pareko, horretarako euskal nutritusak baliatuz. (Gehiago artikulu osoan, UEUko Kondairan)

790eko baskoien zapalkuntza, nondik nora?

Euskal Wikilarien Elkarteko kidea, itzultzailea