[Kafe Aleak] Julie Driscoll, Brian Auger & The Trinity “Streetnoise”

Julie Driscoll, Brian Auger & The Trinity “Streetnoise” –

.

Julie Driscoll, Brian Auger & The Trinity

“Streetnoise“ (Marmalade/Polydor, 1969)

.

ERABAKIA

Haight Ashbury, Woodstock, Trips Jaialdia, Monterey, Acid Test, LSD eta hamaikatxo gertakizun musikal eta kulturalek definitu zuten psikodelia eta mugimendu horrek mundu osoan eman zuena. 60ko hamarkadaren hasieran jaio zen, baina 1967ko udan, maitasunaren udan, heldu zen unerik gorenera.

Latza izan da ditudan disko original guztietatik bakar bat aukeratzea; jakina, denbora luzea eman dut erabakitzen eta, esperokoa zenez eta zoritxarrez, nire talde gogokoenetako asko alde batera utzi behar izan ditut, baina horrelaxe katalogatu behar da bilduma bat, disko on asko baztertuz eta, azkenik, gogoaren edo zaletasunaren arabera sailkatuz, lehenengoraino heldu arte.

Aukera honen alde egiteko aintzat hartu dut, bai lanaren originaltasuna, bai konposatzaileen eta interpreteen kalitatea, bai karpeten diseinua eta bai musikaren historiari ekarri ziotena; izan ere, gaur egun abangoardiako piezak izaten jarraitzen dute. Hala ere, azken erabakia bihotzak hartu zuen, artea lehenbizi sentitu egin behar baita, gero ulertzen eta ikasten da. Baina oinarrizkoena gozatzen jakitea da. Beraz, ladies & gentlemen, izugarrizko ohorea da Streetnoise aurkeztea, nire uste apalean psikodelia diskorik onena.

.

DISKOA 

Julie Driscoll, Brian Auger & The Trinity "Streetnoise"Zalantzarik gabe, psikodeliaren mugimenduko disko nabarmenena da hau, maisulana. 16 kantuko disko bikoitza, zein baino zein azidoagoa, tartean Miles Davisen All Blues edo The Doorsen Light My Fire, ezagunenak aipatzearren. Jakina, kantu originalak ere badaude…

Minutu eta erdiko abestiak daude, baina zazpi baino gehiagokoak ere bai, oso kontu tipikoa psikodeliaren esparruan, konposizioak inoiz amaituko ez zirela ziruditen abestiekin luzatzen baitzituzten, baina droga txarraren moduan mendean hartzen zaituzte, eta bidaia musikala amaitzean gehiago nahi izaten duzu.

.

TALDEA

Esan behar dudan lehenengo gauza da disko hau gure ustez ingeles psikodeliaren harribitxietan harribitxiena dela. Julie Driscollen ahotsa entzuteak ilea lazten dit, ahots kordetatik ateratzen den nota bakar batekin hipnotizatzeko gaitasuna du, bere sentipena benetakoa da eta horrek harantzago eramaten zaitu, Brian Augerren taldeak lagunduta. Taldearen eszenaratze, itxura eta kalitatea ezin hobeak ziren, Brian Augerren organo zorrotzak dena apaintzen zuelarik, inoiz ez baitzion akorde hatek ere ihes egiten. Erresuma Batuko Hammondaren izarra zen Auger, bere herrikide guztiek miretsia. Labur esanda: aukera baduzue entzun ezazue, mesedez! Hau zein taldearen beste edozein album edo single, ziur nago ez duzuela inoiz ahaztuko, sakonki tatuatuta geratuko zaizkizue beren dotorezia eta mistizismoa.

.

SASOIA

Sasoi hartan, AEBetako mendebaldeko kostaldea zen, gehienbat, musika psikodelikoaren gune nagusia. Zenbait ekoizle aitzindariak izan ziren talde ezezagunen alde egiten, nazioarteko izar bihurtzeko asmoz. Hori dela-eta, talde ugari hara aldatu ziren, giro azidoak erakarrita eta espaloiei, etxe okupatuei edo tabernei zerizkien lurrin artistikoak -gure kasuan musikalak- arnasteko asmotan. Orduan, Augerrek Londres hari agur esatea erabaki zuen. Londresek giro alaia zuen, baina musikariaren konposaketetarako estu samarra zen, dramatikoak ez zirenean tehnicolorrekoak baitziren, inspirazio psikodelikoaren eta Trinityren bikaintasunaren ondorioz. Streetnoise disko hau horren adibide da, belus purpura esaten zitzaion, LSD txinpartatsua, nahiz eta Londresko Advision estudioan grabatua izan zen.

.

JULIE 

Julie Driscoll abeslari eta izarra 1947ko ekainaren 8an jaio zen gure mundura, Londres hiri kosmopolita eta musikazalera, hain zuzen. Bere ahotsak Janis Joplinen indarra, Grace Slicken psikodelia, Linda Hoyleren xumetasuna eta Florence Lawrenceren interpretatzeko gaitasuna zituen; laburbilduz, ahalmen artistikorik hoberenak zituen gerora bere ibilbide profesionala izango zen horretarako.

Julie Driscollek betidanik liluratu gaitu, oholtza gaineko planta sekulakoa du, eder-ederra da, mistikoa, interpretatzeko moduak keinu egiten dio irrealtasunari, Londresko jazzaren Maria Callas da. Halakoxea da gure prima donna, Brian Augerrekin batera Streetnoise honen alma mater-a: karisma harrigarria du, bere ahotsa poesia hutsa da, zeharo perfektuak dira konposizioko mugimendu musikal guztiak, aditu eta berehala pertzepzioa iratzartzen du, tonu baxuenetik kontraltora doa, nota altu ezohikoen kolore gozotik beheko noten argilunera. Ahotsaren tinbre bikainarekin gauzatzen dituen dardarazko parabola zehatzek entzulearen arreta bereganatzen dute, erregistro guztiak harmonikoak eta ausartak dira aldi berean; nota guztiak, tonu guztiak dira bereziak, misteriozko aura batez inguratu eta ipuin miresgarri batera eramaten zaitu, Juliek transmititzen dakien barne-bakean sakonduz.

Eszenaratzea are asaldagarriagoa da, arropa hippyak jantzita, clownentzako makilajea erabiltzen du, betazalak belztuz mendeek moldatutako ametsean galdutako begirada nabarmentzeko, dantza hipnotikotan kulunkatzen da abesten duena sentituz; eta bulkatu egiten gaitu, automatak bagina bezala, bere alaitasunaren, beldurraren, maitasunaren edo bakearen bidez. Nabarmendu behar dugu, era berean, konposatzeko gaitasun handia zuela eta garai hartako gitarra akustiko jotzailerik onenetako bat zela.

Berehala murgildu zen musikaren munduan eta Giorgio Gomelsky ekoizle eta managerrarentzat lan egitea lortu zuen. Gomelsky etorkina zen, Georgian jaioa, Errusian hazia, Suitzara erbesteratua eta Italian hezia. Azkenik Londresen egokitu zen. 50eko hamarkadan bertako jazz eszenako buruetako bat bihurtu zen eta Richmondeko lehenengo jazz jaialdia antolatu zuen, munduko ospetsuenetariko bat.

Baina jotzea zen Juliek zinez desiratzen zuena. Gaztetan Jimmy Page, Jeff Beck, eta Eric Claptonen Yardbirds taldearen fan klubeko administratzailea izan zen; hala ere, luze gabe lortu zuen Gomelskyk aukera bat ematea eta zenbait single grabatu zituen, gaur egun aurkitzeko oso zailak direnak. Haien artean nabarmenduko ditugu Lovin´Spoonful taldearen Didn´t Want to Have to Do It eta Randy Newmanen If You Should Ever Leage Me izenekoa. Saio haietako batean, Brian Auger estudiora joan zen (bera ere Gomelskyren begikoa baitzen), eta Julie abesten entzun zuenean aho bete hortz gelditu zen. Harengan basapiztia bat irudikatu zuen, gure nahietara belaunikatu ordez, erasotu eta defenditzen direnetakoa. Limurtu egin zuen. Hain gogorra zuen izaera ezen gainezka egiten zuen, bere Hammond B3aren indarrarekin lehia zitekeen bakarra zen, eta ez zuen zalantzarik izan buruan zue talde berri baterako fitxatzean. 1965. urtea zen eta The Steampacket zuen izena taldeak. Kideen artean Long John Baldry eta mod gaztetxo bat, Rod Stewart izenekoa (bai! buruan duzuen horixe) zeuden, bere abestiak izugarriak ziren eta publikoak besoak zabalik hartu zituzten, baina kideen egozentrismoagatik taldea desegin zen, Londresko klubak bi urtez betetzen eman ondoren.

.

AHOTS FEMENINOAK

Argi dago, bestalde, misteriotsua den zerbaitek lotzen duela psikodelia ahots femeninoekin, emakumezkoek erruz gainditzen dituzte gizonezkoak estilo honetan; esaterako, The Doors taldeak bere lehenengo LPan (Whisky Bar) ezagutarazi zuen Alabama Song kantuaz entzun dudan bertsiorik onena zahar-zaharra zen; arbelezko disko batean dago grabatuta 40ko hamarkada baino lehen, eta Lotta Lenya izeneko emakume batek kantatzen zuen: budu hutsa.

Psikodeliaren mundu azidoan badirudi musika idazten dutenak emakumearen arimaren bidez bidaiatzen direla. Agian emakumeek beste izaki bat sentitzeko eta barruan eramateko berezko gaitasuna da hain musika mistikoa erraztasun horrekin interpratatzeko gaitzen dituena, urrun, arrotz, bakar eta ezberdin, baina haiengandik datorren zerbaiten izaeraren erdibitze moduko bat, eta haiek efektu hori ahotsezko erregistro ezinezkotan islatzea lortzen dute. Nire ustetan, naturaz gaindiko zerbait da.

.

THE TRINITY

Hastapen berezi horren ondoren Julie eta Brianek trasteak hartu eta The Trinity sortu zuten, inoizko talde psikodelikorik hoberena, ezbairik gabe. Kideen artean ziren Clive Thacker (bateria) eta Dave Ambrose (baxua), eta propio gehitu zuten metal atal bat, soinu dirdiratsuagoa lortzeko, eta zure gorputzak eta buruak oharkabean harrapa zitzaten musikak soilik sorraraz ditzakeen sentsazio horiek.

Talde honen jaiotzak rockerako ezarrita zeuden arauak aldarazi zituen, jazza, soula, folka, rhythm´bluesa eta, jakina, bere eraginik nabarmenena, psikodelia, fusionatuz. Horrekin lortu zuten gaur egun izatea musika esparru honetako talderik arranditsu eta estimulatzaileena. Orkestrazioek sortzen dituzten haluzinazio psikotropikoek Lewis Carrolen edo Tolkienen amesgaiztoen eta garai fantastikoen mundura eramaten zaituzte.

Aparta izan arren, The Trinityren ibilbidea labur samarra izan zen. Grabatu zituzten singleak The Mod Years 1965-1969 disko bikoitzean ditugu entzungai. Bertan Brian Augerrek The Stempacketekin egin zituen grabaketak ere ageri dira.

The Trinityren formazioarekin lau LP grabatu zituzten, baina Juliek hirutan baino ez zuen parte hartu: Open (1967), Definitely What (1968) eta hemen aurkezten ari garena, Streetnoise (1969). Streetnoise bi binilok osatzen dute eta banaka zein elkarrekin ezinbestekoak dira psikodeliaren zaleentzat eta edozein melomanorentzat.

Juliek parte hartu zuen beste disko horietako bati buruz hitz egingo dut, testu honen helburua horixe ez bada ere; Open, hain zuzen ere. Black Cat kantua gailentzen da, Brian Augerrek berak idatzita eta interpretatua, Hammond B3ari goitik eta behetik kea dariola eta dantzak pistan zapatak sutan jartzen dituela. Tramp kantuaren soul psikodelikoa ere nabarmentzekoa da, Lowell Fulson eta James McCracklinek idatzia, Julieren ahotsaren indarra muturreraino heltzen da. Aretha Franklinek berak inbidia izango zion Julieren ahotsaren edertasunari. Donovan Leitchen Season of the Witch ere biltzen du, ezagun-ezaguna eta hamaika bertsiotan emanikoa. Ia zortzi minutuz aritzen dira psikodelia hutsa egiten eta Juliek gogoz eta gogor erakusten du noraino hel daitekeen.

Gure Streetnoise disko bikoitz honetan Czechoslovakia izeneko kantu bikaina dago, Julie Driscollek idatzia. Abesti psikodeliko harrigarria da, sei minutu baino gehiagokoa, eta amaiera apoteosikoa du. Xume bezain elitista da A World About Colour, Julierena ere; folk kantua da, bokala eta akustikoa, gitarrak eta ahotsak entzule sibaritenen belarriak gozotzeko modukoa.

Indian Rope Man (Havens, Price & Roth), pista guztiak suntsitzeko idatzia, zoragarri entzuten da Julieren ahotsarekin eta Brianen organoarekin, honek kantuaren zama osoa bere atzamarren aparteko arintasunean jartzen duela. Begiak itxi eta hauxe imajina dezakegu: kantatzar honen performance baten erdian sartu gara inguruko eliza abandonatu batean, kolore dirdiratsuen garaia dirudien B3 organoak intsentsu usainezko irudi abstraktuak marrazteari ekin dio. Organoari gehitu zaizkio gainontzeko taldekideak erritmo sutsu eta kitzikagarriak joaz, zentzumenen dantzan, erritmo hutsa! Eszenatokian hainbesteko kea jaurti dutenez ezin da ikusi zer ari den gertatzen. Publikoak ezin dantzari utzi, argiak ñir-ñir ari dira, Hammond B3aren notek jende oldea zeharkatu dute jauzika eta estropezuka, sentsazio psikotropikoz gainezka uluka hasi eta desegin dira berriro jaiotzeko musika topaketa oniriko honetan. Argiztapenari erreparatuta, olio-lanparak beren irudiak proiektatzen ari dira gure interpreteen gainera, izaki erraldoi baten odol-isuria irudikatuz. Jarraian, Light My Fire kantuaren bertsioa entzun da, marmar fantasmagoriko horiekin; ondoren, oihartzunak, Brian Augerren introen erritmo bizkorrak protagonista izateari utzi dio bere jario bereziarekin kontakizun sutsua garraiatzeko, eta gure pertzepzioari bidea zabaldu dio, soloek fantasia akustikotan murgildu gaituzte eta ahotsak bere bidea egin du hipererrealitatearen infiniturantz.

Gure egongelara itzuliz, 5th Dimension taldeak ezagutarazi zuen Flesh Failures (Let the Sunshine In) kantua nabarmenduko dugu. Juliek arima osoa jarri zuen bertsio honetan eta gu erabateko zoriontasunera eramaten gaitu bere ahots xarmangarriak xehatzen dituen bihurgune malkarretatik, garun-azaleraino heltzen zaigun habaila sortuz eta kanpokoa jasotzeko eta bizirauteko dugun oinarrizko senera gehituz, gure adorea bizkortzeko eta bizipozez betetzeko. Barruko eguzkia dirdirarazten digu, eta gehien gustatzen zaiguna euriari begiratzea izango balitz ere, bost axola! Let the Sunshine In abesten amaituko dugu, birikiak bota beharrean.

.

BALORAZIOA

Psikodeliaren pastelaren ginga da Streetnoise, 1969 miragarri hartako harribitxia, zenbaki erotiko mitikoarena, amaitzear zegoen hippy garaikoa, eta azken batean, musikaren iraultzarena. Disko hau musika garaikidearentzat Michelangelo artearentzat izan zen gauza berbera da (adituen arabera inork ez baitu lortu gainditzea) edo, konparazio zehatzago bat egitea aldera, kubismoa arte klasikoarentzat izan zena, abstrakzioa figurazioarentzat, interpretatzeko askatasuna. Jazzari, bluesari eta aldez aurretik ezarritakoari beste ikuspuntu bat eman zion. Sormen perfekzioaren itzulerarik gabeko puntua da disko hau.

Streetnoise hitzak kaleko zarata esan nahi du, baina ez du ezer zaratatik, uste dut erreferentzia egiten diola, gehienbat, 60ko hamarkada amaierako Londresko kaleetako aldarriari, kantoietako marmarrari, lurrazpiko tabernazuloen oihartzunari. Geroztik inork ere ez du lortu kultuzko disko hau gainditzea.

Altxor musikal honen errudunak Brian Auger (0rganoa, pianoa, piano elektrikoa eta ahotsa) zein Julie Driscoll (ahotsa eta gitarra akustikoa) izan ziren. Biok Clive Thackerekin (bateria eta perkusioa) eta Dave Ambroserekin (gitarra akustikoa, ahotsa eta baxua) The Trinity osatu zuten eta publikoaren laudorioak jaso zituzten, diskoetxeek ezarritakoa irauliko zuen esperientzia musikal berrien egarri baitzen. Diskoetxe mugatzaile eta kontrolatzaile horiek etengabe zentsuratzen zuten; musikariak eskandalua sortzen saiatzen ziren, gizarte itxurazale, hipokrita eta zaharkituak ezartzen zien uztarritik lokabetu nahi zuten, eta askatasunaz gozatu adimenari, sormenari eta perfekzioari bizkarra eman gabe. Streetnoise bezalako maisulanekin lortu zuten.

Azala grabatu obskurantista bat da. Bertan taldekideak ageri dira, musikari ibiltariak balira bezala, erabat desitxuratuak, jendetza ilun eta txirotu batek inguratuak, El Boscorena dirudien marrazki horietako bat, orduak eman ditzakezulako begira, xehetasun berriak aurkitzen. Brian organo ikusezin bat jotzen ageri da, Clive danbolin batekin, atso bat leiho batetik burua ateratzen, eta tren bat eraikinen artean eta zubi batetik pasatzen. Londresko Candem Town erogarria dakarkigu burura. Ralph Steadmanek marraztu zuen diseinu grafikoaren delicatessen hau. Gozagarria ezinbestez.

Binilo zoragarri hauen karpetak harritzekoak dira. Bertan sormenak gainezka egiten du. Streetnoise-ren azalak horixe berresten du, karpeten maketazioetako diseinua eta artelana delako. Begietarako masaje honek ezinbestekoago, erakargarriago eta errazago egiten du musika estilo honekin zaletzea.

Amaitu aurretik zehaztu behar da ez dela soilik Streetnoise hau apartakoa dena, musika psikodeliko guztia ere hala da, disko txundigarriz, errepikaezinez eta ezinbestekoz beteta dago. Fanatikoentzat, adituentzat, zaletuentzat eta musika on pixka bat entzun nahi duenarentzat sortua da, zu edo ni bezalakoentzat, belarri pribilegiatuentzat idatzitako kantu bat entzun eta bere pasioa deskubritu zuen horrentzat.

Jorge Alonso (1972, Bilbo) Disko saltzailea: flamingo-records.com

“Kafe aleak” liburua erosteko

Brian Auger & The Trinity Brian Auger & The Trinity Brian Auger & The Trinity

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude