“Bost teilatu” filma jaio da

Bost teilatu filma jaio da –

‘Geuretik Sortuak’ ekimenaren lehen ediziotik ateratako azken fruitua da hau; zinegintzaren alorrekoa, hain zuzen. Adabakik ekoitzi du eta bost film labur barnebiltzen ditu.

Honakoak dira laburren izenburuak eta euren egileak, hurrenez hurren: Krak (Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola), Arnasa (Raúl Barreras), Hitzak (Josu Martinez), Erlojupekoa (Leire Egaña) eta Muga (Eñaut Castagnet).

Filma proiektuaren lehen edizio honetan parte hartu duten herrietan egongo da ikusgai, eta bakoitzean zinegile batek bere esperientzia kontatuko du. Agenda ia osatua dago honezkero.

"Bost teilatu" filma jaio daMartxoak 31 zituela, Geuretik Sortuak ekimenetik jaiotako bost film laburren bildumaren aurre-estreinaldia egin zen Leitzako herri aretoan. Bertan bildu ziren bost laburretako zuzendari, ekoizle eta ekipoko beste hainbat langile, bilduma osoa muntatu eta kohesioa eman dion Adabaki ekoiztetxea, filmaren abesti nagusia egin duen Ibil Bedi taldea, eta Udalbiltzako eta Leitzako ordezkariak.

Filmak 80 minutuko iraupena du, eta Euskal Herriko bost udalerri ezberdinetan garatu eta errodatutako laburrak biltzen ditu: hurrenez hurren, Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak zuzendutako Krak pieza Tafallan errodatu da, Raul Barrerasen Arnasa Hernanin, Josu Martinezen Hitzak Baigorrin, Leire Egañaren Erlojupekoa Galdakaon, eta Eñaut Castagnetek sinatutako Muga Beran eta Lesakan.

Doluan zentratutako drama fantastikoa da Krak, Kamikaz kolektiboko Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak zuzendua, eurak ere bertan aktore direlarik. Bi bizilagunen arteko konexioa erakusten digu, bakoitzaren etxeko animalien bitartez. Ostera dator Arnasa (Kliska filmak), Raul Barrerasek zuzendua Eneko Sagardoy eta Zorion Egileorren antzezpen bikainarekin. Basoan galdutako baserri batean bizi dira aitona eta biloba; azken hau hiritik itzulia lehena bere azken egunetan zaintzeko. Bien arteko konexioa era ederrean azaltzen digu Barrerasek bertan, identitate sexuala ere ardatz.

Josu Martinezen Hitzak (Gastibeltzak ekoitzia), zinegileak Baigorrin zuzendutako hirugarren labur historikoa litzateke, kasu honetan Bost teilatu bildumaren baitan sartu duena. Hirurogeigarren hamarkadan kokatzen da, eta lurperatutako pospolo kaxetan euskarazko hitzak topatzen dituen Michelle du protagonista, Paristik itzulitako euskalduna. Bira Produkzioak-eko Leire Egañak zuzendutako Erlojupekoa dator ondoren: umore absurdoa erabiliz kritika sozial eraginkorra egiten duen laburra: janaria banatzeko misioa duen rider batek (Belako taldeko Lore Nekane Billelabeitia aktore lanetan) bereak eta bi ikusiko ditu helmugara iristeko, Galdakaotik barrena ibiliz. 

Azken laburra da Muga; Eñaut Castagnetek zuzendua eta Gastibeltzak eta Mirokutanak ekoitzia. Kamaru afrikar gazteak Espainiako estatutik Frantziarako muga zeharkatu nahi du eta, bien bitartean, mugatik gertuko herri batean (Lesakan) gotortzen da baserritar baten laguntzaz (Kandido Uranga).

Aurre-estreinaldiaren ostean, Leitzako udalak gonbidatuta, kafea eta txokolatea hartu zuten bertaratu zirenek, lanaz eta esperientziaz solastu bitartean.

Bost teilatu Geuretik Sortuak-en parte hartu duten udalerrietan egongo da ikusgai apiriletik aurrera. Lehen geltokia Zestoa izan da, apirilaren 2an; bertan Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak euren esperientzia kontatu dutelarik; eta hortik aurrera beste hogeita bost geldialdi izango ditu lan honek, bakoitza zinegile ezberdin baten presentziaz lagunduta. Udalbiltzaren agendan edota sare sozialetan kontsulta daitezke data guztiak; Geuretik Sortuak ekimeneko gainontzeko emanaldiekin batera.

"Bost teilatu" filma jaio da

“Bost teilatu” filma jaio da

Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra