Bizitza Lurrean, Lorenzo Poli argazkilariaren begiradatik
Bizitza Lurrean, Lorenzo Poli argazkilariaren begiradatik –
Lorenzo Poli 1976an jaio zen Erroman, Italian. 2006-2020 urteen artean Londonen bizi izan da, Erresuma Batuan, 2020-21 artean Eskoziako goi lurretan, eta egun Italia eta Norvegia artean dabil. Lorenzo argazkilaria izateaz gain arkitektoa ere bada da, eta menturaz horrek begirada berezi bat eman ahal dio naturan formak eta irudiak bistaratzeko orduan.
Hasieran naturarekiko eta argazkilaritzarako zaletasun sakona bere bidaietan lantzen zuen. Ingurune natural otzanak bisitatu ditu gehienbat, besteak beste, Txile eta Patagonia, Namibia, Japonia, Groenlandia, Laponia eta Islandia. Mundu polarrarekiko lilura handia sortu dute bere lanek. Gaztetatik, ekialdeko kulturekiko eta erlijioekiko zaletasuna uztartu du: ohizko yoga praktikak Indiara eraman du hainbat alditan. Bere arkitektura formazioak eta yogarekiko zaletasunak biek eragina dute bere argazkilaritzaren sustraietan. “Espazio” kontzeptua bere interpretazio ezberdin guztietan, konposizio geometrikoa eta fenomeno naturalen esentzia espirituala ikusten dira bere argazki-lanean zehar. Minimalismo atmosferiko moduko batek barneratzen du bere produkzio artistikoa, ilun samarra da, bere irudi sortek bdute halako sentsibilitate surrealista bat.
World Photography Organisationek antolatzen duen argazki lehiaketan lehen postua eskuratu zuen paisaien kategorian, eta honakoa dio Lorenzo Poli berak bere lanaren inguruan:
“Zientziak eta erlijioa labur geratu daitezke bizitzaren mirari sinestezina azaltzeko… milurtekoen bilakaeraren bidez, lur antzua planeta bizidun bihurtu duena. Gizakiek mendeetan zehar ugalkortasunaren jainkosa gisa hartu dute Ama Lurra; ura da lurreko elementurik sinestezinena, izaki bizidun guztiak haren menpe baitaude aurrera egiteko. Ura da mundu biziaren izendatzaile komuna. Sakratuaren eta magiaren artean domatu gabeko mundu bat dago, non bizitzaren esentzia isiltasunak babesten duen, non kanpoko eta barneko mundua bat egiten duten. Hau da argazkietan atera nahi dudana. Alan Watts filosofoak zioen bezala: “Gutariko bakoitza, gizakiak ez ezik, hosto bakoitza, belar txar bakoitza existitzen den moduan, bere inguruan dagoen guztia dagoelako bakarrik existitzen da. Eta urruneko baso batera joaten bazara eta oso isilik geratzen bazara, denarekin lotuta zaudela ulertuko duzu”.