Bilbao Live jaialdiaren 17. edizioa amaitu da Kobetamendin

Bilbao Live jaialdiaren 17. edizioa amaitu da Kobetamendin –

  • 120.000 lagun baino gehiagok kontzertuez gozatu dute ostegunetik larunbatera bitartean, eta aurreko edizioko bertaratze marka hautsi dute.
  • Edizio honetako helburuetako bat jasangarritasuna izan da, ingurumenaren aldeko konpromisoan erreferentziako jaialdia baita gurea, musika ingurunearekiko kontzientziarekin uztartuta.
  • 2024an itzuliko da jaialdia, eta uztailaren 11n, 12an eta 13an izango da, beti bezala, Kobetamendin.

Bilbao Live jaialdiaren 17. edizioa amaitu da Kobetamendin Bilbao Live jaialdiaren 17. edizioa amaitu da Kobetamendin Bilbao BBK Live jaialdiak agur esan dio gaur Kobetamendiri, 17. edizio honetako hiru egunetan arrasto ahaztezina utzi ondoren bai ikus-entzuleengan, antolatzaileek adierazi dutenez. Azken hiru egun hauetan, Kobetamendi mendi enblematikoa musikaren eta emozioen zirraraz beteriko epizentro bihurtu da. Lehen mailako kontzertuez gozatu dute Bilbao Livek bildutako munduko txoko guztietako 120.000 pertsona baino gehiagok Kobetamendin eta Bereziak jaialdian. Osteguneko lehen minututik hasi, eta larunbateko azken minutura arte, esperientzia biribila izan da jaialdia, aniztasuna eremu guztietan ospatuta. Orain, Bilbao Live jaialdiak agur esan du hurrengo urtera arte, esker onez, ospakizun honetan parte hartutako guztiengan une magiko iraunkorren ondarea utziz:

Naturan erabat murgildutako esparrua: aurtengoan ere, jaialdiko headliner nagusia Kobetamendi izan da, inoiz baino presentzia handiagoa izan baitu; izan ere, agertokiak paisaiarekin uztartu dira, landare naturalez apaindu direlako (kendu ostean, apaingarri horiek konposta egiteko erabiliko dira, Balmasedan erre ziren eremuak basoberritzeko), eta soinu-egiturak, argi-egiturak eta barrak altuera txikiagoan jarri direlako, ikuspen hobea izateko eta muinoari toki gehiago emateko agertoki nagusiaren parean, anfiteatro natural modura.

Nazioarteko jaialdia: beste urte batez, ekitaldia unibertsala dela esan du antolakuntzak, herrialde ugaritatik iritsi baita jendea: publikoaren %35 nazioartekoa da, 75 herrialdetatik etorria, eta ordezkari gehien izan dituzten herrialdeak Erresuma Batua, Frantzia, AEBak, Alemania eta Italia izan dira. Espainiar Estatuari erreparatuta, honako probintzia hauetatik joan da jende gehien jaialdira: Madril, Katalunia, Kantabria eta Valentziako Erkidegoa.

Arctic Monkeys, Love of Lesbian eta IDLES taldeen kontzertu ahaztezinak izan dira larunbat honetan. Azken egunean, Sheffield-ekoen rock erritmoak eta “The Car” abestia nabarmendu dira, Love of Lesbian taldekoek argi utzi dute zergatik diren gaur egungo talde handienetako bat, eta IDLEStarrek jai-giro basatiena eraman dute jaialdira.

Kobetamendi Irteerak harrera ona izan du, jaialdira iristeko modurik dibertigarriena eta jasangarriena izanik. Hiru kilometro eta 30 minutu daude San Mamesetik jaialdiaren esparrura, BBKk eta Bilbao Live jaialdiak eskaini duten aukera berri berde honi esker; jaialdiko hiru egunetan, 3.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dute ekimenean. Klima-aldaketaren gainean kontzientziatzea, sentsibilizatzea eta horren aurka egitea ez da sekula hain atsegingarri izan.

Esperientzia gastronomikoa hobetu ei da, esparruan jateko gune berriak ipinita. Gunea nabarmen handitu denez, garagardotegiko plazatxo berezia sortu da, askotariko jakien postu ugarirekin. Puntu estrategiko horretatik, aukera gastronomikoak dastatzearekin batera jaialdiko eroaldia ikus zezaketen bertaratuek. Gainera, aurten ere, atsedengune bat egon da plazan, atseden hartu eta energiak berriz kargatzeko aukera izanik berriro ere jaialdian murgiltzeko.

Bilbao Live jaialdiaren 17. edizioa amaitu da KobetamendinBilbao Live jaialdiaren 17. edizioa amaitu da KobetamendinJende guztiak du tokia Bilbao Live jaialdian: zale leialenek, urtero-urtero joaten direnek lehenengo ediziotik hasita; gazteenek, lehen aldiz joan eta gozatzen dutenek; nazioarteko ikus-entzuleek, Kobetamendi eta inguru zoragarriak ezagututa liluratuta geratzen direnek; familiek, hasierako orduetan hurbiltzen direnek; edo kontzertuak mendi-magaletik ikusten dituztenek, eroso-eroso. Horiek guztiek osatzen dute jaialdi bilbotar honen historia berezia; aurten, gainera, sold out lortu da bonu guztietan.

Errespetuz eta kontzientziazio-maila handiagoz jokatu du publikoak: aniztasuna izan da protagonista jaialdian; mota guztietako ikus-entzuleak bildu dira naturgune berean, eta jaialdi irekiagoa, berdeagoa eta garbiagoa izatea lortu dute. Ez da gorabehera larririk gertatu jaialdiak iraun duen hiru egunetan. Ikus-entzuleak ere izan dira partaide jaialdiak egiten dituen ekintza berezietan: sarrera bakoitzetik 3€ bideratzen dira 2022. urtean Enkarterriko Balmaseda herriko mendian izan zen sutearen ondorioak leuntzera; sobera geratzen diren elikagaiak Bizkaiko Elikagaien Bankuari ematen zaizkio dohaintzan; eta migratzaileekiko sentsibilizazioa eta babesa sustatzen dira Ongi Etorri Errefuxiatuak eta KoopSF34 bitartez. Eta, aurten ere, eraso sexistarik gabeko gunea izateko lan egin du jaialdiak, “EZ DA EZ” kanpainarekin, eta Maite-Jokoa programarekin bat egin du, aisialdian eta sexu-heziketan oinarrituta, harreman sanoak sustatze aldera.

Artea izan da edizio honetako hari eroalea, Bordalo II.ren otsoak gogorarazi baitu zein garrantzitsua den ingurumena eta ingurunea zaintzea, etorkizunari begira; edo aizkolariak harri eta zur utzi zituen lehen eguneko ikus-entzuleak, autoa bitan zatitu zuenean Vicente Paredesen proiektu artistikoaren barruko performance batean. Artista horrek euskal kulturaren eta gizartearen idiosinkrasia aurkeztu du kolaborazio honetan, betiere bere ikuspegi berezitik begiratuta, SuperEuskadi proiektuan.

18. edizioak badu hitzordua: jaialdiaren aurtengo edizioa amaitu da, baina hurrengo edizioaren datak iragarri dituzte jada. Uda igaro arte itxaron beharko da artista-zerrendaren berri izateko, baina, bien bitartean, aurrera daiteke Bilbao BBK Live jaialdia Kobetamendira itzuliko dela 2024ko uztailaren 11n, 12an eta 13an.

Etengabe hobetzen ari den eta erabat eskertuta dagoen jaialdia da Bilbokoa, Last Tourrek adierazi duenez. 3.000 langile dituen jaialdi batean, beti dago zer hobetu eta zer entzun. Bilbao Live jaialdia bi mendiren bihotzean egiten den proiektu handia da; hori horrela izanik, mugikortasuna konplexu samarra izan daiteke, eguraldiak ere asko baldintzatzen du eta ekoizpen-lana erronka latza izatera irits daiteke. Ikus-entzuleen eskaera eta iradokizun guztiak entzun omen ditu antolakuntzak, eta hurrengo ediziorako kontuan izango bide dituzte.

Argazkiak: Sharon López, Vicente Paredes, Ancla Music Photo, Sergio Albert 

BILBAO BBK LIVE
#bilbaobbklive

Bilbao Live jaialdiaren 17. edizioa amaitu da Kobetamendin

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude