Betti Betelu, Lapurdiko dantza-maisu nekaezina

Betti Betelu –

Gaur egun, dantza-jauziak  –mutxikoak ere deituak–  Euskal Herriko bazter guztietara hedatzen ari dira. Ez dago bestarik dantza-jauzirik gabe. Baina oroitu behar dugu beti ez dela horrela izan. Bi Gerla Handiek eta ondorengo frantses politika zentralistak kalte handia egin zieten euskarari eta euskal kulturari. Iparraldeko euskaldun ainitzek euskaldun izatearen harrotasuna edota kontzientzia bera galdu zituzten. Euskal folklorea turistak erakartzeko afera bilakatu zen. Akulturazioa zen nagusi.

Betti Betelu

Hirurogeita hamarreko hamarkadatik aitzina, abertzale eta euskaltzaleen lanaren ondorioz, egoera pittaka-pittaka aldatzen hasi zen. Euskal dantza asko galduta edo erdi galduta zeuden, urratsak ahantzita… eta hor hainbat lagunek, kemen handiz, berreskuratze prozesuari ekin zioten. Horietako eragile bat Pierre edo Betti Betelu izan zen.

Betti Betelu Dagerre Arrangoitzeko Hehailia etxean sortu zen 1924ko maiatzaren 14an, zazpi anaia-arrebetan bigarrena izan zelarik. Gaur biziko balitz, maiatzean, larogeita bederatzi urte beteko lituzke. Aita Jean Baptiste Betelu zuen, Ahetzeko Mandategia etxeko familiakoa eta ama,  Maina Dagerre, Arbonan sortua. 1946. urtean, Betti Betelu Valentina Viana (Bitta deitua) miarriztarrarekin ezkondu zen. Bitta sortzez Bribieskaren ondokoa bazen ere, 1936ko gerlan, gaztea zelarik,  Miarritzera bizitzera etorria zen. Sei seme-alaba eduki zituzten: Mikel, Gérard, Maite, Txomin, Sérge eta Valèrie.

Betti Betelu
Betti Betelu

Lanbidez, hasieran, okina izan zen, eta gero arropak saltzen aritu zen Baionako Pilori plazan zen Maison Roger-entzat. Horretarako etxez etxe ibiltzen zen. Ondotik, bere kontura ezarri zen gauza bera egiten. Zaletasunez, gazte urteetan Betti pilotari aritu zen. 1944an, hogei urte zituela, Oldarra taldean sartu eta hor euskal dantza sakon ezagutzeko aukera ezin hobea eduki zuen.  Aipatu taldean bederatzi urtez dantzari aritu ondoren, taldea utzi eta Miarritzen Bi Harri dantza taldea eratu zuen. Talde horretan 1960. urtera arte aritu zen buru-belarri. Gero, dantzarik gabeko bederatzi urteko aldia hartu zuen. 1969an Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteak dei egin zion hil berria zen Peio Colombet elkarteko lehendakariaren omenezko ekitaldi bat presta zezan, eta elkarte horretan jarraitu zuen dantza-maisu gisa 1990. urtera arte, hau da, Heriok gure artetik eraman zuen arte. Miarritzen hil zen, bihotzekoak jota, San Martin trinketean, pilota partida bat ikusten ari zela. Hil zelarik hirurogeita sei urte zituen. Arrangoitzeko hilerrian ehortzi zuten.

Begiraleak elkartean burutu zuen lana ikaragarria izan zen. Pierrot Gil adiskidearekin batera, Euskal Herri osoa zeharkatu zuen ikerketa handiak eginez, hilzorian ziren dantza-jauziak osatu, berpiztu eta zabaldu zituen, Lapurdiko inauteria ahanzturaren iluntasunetatik atera eta piztu zuen 1974an Begiraleak elkartearen bidez berriro plazaratuz, bestelako dantza ainitz berreskuratu edo moldatu egin zituen; azken horien artean, gogora ekartzekoa da Lapurdiko fandangotik abiatuta, gaur Euskal Herri osoan famatua den fandango zoragarria. Begiraleak elkartearen 50 urteren kari, plazaratu zuen lehen aldiz. Herriak Betti Beteluren fandangoa deitzen dio.  1979an Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak Lehen Mutxikoaren Eguna antolatu zuen Bidarten, eta bera hor ibili zen gaur horren ospetsua den egun horren antolakuntzan. Orduz geroztik, ekitaldi hau urtero antolatu da, urriaren bigarren igandean, baina Arrangoitzen, hau da, Beteluren herrian.

Horretaz guztiaz gain, astero berrogeita zortzi ordu pasatzen zituen dantza erakusten Begiraleak elkartean eta azken urteetan baita ikastoletan ere. Guztira sei mila ikasle baino gehiago trebatu omen zituen.

Ikus dezakegun bezala, Betti Beteluk egin zuen lana izugarria izan zen, euskaldunok inoiz bere neurrian eskertu ahal izanen ez dugun lan oparo eta aberatsa. Horretan kontziente izaki, hainbat ekintza eta ekitaldi antolatu dira hor-hemenka arrangoiztarraren omenez eta oroitzapen onez. Begiraleak elkarteak bere dantza areto nagusia  “Betti Beteluren sala” izenaz bataiatu zuen elkartean urte luzetan maisu paregabea izandakoaren oroigarriz.

1995.urtean, Begiraleak elkarteak, elkartearen 60. urteurrenaren kari, liburu eder bat plazaratu zuen elkartearen historia eta kultur ekarpenak azalduz. “Begiraleak 60. urtez Lapurdiko folklore-ohiduren begirale” izena zuen. Liburu horretan kapitulu oso bat (127-143. orr.) Beteluri eskaini zioten.

Betti BeteluKapituluaren hasieran honako azalpena ematen zuten: “Mutxikoak (edo dantza-jauziak) dantzatzekotan, ezagutu behar dira urratsen segidak, eta batzuk nahiko luzeak dira. Horrengatik, dantzari-gidari batek gora erraten ditu urratsak, eta gaur egun mutxikozale gehienentzat bere funtzioa beharrezkoa da. Betti Betelu Lapurdiko azken dantzari-maisuak berreskuratu zituen dantza-jauzi urrats ainitzen segidak. Egin zuen lan izigarriari esker, hemen ditugu zinez mutxiko batzuen ohiko urratsak. Bainan bertze batzuetan jadanik betiko galduak zirelako, asmatu behar izan zituen zati batzuk. Parte horiek eskas izanagatik galtzekotan ziren dantza-jauzi zonbait. Gaur egun berari eskerEuskal Herriko plazetan dantzatzen ahal ditugu. Argitaratzen ditugu hemen, Betelu jaunak azken urteetan utzi zizkigun mutxiko urratsen segidak, eta geroztik Begiraleak taldean zaintzen ditugunak.”  Ondorengo orrietan, urrats guztiak emanik, Beteluk osatutako eta zabaldutako dantza-jauziak, urrats guztiekin, oso-osorik, eskaintzen zizkiguten: Ainhoarrak, Añuar ttipia, Azkaindarrak, Hegi, Lapurtar motxak, Lapurtarrak, Mariana, Millafrankarrak, Mutxikoak, Orzaiztarrak, Ostalerra, Teilagorri eta Zazpi jauziak. Orotara hamahiru dantza-jauzi.

2010eko maiatzaren 2an, Dantzari Eguna izan zen Lapurdin, Baionan, hain zuzen ere, eta Betti Beteluren heriotzaren 20 urteen kari, sekulako omenaldia egin zioten. Ez dezagun ahaztu, arestian aipatu dugun Mutxikoaren Eguna. Urtero, urriaren bigarren igandean, Arrangoitzen, goizeko euskal meza bukatu ondoren eta eguerdiko dantza saioa hasi aurretik, senide, adiskide eta antolatzaileek lore eskaintza egiten baitiote bere hilobian.

Lapurdik eta Euskal Herri osoak asko zor dio Arrangoitzeko dantza-maisu edo errejenta handiari, bera izan baita, neurri handi batean, euskal dantza herrikoia izaten ari den loratze berriaren bultzatzaile nagusienetako bat. Beteluk dantza-jauziak berpiztu eta indartu zituen Lapurdiko kostaldean, eta herritarrek maisu handiaren suzia hartu eta Euskal Herri osora zabaldu dute. Eta zer esanik ez Lapurdiko inauteriaren berpizte handiaz.

Nire aldetik, esan beharra daukat, Betti Beteluren fandangoa entzuten edota ikusten dudan aldiro, zirrara zoragarria sumatzen dudala bihotzean, Beteluk piztutako suak eragiten didan zirrara xarmangarri eta alegera. Agur eta ohore Lapurdiko dantza-maisu handiari!

Betti Betelu
Betti Betelu
betelu, betti, Betti Betelu, dantza, dantzak, euskal dantzak, folklorea, Lapurdi
Joseba Aurkenerena

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

2 pentsamendu “Betti Betelu, Lapurdiko dantza-maisu nekaezina”-ri buruz

  • Txapela kentzeko moduko lana denaren aurka lan eginez gure izaera indartzen dutenena. Gure Herriak konpromezua eta lana behar ditu, hitz gozoak bainoago.

  • Joseba Aurkenerena
    Joseba Aurkenerena 2018-07-16 17:32

    Serge Betelu semeak jakinarazi didanez, Betti Betelu ez zen hil pilota partida bat ikusten ari zela, partida jokatzen ari zela baino.
    Barka ezazue nire akatsa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude