Banatzailearen diruak

dirua4.jpg

Segi dezagun egunotako geure adibidearekin: 15.000 euroko negozioa dugu esku artean, puntako euskal idazle baten azken eleberriaren 1.000 ale saltzeak ekarri diguna, izan ere, 15 eurotan jarri diogu prezioa liburuari. Hortik, esan dugu, 1.500€ ateratzen ditu egileak, 2.500 editoreak eta 22,5 liburudendakoak. Baina zenbat ateratzen du banatzaileak?

Banatzailearen zatia ere %25 izaten da normalean. Beraz, liburudendakoarena bezala, 3.750€ da bere zati teorikoa. Baina, ai, ai, ai, banatzaileak ere gastu izugarriak ditu (almazena, autoak, soldatak, logistika…). Nola kalkulatu hori zenbat den? Ez eta arrastorik ere, baina, zerbait jartze aldera, jar diezaiogun liburudendakoari jarri diogun galera berbera, jarriko dugu berezko gastuak 1’5€ jaten diola banatzen duen liburu bakoitzetik, alegia, 1.500€ kendu behar zaizkiola bere diruari (zergak aparte), hots, 2.250€ geratuko zaio, kasurik onentxoenean. Bistan da banatzaileak ere ez duela erosiko txaletik puntako euskal idazlearen azken eleberriaren 1.000 ale banatzearekin. Gainera bere lepotik egin beharko ditu liburudendakoaren kobrantzak (editorearentzat) eta baita ere saldu ez diren liburuen itzulerak (editoreari). Baina, bai, utz dezagun horretan, 2.250€ ateratzen dituela berak.

Kontuak merezi du begirada maltzurrago bat. Orain arte honela goaz: egileak 1.500€, editoreak 2.500€, liburudendakoak 22,5€ eta banatzaileak 2.225€. Txaletik ez dago inorentzat, baina, ai, ai, ai, banatzaileak ez du puntako euskal idazlearen azken liburua bakarrik banatzen. (Dendakoak ere ez duela hori bakarrik saltzen, esango didazue arrazoiarekin, adibideak ez duela balio. Et, et, et, dendakoak mila liburu desberdin saldu beharko ditu banatzailearen banaketa bakar honen irabazia berdintzeko). Ez, banatzaileak beste ehun liburu, edo berrehun, edo hirurehun… desberdin banatzen ditu aldi berean eta bakoitzarekin irabazten du gure adibidearekin irabazten duena. Bingo! Badakigu nork eros dezakeen txaleta euskal literaturaren irabaziekin!

(Hurrengo atala eta oraingoz azkena: JAURLARITZAREN DIRUAK)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)