Liburudendakoaren diruak

dirua3.jpg

Aurreko egunetan erabilitako adibidearekin jarraituko dugu gaur ere: 15€ balio duen liburu beraren 1.000 ale saltzearekin, alegia. 15.000 euroko negozoiaren banaketaz dihardugu, beraz. Hortik, esan dugu, 1.500€ ateratzen ditu egileak, eta 2.500€, dena ondo joanda, editoreak. Baina, zenbat ateratzen du liburudendakoak?

Normalean %25 izaten da liburudendakoarentzat. Beraz, 3.750€ da beraren zati teorikoa. Baina, ai, ai, ai, dendariak ere gastu handiak eduki ditzake: aretoa, soldatak, azpiegitura… Nola jakin hori zenbat den? Ez eta arrastorik ere. Zifra bat jartze aldera, jarriko dugu 1’5€ jaten diola saltzen duen liburu bakoitzetik, alegia, 1.500€ kendu behar zaizkiola bere diruari (zergak aparte), hots, 2.250€ geratuko zaio, kasurik onentxoenean.

Baina, nola etorri zara honaino engainaturik, alua.mundua.com-eko irakurle dohakabe hori? Ezagutzen al duzu euskal eleberri baten 1.000 ale saldu duen liburudendakorik? Zenbat sal ditzake? Bost ale? Hamar ale? Jar dezagun baietz, hamar ale saldu dituela. Beraz, ale bakoitzeko 2,25 delarik irabazia, 22,5€ irabaziko ditu berak guztira (zergak aparte), hemen darabilgun adibidetik. Bistan da liburudendakoak ere ez duela erosiko txaletik erakusleihoan jarri duen puntako euskal idazlearen azken eleberriarekin. Ehunka beharko ditu halakoak eta hobeak, kaxa apur bat egin ahal izateko. Horregatik ixten dira liburudendak gurean.

(Hurrengo atalak: BANATZAILEAREN DIRUAK, JAURLARITZAREN DIRUAK)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Liburudendakoaren diruak”-ri buruz

  • Beharbada, aurreratzen ari naiz eta zain egon beharko nuke “Banatzailearen diruak” atala argitaratu arte, baina inor gutxik dakien kontu bat plazaratu nahi nuke gai honi buruz.
    Egia da Liburudendaren eta Banatzailearen artean salneurriaren erdia jasotzen dutela, guti goiti beheiti. Kontua %50 horretatik bakoitzak zenbat jasotzen duen, gorabehera handiak direla. Duela hogei bat urte, erdi eta erdi egiten zuten saltzaileak eta banatzaileak (hortik ateratzen da Hasierrek aipatzen duen dendarientzako %25a). Baina, azken urteotan gero eta diferentzia handiagoa dago liburudenda batzuetatik bestetara, denda bakoitzaren salmenta kopuruaren arabera. Gaur egun, %10-%40koa izan daiteke kasu batetik besterako aldea. Dendak zenbat eta gutxiago saldu, orduan eta tartaren zati txikiagoa jasotzen du.
    Ikuspegi ekonomizista batetik, badu bere logika: furgonetak berdin egin behar bidaia, 2 liburu salduko dituen dendara edo 200 salduko dituenera. Kostu asko berdinak dira bi kasuetarako. Horrela, megadendek (FNAC, Eroski, Elkar), %40rainoko marjina jaso dezakete; herri bateko denda txikiak, aldiz, %10a besterik ez.
    Ikusegi ez-ekonomizista batetik, alarmagarria iruditzen zait, eta kezkatzekoa. Haatik, horixe da errealitatea.

  • Liburudendak, Hasier, euskal liburuez gain erdarazkoak saltzeari esker bizi direla esaten ari zara, ezta? Aitzitik, euskarazko argitaletxe zenbaitek ez dute erdarara jotzeko liburudenda gehienen pagotxarik. Alde makala dago, gero.