Azkena Rock, hamaika gitarra

Azkena Rock, hamaika gitarra –

 

Van Morrison da azaleko argazkian dugun morroia, jada 72 urte dituen Belfasteko Lehoia, eta munduko ahotsik estimatuenetakoa. Bera izango da aurtengo Azkena Rock jaialdian izarrik dirdiratsuena, eta Mendizabalan oholtzaratuko diren artista guztien artean gitarra jolea ez den ia bakarra, zerbait izatekotan, gitarren jaialdia baita Gasteizkoa.

Azkena Rock, hamaika gitarraAzken lana, “You´re Driving Me Crazy”, Joey Defrancesco jazz musikariarekin batera argitaratu duen gizonak Euskal Herrian joz hasiko du udako bira, Europan eta AEBetan barna egingo duena. Van Morrison Them taldearen edo bakarkako lehen diskoetatik urruti samar dabil estilistikoki, baina gero eta nabarmenago dagoen kontu bat frogatzera dator, rock & rolla zaharren kontua dela egun. Entzuleak 50 urte bueltakoak dira jada, eta oholtza gainekoak are zaharragoak.

Gainontzean, aspaldiko lagunen bisita jasoko du Azkenak, ohi bezala. AEBetan The Stoogesekin batera punk musika lehertarazi zuen MC5 taldeak -egonak dira Gasteizen aurretik ere- “Kick Out the Jams” mitikoaren 50. urtemuga ospatuko du -datorren urtean beteko ditu-, Wayne Kramerren gidaritzapean eta, antza, Zen Guerrillako kantari izandako Marcus Durant (!!!) gonbidatu dutela MC50 bihurtuta. Eta Urge Overkill taldeak -bai, “Pulp Fiction” filmerako Neil Diamonten “Girl, You´ll Be a Woman Soon” joz sona lortu zuenak-, bi hitzordu izango ditu jaialdian. Bata, 25 urte bete dituen “Saturation” lana oso-osorik jotzeko, eta bestea… iaz zendutako Tom Petti omentzeko!

Ez da faltako Australia eta Eskandinaviako rockaren ordezkaririk Gasteizen. Tex Perkinsek gidatutako The Beasts of Bourbon etorriko da antipodetatik, eta Gluecifer -hamar urteren buruan berriro elkartua-, Turbonegro ilunekin batera, Norvegiako hotzetik; eskarmentu handiko bandak, Azkena zaleentzat oso ezagunak.

.

Euskal ordezkaritza

Etxeko taldeei dagokienez, erritmo beltzak joko dituzte eszenatokietara bueltan diren The Allnighters gasteiztarrek, eta 25. urtemuga ospatuko du sasoi betean den Nuevo Catecismo Catolico punk taldeak; lehenak ingelesez eta bigarrenak gazteleraz. Euskara Berri Txarrak eta Tutan Come On -arabarrak hauek ere, stoner doinuak joz Nebulak bezala- taldeen ahotik entzungo da. Azkena Rocken izango diren talde guztien artean, gainera, Lekunberriko hirukoteari baino ez diogu ikusten, egia esateko, zale berriak eta gazte jendea Azkenara erakartzeko besteko indarra.

Euskal Herrikoa da Mamagigi´s ere, Rival Sons eta The Sheepdogs kanadiarrekin batera milurteko honetan sortutako talde gazteak, eta beraz, Azkena jaialdian lehen aldiz  joko duten apurrenetakoak. Bizkaitarrek jaialdian ezin falta diren country soinuak joko dituzte, Dead Crossek hardcorea, Lords of Altamontek garajea, Thee Hypnoticsek sikodelia edo Man or Astro-Manek surf doinuak bezala; jaialdiko bitxienetakoak, azken hauek.

Popera lerratuago dago, nolabait esateko, Steve Wynnen The Dream Syndicate taldea, bi hamarkadako isilunearen ondotik “How Did I Find Myself Here” lan berriarekin datorren talde itzaltsua. Eta bluesera Chris Robinson Brotherhood, duela gutxi Kafe Antzokian jo zuena. Kasu, sekulako musikaria da bere inguruan talde berria eratu duen Robinson jauna, The Black Crowes-eko kantari eta gidaria, Rich anaiarekin batera.

Azkena Rock jaialdian entzungai izango ditugun taldeak zerrendatu nahi izan ditugu, ez guzti guztiak, eta hamaika kantu aukeratu -jarraian dituzue, zuzeneko emanaldietako bideoetan-. Hasi bezala bukatzeko, hamabigarrena besteak beste “I Love Rock N’ Roll” hit ezagunari esker rock and rollaren ikonoetako bat denak emango digu, 60 urte betetzear den Joan Jett-ek -bere webgunean Gasteizen beharrean Bilbon kokatzen du Azkena Rock-. Lehen aldiz izango da Mendizabalan, rockaren historian txoko propioa duen Mott The Hoople bezala.

Joan Jett & The Blackhearts izan genuen Azkenak 17. ediziorako iragarri zuen lehen afixa burua. Iragarpena iaz jaialdiak izan zituen kritikei erantzuteko modua zela iruditu zitzaigun batzuei, salaketak izan baitziren emakumeek oholtza zapaldu ez zutelako, ezta batek ere. Tamalez, ez zuen Jettekin irekitako bidetik jarraitu jaialdiak, eta aurten emakume bakarra izango da eszenan. Premiazkoa du aspektu hau lehenbait lehen zuzentzea Azkena Rock Festivalak, baita gainontzeko musika jaialdiek ere.

.

Van Morrison “Moondance”

.

The Sheepdogs “Nobody”

.

Chris Robinson Brotherhood “Behold the Seer”

.

Urge Overkill “Positive Bleeding”

.

The Dream Syndicate “Filter Me Through You”

.

Berri Txarrak “Spoiler!”

.

Mamagigi´s “Homeless”

.

Beasts of Bourbon “I Don´t Care”

.

Gluecifer “I Got a War”

.

Nuevo Catecismo Católico “Prefiero estar en el suelo”

.

MC50 “Kick Out the Jams”

.

Joan Jett “I Hate Myself for Loving You”

Azkena Rock, hamaika gitarra Azkena Rock, hamaika gitarra Azkena Rock, hamaika gitarra
Azkena Rock, Gasteiz, jaialdiak, musika, Rock

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude