Azkena Rock jaialdiko emakumeak

Azkena Rock jaialdiko emakumeak

Azkena Rock jaialdiko emakumeak
The Cramps taldeko Poison Ivy, rock & rollaren ikono.

Udarekin batera, jaialditzarrak heldu zaizkigu Euskal Herrira, Azkena Rock festibalarekin hasita.

Aurten kalapita sortu du asteburu honetan 35.000 rockzale erakarri eta bukatu berri den Gasteizko jaialdiak, oholtzan izan dituen talde guztietan emakume musikari bat bera ere ez zegoela-eta (Zuzeun bertan ere landu du gaia, Gaztezulok).

Lehendik ere, jaialdietako oholtza gainean izaten den emakume musikari kopurua urria bada, zer esanik ez jorratutako musika rocka bada. Hurrengo urteetarako konponbidean jarri beharko den kontua, eragin duen kezkari erreparatuta.

Guztiok ohartzen gara askoz sakonagoa den arazo baten icebergaren punta baino ez dela jaialditzarrena, baina udalen aldetik diru laguntza eskuzabalak jaso ohi dituztenez, hauek hartu beharko dute gutxieneko kopuru batzuk bermatzeko ardura. Emakume musikariena, etxeko taldeena bezala, besteak beste gure hizkuntza ere bozgorailuetatik entzuteko.

.

Azkena Rock jaialdian jo duten hamaika emakume

Baina arazoa aztertu edo konponbideak proposatu baino, sarrera honetan, aurreko hamabost ediziotan Gasteizko Azkena Rock jaialdian jo duten emakume musikari batzuk aurkeztera gatoz (eta kantu zerrenda bat). Gitarren festibalean parte hartu duten hamaika emakume, taldeburu edo taldekide apal; The Jayhawkseko teklatu jole Karen Grotbergetik The Cramps taldeko gitarra jole Poison Ivyraino.

.

The Jayhawks

Taldea Gary Lourisek gidatzen badu ere (lehen Mark Olsonekin batera), ez dago Minnesotako boskotearen magia ulertzerik Marc Perlman, Tim O´Reagan eta Karen Grotbergen partaidetzarik gabe; abeslari eta musikari bikainak guztiak ere.

Beti Hammond teklatuaren atzean, Karen Grotbergek Soul Asylum, The Black Crowes edo Davies anaiekin ere jo izan du (The Kinks), eta The Jayhawkseko kide da 1995eko “Tomorrow the Green Grass” goraipatutik; lan horixe izan zuten ardatz 2008ko Azkenako zuzenekoan (bigarren aldia zuten), Olson berriro taldean zela.

Grotbergek kantu gutxi batzuk sinatu ditu americana soinuaren kultuzko taldean, “Smile” eta “Paging Mr. Proust” azken lanean.

.

Lucinda Williams

Lucinda Williams (Louisiana, 1953) ausartzia handiko emakumea da, itxura hauskorra badu ere. Egungo alt-country musikaren ama ponteko, bera da seguruenera, zerrenda honetan dauden guztietatik pisu gehien duen izena, musikagintzan utzi duen arrastoari erreparatuta.

2009an zapaldu zuen Euskal Herria aurrenekoz; “Little Honey” aurkeztu zuen Kafe Antzokian, herabe samar (gerora beste behin itzuli da bertara). Eta iaz Gasteizko Azkenan, kapela eta guzti.

Mrs. Williamsen argazkia da sarrera honen azalerako hautatu duguna.

.

Kitty, Daisy & Lewis

Durham anai-arrebak Londonekoak dira, eta musikariak dituzte gurasoak ere (zuzenean beraiekin batera jotzen dute aitak eta amak ere). Atzera begiratu eta lehen garaietako doinuak jorratzen dituzte, 50-60 hamarkadakoak -analogikoan baino ez dute lan egiten-; rockabilly revival.

Daisy eta Kittyk denetarik jotzen dute (ukeleletik bateriara), eta nerabezarotik dabiltza oholtzatik oholtzara. 2010ean jo zuten Gasteizen, artean ahizpetan gaztena adin txikikoa zela.

“Superscope” izeneko lan berria argitaratzear dira.

.

Sallie Ford & The Sound Outside

Sallie Ford Oregonetik dator (AEB) eta raw soul doinuak jotzen ditu laukotean; bere itxurak iradokitzen duena baino indartsuago.

2011n egin zuen debuta, eta iazko udazkenean BIME jaialdian jo zuen Barakaldon, lehenengoz Euskal Herrian, udan Gasteizko Azkenan izan baino lehen. “Slap Back” zuen aurkezgai.

“Soul Sick” plazaratu berri du.

.

Imelda May

Irlandar kantariak jada ez darabil rockabilly estetika (ez du jada ile sorta horirik kiribiltzen), eta itxurarekin batera baita sonoritatea ere; “Life Love Flesh Blood” azken lana askoz otzanagoa baita, U2ko Bonoren aholkularitzarekin egina.

Mayk sarri jo du Euskal Herrian. Aurten BBK Legends jaialdian, iaz Azkena Rocken (bigarrenez) eta aurretik BIMEn, Halloween zela-eta,  Morticia Addamsez mozorrotuta. Datorren astean Pirineos Sur-en izango da.

Irlandarra bodhrán jolea ere bada, herri musikan erabili ohi den panderotzarra.

.

The Breeders

Emakume baxu joleez galdetuz gero, laster agertuko da Kim Dealen izena erantzunen artean. Pixies taldeko baxu joleak ahizpa bikiarekin batera osatu zuen taldea da The Breeders -sorreratik gaur egunera arte taldean mantendu den musikari bakarra da Kim bera-, non gitarra jotzen duen.

Taldeak ez du diskografia zabalegirik, baina sekulako arrakasta izan zuen “Last Splash” (1993) laneko “Cannonball” hit ikaragarriarekin.

Gasteizko Azkena Rock jaialdian 2009an jo zuten.

.

Blondie

Aurkezgai ditugun artisten artean dirdiratsuena dugu Debbie Harris, Blondieko izarra, ez ditu alferrik 50 milioi lan saldu taldeak. New Yorken sortutako new wave mugimenduaren partaide, CBGB bezalako aretoetan hartu zuten eskarmentua.

Chris Steinekin batera, jatorri mexikarra duen Deborah Ann Harry Márquez (Miami, 1945) kantari eta antzezlea izan da Blondie taldearen gidari, eta ondorengo belaunaldientzako, rockaren mito.

Taldea 70eko hamarkadan sortua bada ere, jarraitzen du lan berriak argitaratzen; azkena, aurtengo “Pollinator”. Azkena Rocken 2014an jo zuten (aurretik Bilbao BBK Liven ere izanak ziren).

.

The Bellrays

Bikote batek gidatzen duen taldea da The Bellrays, Lisa Kekaula ikusgarriaren soul ahotsak eta Bob Vennumen punk gitarrak -baxua ere jo izan du, biraren arabera-; senar emazteak dira.

Azkenaren estreineko edizioan jo zuten Gasteizen, 2002ko irailean, jaialdia aterpean egin zen hartan (gaur Jimmy Jazz deitzen den aretoan). Harrezkero, beti errepidean Bergarako Jamen, Bilboko Kafe Antzokian, Donostiako Intxaurrondon, Iruñeko Zentralen… eta EHZ festibalean ere jo izan dute.

Gurean sarri jotzen dutela-eta, elkarrizketa egin zien El Correo egunkarian Oscar Cubillok: “Euskaldunok maite duzue dantzan egitea!”, ihardetsi zion Kekaulak.

.

L7

Riot Girrrl mugimenduaren aitzindari, Azkena Rock zapaldu duen talderik gordinenetarikoa dugu Danona Sparks buru duen L7 –ez duzue sekula entzun tanpoi erabiliaren afera?-, emakumez osatutako taldea (Sparksekin batera, Suzi Gardner, Jennifer Finch eta Demetra Plakas).

Punk jarrerarekin, bete-betean grunge mugimenduan murgildu ziren, eta Epitaph zein Sub Pop sonatuekin argitaratu izan dituzte lanak. Esanguratsuena, “Pretend We´re Dead” gordetzen duen “Bricks Are Heavy” (1992).

Duela bi urte, 2015ean jo zuten Azkenan; sasoi ona erakutsi zuten.

.

Niña Coyote eta Chico Tornado

Koldo Soret eta Ursula Strongek -hauxe du oholtzarako izena Uxuak-, azken honek Zuloak egitasmoa bukatu berritan sortu zuten taldea, Niña Coyote eta Chico Tornado, horren berezia den gitarra-bateria bikote formazioan (The Black Keys, Inspector Cluzo, Miyavi, The White Stripes…).

Ibilbide laburra duten arren, nazioarteko birak egin eta jaialditzarretan jo dute beraien stoner musika -baxurik gabekoa!-, Primavera Sound eta Azkena Rocken (2014an) eta Bilbao BBK Liven… hamabost egun barru.

“Eate” dute azken lana, biniloan emana.

.

The Cramps

Rock & Roll musikaren ikono handietako bat Lux Interior eta Poison Ivy bikote banaezinak osatzen du. Psychobilly delakoaren aitzindari, laukotea 70eko hamarkada erdialdera sortu zen, eta 2009an eten zuten ibilbidea, Lux Interior hiltzean.

Taldearen ezaugarrietako bat da Kristy Marlana Wallacen (aka Poison Ivy) gitarraren fuzz soinua, Gretsch handi batekin jotzen zuena.  Bateria eta baxu joleen artean ere sarri emakume musikariak izan zituen The Cramps-ek.

Mendizabalan gauzatu zen lehen edizioan jo zuten Azkena Rocken (jaialdiaren bigarrenean), artean irailean, eta segidan The Stoogesek hartuko zuen oholtzan. Gogoangarriak, bi taldeen zuzenekoak.

.

Azkena Rock 2002an sortu zenetik, bertako oholtzan izan ditugun emakume musikari batzuk ekarri nahi izan ditugu Zuzeura, eta aitzakiarekin musika zerrenda bat osatu, bi ordu ingurukoa (azpian duzue, hamaika talde eta hiruna kantu).

Tantaka-tantaka izan bada ere, badira Mendizabalan jo duten emakume gehiago, oso gutxi izan direla onartuta ere. Besteak beste, Juliette & The Lips (Juliette Lewis), Stacey Earle & Marc Stuart, Las Furias, Sex Museum (Marta Ruiz), Las Culebras, Marah (Christine Smith)… taldeetako kideak.
.

Oholtza gainean


Azkena Rock jaialdiko emakumeak Azkena Rock jaialdiko emakumeak Azkena Rock jaialdiko emakumeak
Azkena Rock jaialdiko emakumeak Azkena Rock jaialdiko emakumeak Azkena Rock jaialdiko emakumeak
azkena, emakumeak, jaialdiak, musika, Rock

3 pentsamendu “Azkena Rock jaialdiko emakumeak”-ri buruz

  • joseba garcia 2017-06-25 20:47

    Nik dakidala zazpi mila milioi genero daude. Zer matxista eta binarioak ezkertiar hauek…

  • Kristoren lata daukazue sexua eta generoarekin. Pertsona bakoitzak hankatartean daukanaren inguruko fijazio hori ez dakit erreprimitutako zer edo zerren erakusgarri izan daitekeen. Nik, zuek banintz, begiratu egingo nuke bada ez bada

  • Ze mania ia inori axola zaizkien gauzak ikusteko/entzuteko kuotak ezartzearekin, segi dezagun erakargarriak ez diren gauzak sustatzen lau feminista (ekonomikoki) pozteko …

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude