Auzmendi: “Euskaraz bakarrik bizi nahi duenarentzat medio guztiak jarri behar genituzke”
“Gaur eta hemen” euskararen diagnosia eginaz hasi zuten Baztarrikak eta Auzmendik mahai-ingurua Aizkoate kultur elkartean Jon Aizpurua kazetariak gidaturik. “Zenbaitek aitortu baino hobea, askok nahi luketen baina makalagoa” da egoera Baztarrikaren begietara, “hazkunde baten kronika izan da euskararena”. Euskararen egoeraren argiak deskribatu zituen Baztarrikak, eta Auzmendik ilunetara jo zuen, berak esan bezala: “Ezagutzan gora egin da, baina erabilerarako saltoa da gehien kezkatzen nauena”. Bide “oso luze” horretan aurrerapausoak emateko, “Patxiren [Baztarrikaren] garaian harturiko bideari jarraituko diogu”. Argi du helburua: “Indar politikoen eta gizartearen euskararekiko atxikimendua ondo engrasatzea”.
“Hi Patxi”; “lasai, neska”
Diskurtso aldetik, ez egungo sailburuordeak ez lehenengoak ez zuten berritasun handiegirik ekarri, baina formak, giroak, manerak ezohikoagoak izan ziren. “Hi Patxi, egon hadi eta ikusiko duk gure sailean legegintzaldi bukaeran ze nota ateratzen diagun”. “Lasai neska, nik bazekinat hik benetan lanak ondo egin nahi ditunala, baina nire gainetik Ibarretxek agintzen zinan eta hire gainetik Patxi Lopezek”.
Auzmendik legegintzaldi amaierako notari buruz eginiko erreferentziak Baztarrikak Euskobarometroari eginiko aipamenari erantzuten zion. 2009ko maiatzeko Euskobarometroan Ibarretxeren gobernu politika publikoen artean lehenengo Baztarrikaren saileko politikak gelditu baitziren (6,2ko notarekin), “euskara Gobernuaren agenda politikoan zegoelako”. “Baina oraingo Gobernuak oso kezkatua nauka euskararen inguruan ematen ari den diskurtsoarekin, mezuarekin”.
Osakidetzako datuak, eta Segurako medikua
Gobernuaren diskurtsoaren adibide, Lopezek Osakidetzako hizkuntza eskakizunari buruz eginiko adierazpenak ekarri zituen gogora Baztarrikak, “profesionaltasunaren gainetik euskara eskatzen zeneko garaia amaitu zela iragartzen zuenekoa”. Ataka estuan, Auzmendi: “Ez dakit… Patxi Lopezek esandakoak, en fin, ez dira deklarazio batere egokiak, en fin. Ez nator bat lehendakariak esandakoarekin”.
Eta Osakidetzako datuak eman zituen Baztarrikak. “Publikoak ez diren datuak”. Azterketan 9,5 puntu atera, hizkuntza eskakizuna egiaztatu eta plazarik gabe gelditu diren 126 profesionalen kasua eta azterketan 9,5 atera hizkuntza eskakizuna egiaztatu ez eta plaza atera duten 100 profesionalen kasua aurrez aurre jarri zituen. “Lasai egin dezakegu lo, Osakidetzako medikuak ez baitira erdipurdikoak”. Anekdota batekin erantzun zion Auzmendik: “Seguran beti mediku erdalduna izan dute, eta uda honetan euskaldun bat iritsi zaie. Jaurlaritza berri honi esker Seguran mediku euskalduna dute”. Ez zuen Auzmendik publikoa konbentzitu. Haatik, Baztarrikak tonu atseginean bai, baina aurre egiten zionean, “horik duk”, “bai”, “egia”, eta halakoak entzuten ziren jende artean.
Ataunen euskararen ezagutza eta erabilera maila ia erabatekoa izanik, Jon Aizpurua kazetariak ea Ataungo egoera Euskal Herri osora zabaltzea nahiko luketen galdetu zien hizlariei. Auzmendik hartu zuen hitza: “Euskaraz bakarrik bizi nahi duenarentzat medio guztiak jarri behar genituzke”. Baztarrikak: “Elebakartasuna indibidualki eskubide bat da, pertsona bakoitzaren hizkuntza eskubideak onartzen badituzu; baina ez dut uste proposamen hori oso etikoa denik”.
Plaza zaila izan zuen Auzmendik etxekoa. Erosoagoa Baztarrikak.