Aurtengo (H)ilbeltzaren egitaraua aurkeztu dute Karrikirin

Aurtengo (H)ilbeltzaren egitaraua aurkeztu dute Karrikirin –

Karrikiriren ataritik jasoa:

Karrikiri dendan aurtengo (H)ilbeltzaren egitaraua aurkeztu dute (H)ilbeltza ekimeneko Elurre Iriarte eta Aitziber Zapiain kideek. Aurkezpenean parte hartu du ere Beñat Iturriotz Bira Produkzioak taldeko kideak.

Aurtengo (H)ilbeltzaren egitaraua aurkeztu dute Karrikirin

SARRERA:
2024.ean hamargarren urtea ospatuko dugu: bertan izango ditugu hamar ekitaldi (bertze urteekin konparatuz, bat gehiago, ortzegunekoa) eta 11 momentu goxo.

Aurten ere, negu gorrian antolatzen dugun aste beltza, kolore bizikoa heldu zaigu: klasiko urdinak, mahai inguru moreak, jolas marroiak eta itzuli berdeak, gustu guztietarako aukera.

Eta urtea joan eta urtea etorri egin dugun bezala, oraingoan ere, ilbeltzaren 22tik 28ra ospatuko dugun (H)ilbeltzan, hotzari aitzin eginen diogu Euskal Herriko xoko guztietako jendearekin elkartuz, Baztango bazterrak belztuz eta berotuz.

Ekitaldiekin hasi aitzin, aipatu nahi dugu Doinuele ekimena. Joan den astean egin genuen prentsaurrekoan, urtean barna EHan eginen diren euskara hutsezko plazen sarearen berri eman genuen. Baztan izanen da lehendabizikoa eta gero etorriko dira Azkoitia, Zarautz, Ziburu, hernani, Sara, Galdakao eta Lazkao. Sare ederra arrantzarako eta gure literaturan galtzeko. (H)ilbeltzari dagokionez, hauek izanen dira egunez egun izanen ditugun ekitaldiak:

22, astelehena:
Idazleekin solasean, VI.(H)ilbeltza bekaren irabazlea: Beñat Irastorza Ugalde Altxa, hildakoak Fred Vargasen eleberriaren itzulpenaren inguruko solasaldia. Fred Vargasen “Ebanjelariak” hiru historialari gazteak dira protagonistak nobela honetan. Horiek eta polizi erretiratu baten artean ikertuko dute barride baten desagerpena.

Gurekin izanen dugu Beñat Irastortza Ugalde Fred Vargas aztertzeko liburu honen bidez. Gonbidatzen zaituztegu irakurtzera eta hurbiltzera. 19:30ean Arizkungo Medikuaren etxean.

BEKA:
Txalaparta argitaletxea eta Baztango udalarekin batean martxan paratu genuen (H)ilbeltza beka duela 8 urte, eta hauxe dugu seigarren lana. Bidean da Joxean Oiz Arruti idazten ari dena, joan den urteko bekarekin, eta berriki egin dugu deialdi berria: Núria Cadenes idazlearen Guillem liburuaren itzuli beharko da. Martxoaren 8a artio dago epea aurkezteko. h-ilbeltza.eus web gunean daude lagina eta oinarriak.

24, asteazkena:
KLASIKOA: Eusebio Erkiaga: Arranegitik bertze auzo batzuetara Miren Agur Meaberen solasaldia. Klasikoak ezagutu ditugu urtez urte eta Erkiagarengana bere itzulpen baten bidez ailegatu ginen, Georges Simeonen Aspaldiko Maigret itzuli baizuen Erkiagak. Horrekin aski genuen, eta Miren Agur Meabe gonbidatu genuen berari buruz solastera. Hala deskubritu genuen nobela beltz bat idatzia zuela ere bai, Txurio txoria. Hizlariak, Eusebio Erkiagaren bizitzari eta testuinguruari buruzko sarrera bat eginen du eta klasiko bizkaitarraren nobelagintzari buruzko azalpen orokorra eskainiko du: argumentuak, gaiak, estiloa, hizkera, ideologia eta abar. Geldiune berezia eginez Txurio txoria lanean. 19:00etan Anizko Mendiarte elkartean.

25, ortzeguna:
Jon Alonsoren Carvalho Euskadin liburuaren inguruan solasaldia. Elkarrizketatzailea: Irati Jimenez 90. hamarkadaren erdialdean Katebegi galdua argitaratu zuenetik, Jon Alonsok ibilbide luzea, oparoa eta gogoangarria egin du euskal literaturan, eta guri interesatzen zaigun genero beltza izan da gehien jorratu duena, genero horretatik kanpo lan ederrak idatzi baditu ere. Manuel Vazquez Montalban idazlearen pertsonairik ezagunena hartuz idatzi du bere azken eleberri hau eta aitzakia horrekin gonbidatu du (H)Ilbeltzak Irati Jimenez kazetari eta idazlearekin solastera. 19:00etan Berroetako Gure ametsa elkartean.

26, ortziralea:
Mirande, film baterako zirriborroa dokumentala Josu Martinez zuzendariarekin. Jon Miranderi buruzko dokumentala egin du Josu Martinezek, eta hori ikusiko dugu, berak aurkeztua. Euskara goi literatura egiteko gai zela demostratu zuen Jon Mirandek. Denek aitortzen diote bere garrantzia. Baina zuzendariak erraten duen bezala, gai tabua da oraino. Hari buruz denetarik erran da: Arrazista zela, pedofiloa, nazia, inmorala… 2020an Amaia Elizaldek kontatatu zigun Jon Mirande nor zen, orain Josu Martinezek hitza eman dio Miranderi. 19:30ean Iruritako Gizarte Bilgunean.

27, larunbata:
11:00etan mahai-ingurua: Sorgin-ehiza Euskal Herrian. Arizkunenea kultur etxean, Elizondon. Amaia Nausia Pimoulier, Asisko Urmeneta eta Juainas Paul Arzak hizlari. Moderatzailea Ane Eslava. Europan izan den feminizidio handiena izan zela dio Amaiak, konkistaren logikagatik kanpo ezin dela ulertu Asiskok, eta jazarpenak gatazka politikoekin eta sozialekin blaiturik izan zirela Juainasek, eta baita oker anitz egon direla eta daudela: Inkisizioaren eginkizunei buruzkoak eta “akelarre” hitzaren jatorri eta erranahiari buruz. Hiru ikuspuntu gaia aztertzeko, emaitza bakarrarekin: Euskal Herrian zientoka herritar zigortu zituzten sorgin izateaz akusaturik. 14:00etan BAZKARIA Erratzuko Elkartean. (txartelak eskatzeko ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidean) 17:00etan liburu aurkezpenak.

Ernesto Prat: Mendeku eskubidea.
Mikel Begoña: Hiru etxe Santa Monikan
– Xabier Lasa: Ura ez baita beti gardena

18:30ean Eblatz: Susmagarrien gaua Erratzun barna. Erratzuko karriketan barna, eta ostatuz ostatu, jolas bat proposatuko diegu hurbiltzen direnei. Momentua ailegatu artio ez dakigu zer izanen den, ezin dugu pistarik ere eman. Izanen du beltzetik, izanen du misterioa, baina gauza guzien gainetik ziur dakigu ongi pasatuko dugula.

28, igandea:
10:30ean, Erraiak etsai itzuli beltza Beartzunen. Hitzordua: Elizondoko plazan. Itzuli beltz bat egiten dugu urtero, aroa lagun edo ez. Elizondotik modua eginen dugu jendea Beartzunera hurbiltzeko. Han erreka, eskola, azienda, barridea, iratzea, goroldioa, muga, kontrabandoa, bakardadea, lohi, hautsa dago. Baina baita kuartela, beldurra, mugazainak, soldaduak, tiroak, mina. Hori dena ezagutuko dugu aurtengo itzuli beltzean 19:00etan, Izu-gar-irrizko bertso saioa Gai jartzailea: Amaia Agirre. Bertsolariak: Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Saioa Alkaiza. Arizkunenea kultur etxean, Elizondon.

WEB ORRIA:

Lehen aipatu dugu hor izanen direla bekaren oinarriak kontsultagai, baina hori baina aise gehiago da ilbeltza.eus web gunea. Bertan (H)ilbeltzako solasaldiak, elkarrizketak, hausnarketak… altxatu eta nahi duenarekin partekatzeko aukera ematen digu. Liburuen iruzkin, aholku, idazleen iritzi eta hausnarketa, elkarrizketak, emanaldiak eta bertze. Beltza begirada desberdinetatik lantzeko aukera ematen digu. (H)ilbeltzarekin batean paratu genuen martxan eta hamar urte bete dituzte elkar elikatzen.

Bilduma ederra osatzen ari gara eta nobela beltzei buruz ikasteko informazio parrasta du nahi duenak.

AKITZEKO:
Hamar egin ditugu, bakarra eginen genuela uste genuelarik. Ilusioa dugu eta ilusioz egiten dugu. Guk antolatu dugu, sortzaileak etorriko dira, orain prentsaurrekoa probextu nahi dugu horietaz gozatzera hurbitzera.
Han elkartuko gara, hala nahi baduzue.

Aurtengo (H)ilbeltzaren egitaraua aurkeztu dute Karrikirin

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude