Aurpegia jarri diete Zugarramurdikoei
Aurpegia jarri diete –
“Mamu bat dabil Europan barrena”. Karl Marxen Manifestu Komunista bezala hasten da Nabarraldek kaleratutako “Maria Zugarramurdikoa” komikia, Miren Mindegia Petrirenaren gidoiaz eta Adurren marrazkiez osatua. 1609. urtean ez zen, zentzu zurrunenean bederen, ideologia komunista jaio, baina duela 410 urte ere ez zebiltzan mamu faltan, alajaina.
Lehen orrialdean bi izen agertzen dira: Pierre de Lancre eta Endregoto itsua. Lancre ezagunagoa da, tristeki sonatuagoa; baina merezi du Vianeko Endregoto eta Bargotako Joanesen istoria irakurtzeak… nekromantzia egotzi zieten.
Hasieran ez zaigu literalki “sorgin” hitzaren jatorri etimologikoa azaltzen, baina bai, ordea, marrazkien bidez. Ama-alaba bi agertzen dira emakume bati erditzen laguntzen: “sorgin” eta “emagin” sinonimoak direla entzun izan dut behin baino gehiagotan. Bruja edo sorcier gisa epaitu zituzten emakume asko sorginak izango ziren ziurrenik…
Adurren marrazketa estiloa ederra da. Hainbat lan plazaratu ditu: besteak, beste, Berrian egiten zituen tirak, orain Argian egiten dituen ilustrazioak, Erroarekin kaleratutako “Gabriel Aresti Biografikoa” komiki ederra, eta Mikel Begoñarekin batera egin zuen Arditutakoak, Bertsolari aldizkariak argitaratua.
Bada esanguratsua iruditu zaidan eszena bat zortzigarren orrialdean. Bertan, soldadu bat agertzen da herritar bati oihuka; aparteko ezer ez, bere horretan. Baina herritarrari aurpegia ikusten zaio, badu bisai bat; soldaduak ordea, ez. Ez dakit ausaz egina ote den, baina ezetz esatera ausartuko naiz. Sortzaile askok erabilitako formula da, eta bere baitan badauka hautu politiko bat. Eisenstein, Sobiet Batasuneko antzerki eta zinema zuzendari handia, zenbait eremutan aitzindari eta berritzaile izan zen. Bere ekarpen handietako bat drama zinematografikoaren estetika eta ideologiaren gaineko kontzepzio berria sortzea izan, drama kolektiboen gaineko argumentuen inguruan (eskerrik asko, Wikipedia).
Eisensteinek zuzendutako film ezagunenetakoa da “Potemkin korazatua”; eta film gogoangarri honetako eszena ikonikoenetakoa da eskaileretakoa. Odessan zaarraren tropek jende xumea sarraskitzen dute, ama bat hil eta bere haurra kotxetxoan amiltzen da, hiltzen ari diren herritarrak gizarteko sektoreak islatzen dituzte, eskailerek sistema… eta herria pertsonak diren bitartean, bisai bat daukaten gizakiak, soldaduek ez daukate aurpegirik. Soldaduak ez dira pertsonak, aginduak betetzen dituzten robotak dira, ez daukate errukirik, eta gizatasuna kentzen zaie. Herriak aurpegia dauka, agintariek ez.
Kolore urdina soilik baliatuta tonalitate ederrak lortu direla iruditzen zait, eta kontaketaren testuinguru iluna primeran islatzen dutela. Zirraragarria iruditu zait, bestalde, Zugarramurdiko prozesuan zigortutako pertsonen izen-abizenen, adinaren eta epaiaren berri izateak; Eisensteinek aurpegia jarri zion herriari, eta Adur eta Mirenek ere bai.
Dena ezingo da patea ematea izan… Kritikaren bat egite aldera, laburregia iruditu zait. Kontaketan murgiltzen hasterako amaitu da komikia, eta narratiboki ase gabe utzi nau. Agian helburua ez zen istorio bat kontatzea, baizik eta gutxi kontatu den historia bati tokia egitea; edo beharbada gose utzi nahi gintuzten, gehiagoren zain (hala bada, helburua beteta).
Zer erantzun behar dut, haserre nagoela Euskal Herrian egin ziren krimenengatik? Edo pozik nagoela krimen horiei ikusgarritasuna eman zaielako? Bide batez, euskara ardatz hartuta, horrelako liburuak egiteko gai ugari dago Peio Monteanoren “El iceberg navarro” liburuan.