Pierres de Lancre eta gorroto delitua

Pierres de Lancre

1610ean Alvarado inkisidoreak miaketak agindu zituen Zugarramurdin eta inguruetan (Logroñotik), “Deabruaren Katedrala” zela eta heretikoen xerka, eta sobera salaketa bildu zituzten. Deabrua jainkotzat edukitzea leporatzen zieten azti eta sorginei, baita beste hamaika gauza ere: itxuraldaketa, animalia bihurtzea, banpirismoa, nekrofagoak izatea… Inkisizioaren esku hartzeak bihurtu du ezagun Zugarramurdi, baina baziren beste hamaika akelarre edota bilgune: Fikozelaikoak Saran, Arteganakoak Altzaien, Sohutakoak Txerauten, Petiriberrokoak Aezkoan, Larrunekoak Azkainen, Jaizkibelgoak Hondarribian; Irantzi, Pullegi eta Ameztoiako kromletxekoak Oiartzunen, Mandabiitakoak Ataunen, Arlezakoak Andiako mendilepoan, Eperlandakoak Muxikan, Askondokoak Mañarian, Anbotokoak…

Pierres de Lancre

Espainiar inkisizioa tristeki ezaguna den arren, Frantziaren menpeko euskal lurraldeetan zegoen egoera ez zen errazagoa garai hartan, agintean baitzegoen, besteak beste, Pierres de Rosteguy, Lancreko jauna, eta Bordeleko inkisidore gupidagabea; Pierres de Lancre izenez ezaguna. Aitona, Bernard Errostegi, baxenafarra zen, baina Bordelera bizitzera joan zenean euskal abizena aldatu zuen, Lancre frantsesa hartuz. Familiaren euskal jatorriaren ukazio horrek eragina izan omen zuen Pierre de Lancreren ezinikusian euskaldun zen ororekin. Liburu bat idatzi zuen 1612an azti euskaldunei buruz, Tableau de l´inconstance de mauvais anges et démons (Aingeru gaiztoen eta deabruen aldakortasuna erakusten duen liburua). Lancrek euskal erakunde, hizkuntza, ohitura, lan-molde eta abarretan Deabruaren ukitua besterik ez zuen ikusten. Honako esaldia utzi zuen idatzita:

«Hizkuntza arraro eta ezezagun batean mintzatzen dira; horixe da lehen seinale txarra. »

Ez dut liburua irakurtzeko aukerarik izan, baina informazio bila nenbilela Gabairen komikietan testu horietan esandakoak jartzen dituzte bere ahotan: hizkuntzaz gain, zerbait heretikoa ikusten zuen emakume euskaldunek buruan janzten zituzten adar formako zapietan; horretaz gain, itsasoratzen ziren marinelen andreen bizitza sexuala ikertzen ere ibiltzen omen zen despota. Gizonez zioen nahiago zutela itsasoratu lurra kristauek bezala lantzea baino, eta artisauak lardats galantak zirela. Apatridak, ez espainiar ez frantses; itsasontziari etxeari baino estima handiagoarekin. Sagardoa edaten dute, sagarrez egina, paradisuko fruitu madarikatuaz. “Euskalduna bi bueltatako tertziopeloa bezalakoa da, alde bakoitzean seinale desberdina duena“. Dibortzioaren bekatua ere maiz gertatzen omen zen euskaldunen etxeetan.

Elizako kideak ere ez ziren libro tirano honen atzaparretatik. Lancrek ez zuen ulertzen emakumeak elizan parte hartzea, eta mesfidati zen serorez, guztiak aztiak baitziren bere iduriko; benedikta edo etxezain izena ematen zien. Apaiz euskaldun askoren jokabidea ere eskandalu hutsa zen beretzako: tabernazaleak, batzuek dantza egiten zutela erromerietan, ermita batzuetan Sabbathak ere ospatzen omen ziren, eta hori gutxi balitz, batzuetan pilotan jolasten zutela. Dotore janzten omen ziren, eta askok ezpata eramaten zuten gerritik zintzilik.

Pierres de Lancre“Senpereko gazteluan burututako epaiketetan, gogorkeria eta injustizia handiz jokatu zuen, guztira 200 lagun torturatuz eta exekutatuz. Bere misoginiak bultzaturik, gehienak emakumeak ziren baina baita umeak eta apaizak ere”, dio Wikipediak.

Duela 400 urte deliturik ez zegoen tokian sekulako lege-haustea sortu zuten, ordura arte krimena ez zena heriotzarekin zigortuz. Inflexio puntu bat izan zen garai hartako Lapurdi eta inguruko herritarrentzat.

Objektiboak eta ukaezinak diren ezberdintasunak kenduta (tortura basatienak, jendea sutan hiltzea) iruditzen zait Altsasuko gertaerak beste inflexio puntu bat ezarriko duela Hego Euskal Herrian. Duela hamabost urte inguru “dena da ETA” tesia ezagun bihurtu zen, eta aurretik deliturik ez zegoen tokian delituak agertzen hasi ziren bazter guztietatik; orduan astakeria bat iruditu zitzaigun, baina atxiloketak, ilegalizazioak edota hedabideen itxierak “normalak” bihurtzen joan ziren, “banalizazioa” eman zen. Duela urte dezente harritu egiten nintzen Bagdaden atentatu batean 40 lagun hil zirela entzunez gero, baina tamalez, ohikoa bihurtu da albiste hori, zeinen ohikoa…

Altsasukoa puztu egin da, eta eskuinaren hedabideek bazka eman diote, funtsean, Nafarroako aldaketa erasotzeko. Zazpi lagun espetxera. Bi elementuk harritu naute beste gauza guztien gainetik: tronpatzen ez banaiz seiri eraso zuzenak egozten dizkiete, “lesio terroristak”, hots, orain termino juridikoetan muturreko edo ostiko bat terrorista izan daiteke. Zazpigarrenari, aldiz, “begirada erasokorrak” egitea leporatzen die; erran nahi baita, egun Altsasuko gazte bat espetxean dagoela bi guardia zibilei gaizki begiratzeagatik (polizien arabera), ondo ulertu badut.

Pierres de LancreBaina hau nola azaldu daiteke, zein da oinarri juridikoa? Hemen sartzen da berritasuna, “gorroto delitua”. Zer da hori? Ba ziurrenik sortu dutenek ere ez dute zehatz-mehatz jakingo, baina forma hartzen joango da, erabilera berriak aurkituko dizkiote, eta Altsasuko kasuan definizio maila handi bat eman zaio, tamalez. Kiratsa dario kontzeptuaren erabilerari: milurteko honen lehen txanpako ezaugarri errepresibo esanguratsuenetakoa “dena da ETA” kontzeptua izan da. Gezurra da estatua ez dela ari garai berrietara egokitzen. Irudipena daukat “gorroto delitua” kontzeptua entzutera ohituko ez ote garen, garai berrietarako tresna juridiko-politiko berria ; orain arte delitua ez zegoen lekuan delitua egotera. Tresna berriak errezeta zaharrekin.

Esaera zaharrak dio: “Pierres baino gaiztoagoa”; baina hori beste Pierres bat da, eta nahiago dut bere historia beste egun baterako gorde.

Pierres de Lancre Pierres de Lancre Pierres de Lancre
adierazpen askatasuna, akelarreak, entzutegi nazionala, gorroto delitua, inkisizioa, Lapurdi, Pierres de Lancre, Senpere, Zugarramurdi
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

9 pentsamendu “Pierres de Lancre eta gorroto delitua”-ri buruz

  • Juanma Sarasola

    Iraganak orainean irauten duen seinale, disidentzia kriminalizatzeko guziari bale, aitzitik, arrazoiak inkisidoreei kale, askatasun usainak damaie goragale!

    P.S.: Bi ohartxo, Beñat, zure artikulu bikainari:
    1) Txeraute ez da existitzen. Cheraute (frantsesezko Ch soinua gure X soinuaren baliokide da) izen ofizial frantsestua Zuberoako Sohüta herriaren jatorrizko izenaren deformazioa besterik ez da. Sorhoeta-tik sortuak dira euskarazko So(r)hü(e)ta eta frantsesezko Cheraute (Xeggot ahoskatua +/-).

    2) Oker ez banago De Lancretarren jatorrizko abizenaren (Rosteguy) euskarazko forma Aroztegi da, ez Errostegi.

    Agurrak Bidasoaren bokaletik,

    Xaun

  • Juanma Sarasola

    Nola neurtu sentimendu bat, eta are gehiago nolatan kriminaliza daiteke?
    Gorrotoa debekatzen eta zigortzen hasi, eta azkenean maitasuna ere debekatu eta zigortuko dute inkisidore/faxista moderno horiek! Halakorik!!!

  • Beñat Hach Embarek Irizar
    Beñat Hach Embarek 2016-11-23 13:22

    Aupa Xaun!
    Milesker iruzkin eta oharrengatik. Sohütan akelarrea zelai batean egiten omen zen, eta Egineko “Gabai eta Kurtisen” komikietan Txeraute aipatzen denez, hala jarri dut. Beharbada Sorhoetan dago erantzuna.
    Wikipediako lotura ikusi baduzu, fijatuko zinen bertan pertsonai honen aitona Errostegi bezala izendatzen dutela; posible hau ere akats bat izatea.
    Segi bizkor Bidasoaren bokalean!

  • Agur Beñat
    Idatzi interesgarri eta argia. Aloze herrian “Belagileak” pastorala eman zuten eta konferentziak antolatu, ondorioztatzen dut de Lancrek torturatu jendetarik zituela atera “akelarre” eta beste usaietaz informazioak. Guziak berak bortxaz erranaraziak eta tamalez egiazkotzat hartuak direnak. Halere epaile horrek Euskaldunetaz gorroto handia zuen eta jarraitzaileak baditu oraino. Jarraik ezak bixkor!

  • Altasukoa inkisizioarekin konparatzea Beñat jaunaren lizentzia antipoetiko bezala hartu genezake. Gaizki iruditzen zait Audientzi Nazionala bertakoak ETAko partaide edo aldeko gisa juzkatzea eta gaizkiago iruditzen zait goardia zibil batzuk taberna batera urbiltzeagatik erasotuak eta joak izatea. Alde bietak inkisizioa dago hemen eta hori izan da gure herriaren hondamena, batzuetatik eta besteetatik datorkiguna.

    • Peru Dulantz 2016-11-24 14:45

      Zuek beti Jesukristo bezala, “bi lapurren artean” (Arzallus dixit).

    • Beñat Hach Embarek Irizar
      Beñat Hach Embarek 2016-11-24 15:57

      Honbre Bentazar, aspaldiko!
      Inkisizioak deliturik ez zegoen tokian delitu larria sortzen zuen, eta epaitegi espainiarrek ere. Ea, audientzia nazionalak esan du gazte bat espetxera bidali dutela poliziari gaizki begiratzeagatik, eta beste seien kasua ez dago nondik heldu (bat dezente beranduago atxilotu zuten taberna batean, eta bestea hurrengo eguneko kontzentra batean; ondoren atxilotutako guztiak Ospa mugimenduko kideak dira).
      Behingoagatik, behingoagatik, uste nuen ados egongo ginela… Lizentzia antipoetikoak hartzea besterik ez zait geratzen. 😉

  • Beñat,
    De Lancre (Rosteguy) ez zen inkisidorea, Bordaleko Parlamentuko epaile zibila baizik.
    Zuk aipatzen duzun 1607ko liburuan ez dira aipatzen euskaldu azti edo sorginik. 1612an (1609ko auzien ondotik) egin zuen liburu famatu hori.
    Gai horri buruz aurten argitaratua izan den liburua: “Histoire de la sorcellerie en Pays Basque” Beñat Zintzo Garmendiaren eskutik, arras gomendagarria da.
    Izan ongi

  • Beñat Hach Embarek Irizar
    Beñat Hach Embarek 2016-11-24 15:45

    Joxemiel. Arrazoi duzu, magistratua izan zen De Lancre, baina “sorgin-ehizak” burutu zituen, eta iruditzen zait inkisidore lanak egin zituela, titulua ez izan arren; hala ere, objektiboki onartu behar dut arrazoia duzula.
    Liburuarekin ere zeu zuzen ziurrenik: “1612an liburu bat argitaratu zuen: Tableau de l´inconstance de mauvais anges et démons (Aingeru gaiztoen eta deabruen aldakortasuna erakusten duen liburua). Lancrek ez zuen ezertan ulertu nahi izan lapurtarren izaera.”
    Itxura ona dauka Beñat Zintzoren liburuak, mila esker gomendioarengatik.
    Ondo bizi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude