Arte[faktua]157: ‘Garen hori’, Ana Urkizaren euskal izatearen gaineko azterketa
Arte[faktua]157: Ana Urkiza ‘Garen hori’ –
Ana Urkiza izango da aste honetako gonbidatu nagusia. Komunikazioan aditua, Eusko Ikaskuntzako lehendakari eta idazlea da. Urkizak bigarren elkarrizketa liburua du Garen hori (Elkar) izenekoa. Aurreko saiakeran, emakumezko zortzi idazle izan ziren parte hartu zutenak. Oraingoan, euskal marka eta balioak ikertu eta finkatzeko asmoz, zortzi sortzaile eta komunikazioan adituak diren beste horrenbesterekin aritu da; besteak beste, Irati Jimenez eta Iraia Oiartzabalekin. Donostiako Cristina Enea parkean Yolanda Mendiola aurkezlearekin elkartuta, Urkiza liburuak dakarren gogoetaren inguruan arituko da.
Urkizak Itziar Nogueras komunikazio kudeatzailea gonbidatu du saiora; batetik, nolabaiteko ahizpatasun harremana izategatik eta, bestetik, iritzi, gustu eta zaletasun askok elkartzen dituztelako. Nogueras, Urkizarekin batera, Garen hori liburuaz duen iritzia emateaz gain, euskararekiko duen kontzientzia, prestutasun eta jarreraz solastuko da.
Bestalde, saioa Sopelara hurbilduko da, Lizar Begoña poetaren jaioterrira; besteak beste, sortzaile hau gertuagotik ezagutu eta bere sormen prozesua, nola edo ahala, arakatzeko asmoz.
Gaizka Olabarri irakurle durangarraren eskutik iritsiko da aste honetako literatura gomendioa. Horretarako, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua (Elkar) eleberria aukeratuko du.
Emanaldiaren amaiera gisa, Nerea Gonzalez ikasleak eginiko booktubea erakutsiko dugu, Galtzagorri elkarteak antolatutako Booktuberboom_+ lehiaketaren bosgarren ediziorako egin zuena.
Guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:55ean, ETB1en.