Arte[faktua] 72: Goiatz Labandibar, Hori zen dena, Iñaki Zapirain, Beñat Sarasola

Arte[faktua] 72: Goiatz Labandibar –

Goiatz Labandibar idazle eta kazetari oiartzuarra da aste honetako Arte[faktua] literatur saioko gonbidatu nagusia. Labandibar Oiartzungo Udaleko komunikazio arduraduna da, baita bertako irakurle taldeko zuzendaria ere. Bere herriko plazan eta inguruetan ibili gara Hori zen dena narrazio bildumaz solastatzeko.

Alberdania argitaletxearekin plazaratu duen lan hori hirugarrena du Labandibarrek. Idazketa aldetik, eta aurrekoekin alderatuta, narrazioak soilagoak eta zuzenagoak dira, apaindura eta deskribapen gutxiagokoak. Ez dago elkarrekin lotzen dituen haririk,  baina harremanak eta lotura afektiboak guztiak batzen dituzte. Guztira, hamasei (15+1) narrazio labur atondu ditu egileak liburu honetan.

Iñaki Zapirain Retegi errenteriarra da Labandibarren gonbidatua. Oso gertuko laguna da, eta idazlearen sortze prozesuan hurbil egoten den pertsona, harena baita Hori zen dena liburuaren azalaren diseinua. Zapirain Arte Ederretan lizentziatu zen bere garaian, eta, egun, Errenteriako Orereta Ikastolako plastikako irakaslea da.

Beñat Sarasola idazle eta EHUko irakaslea izango dugu aste honetako Artefaktu[egilea] ataleko protagonista.

Bestalde, irakurlearen tartean, Maider Galardi Berria FM podcast feminista zuzentzen eta aurkezten duen kazetariak Danele Sarriugarteren Erraiak liburuaren gomendioa egingo digu.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Dani Fanok, Aintzane Usandizagak eta Amets Arzallusek, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Gainera, ETBko Herri txiki, infernu handi saioko Mikel Pagadi aurkezleak Roal Dahl-en Ipuin guztiak liburua gomendatuko digu Booktuber atalean. Galtzagorri Haur eta Gazte Literatur Elkarteak antolatzen duen Booktuberboom egitasmoan parte hartu du Pagadik bideo honekin berarekin.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hori guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 72: Goiatz Labandibar, Hori zen dena, Iñaki Zapirain, Beñat Sarasola
Ikusi saioaren aurrerapena hemen
Arte[faktua] 72: Goiatz Labandibar, Hori zen dena, Iñaki Zapirain, Beñat Sarasola

Arte[faktua] literatur saioa ETBn