Euskaldun berria naizelako

Euskaldun berria naizelako –

Lehengoan (asteon, 2020/01/22an), BERRIA egunkarian Zuriñe Rodríguez Larak eta Ibai Fresnedok idatzitako GU iritzi artikulua irakurrita, pentsakor gelditu eta gogora etorri zitzaidan zenbatetan borrokatu behar izan ote naizen zorioneko euskaldunberritasunarekin, eta horretaz neronek ere zer edo zer idatziko nuela, ziurrenik, iraganean. Gaur, zertxobait astitsuago nabilela, neure testu zaharretan arakatzen ibili naiz, eta hara, orain ia hamar urte idatzi nuen testutxoa topatu dut, non euskaldun berrien eta zaharren arteko bereizkeria maiseatzen nuen. Eta, antza, oraindik ere gaurkotasuna duenez, hona ekarri eta zurekin, irakurle, partekatzea erabaki dut. Honatx:

Euskaldun berria naizelako

Topikoa bezain tipikoa izaten da, euskaldunon artean behintzat, geure buruaz berba egitean, bereizketarik egin nahi ez izatea euskaldunberrien eta euskaldunzaharren artean. Besteren aurrean, zuzenagoa ei da esatea denok garela euskaldun eta, jakina, horrexek batzen gaituela; beraz, zertarako egin bereizkeriarik gure artean?

Euskaldun berria naizelako

Ni neu ere horrelakoa izan naiz gehienetan, politikoki zuzena, alegia. Baina susmoa dut, sakon-sakonean, denok oraindik ere egin egiten dugula bereizketa hori, jendaurrean gustatzen ez zaigula esan arren. Batzuek, euskaldunzaharrek, euren harrotasuna agerian uzteko egiten dute, inork ere ez dezan ahaztu “benetako” euskaldunak direla; hau da, ez direla gerora ikasiak, betidanikoak baizik, eta, euren euskalduntasunari dagokionez, jatortasuna dutela hizkuntza kontuetan ere. Besteek, berriz, kasu anitzetan nire ustez, “benetakoen” aldean beren umiltasuna agerian uzteko egiten dute bereizketa hori. Nolabait, beren burua bigarren mailako euskalduntzat joaz, euskara eskasagoa eta artifizialagoa dutela onartzen dute, eta, nonbait, badakite sekula ez direla zaharrak bezain euskaldun izango, horrelakoak jaio egiten direlako eta ez gerora egin. Ahoa euskaraz ireki orduko, lehenengo berbak barkamena eskatzeko izaten dituzte maiz, ezer esan aurretik, euskaldunberriak direla argi eta garbi utzita.

Bi multzo horiez gain, noski, bada besterik ere, bada bestelako euskaldunik. Nik neuk, egia esanda, ez dut neure burua ez talde batean ez eta bestean ere kokatzen. Eta, orduan, zera galdetuko diozue zeuen buruari: “Eta zer dela-eta erroilu hau guztia? Zertarako, Roberto, ukatzen duzun zerbait hainbeste aldarrikatu?”

Bada, kontua da nazkatu samartuta nagoela euskaldunzahar askok euskaldunberrioz duten estimu eskasarekin. Eta, horregatik, albait ozenen, lau haizeetara zabaldu nahi dut euskaldun berria naizela, euskaldunberri, eta ez euskaldunzahar, dena hitz bakarrean, aurretik idatzi dudan bezala, horrela etiketatuta gauzkalako zorioneko gizarte honek.

Izan ere, euskaldunzahar horietako askok pentsatzen dute, antza, euren modura egiten ez badugu euskaraz, ez garela eurak bezain euskaldun. Ez dute euskaraz ikasteko egin dugun ahalegina aintzat hartzen eta, oraindik ere, plastikozko euskaratzat dute gurea, euskaldunberriona. Horrela, ez digute euren euskal komunitatean sartzeko aterik irekitzen, eta erdara darabilte gurekin, gurekin jardutean euskararik ateratzen ez zaielako aitzakian; baina mespretxu osoz egiten dute, nik uste. Gainera, horietako asko alfabetatu bakoak dira eta ez dira gai, esaterako, hau bezalako testu sinple bat gutxieneko erraztasunez irakurri eta ulertzeko; ez dira konturatzen sasi-analfabetoak edo erabateko analfabetoak direla euren jatorrizko hizkuntzan eta euskarak hurkoenekin eta zakurrekin komunikatzeko baino ez diela balio, bestela, erdarara jo behar izaten baitute; areago, euskaldunzahar barik, euskaldunTXar esan beharko litzaieke horietako askori, baina…

Beste askok, ordea, eta hauek dira txarrenak, ez dute onartzen eurak ere, azken finean, euskaldunberriak direla, euskaraz (batuan, alegia) alfabetatu behar izan dutelako erabateko euskaldun sentitu ahal izateko. Jakin badakite batuan egiten, ederto egin ere, baina edozein aukera baliatzen dute euren hizkera “jator” eta “parekaezina” agerian uzteko, nahiz eta, segur aski, testuinguruak euskara batua erabiltzea zuzen eta egokiagotzat joko lukeen. Horrelako euskaldunzaharrek badakite hau bezalako testu errazak eta askoz ere konplexu eta aberatsagoak irakurtzen, ulertzen eta sortzen ere, noski. Baina, nolabait, nabarmen utzi behar izaten dute, ahal bestetan, bereizketa bat (bereizkeria?) egin behar dela euren eta besteon artean. Eta hain dute obsesio handia bereizketa hori egiteko, ezen, sarritan, hizkera hori berori, ahozkotasunari dagokion hori, idazteraino ere ausartzen baitira; lagunarteko e-postak direla, Interneteko eztabaidagune, foro edo blogak direla…

Tira, irakurle, ez pentsa haserre nagoenik inorekin, eta are gutxiago euskaldunokin, berauei nahi duzun adjektiboa jarrita ere. Burura behin baino gehiagotan etorri zaidan gogoeta baino ez da hau, beste psikolasto bat, bat gehiago, eta, oraingoan, idatzi beharra sentitu dut, euskaldun berria naizelako. Horixe da guztia.

 

Zumaian, 2010eko abuztuaren 15ean, gaueko 11:30ean.

Euskaldun berria naizelako

14 pentsamendu “Euskaldun berria naizelako”-ri buruz

  • Euskaldunberri versus euskaldunzahar eztabaidak amaituta behar luke aspaldi. Zer axola dio noiz eta nola ikasi dugun euskara? Euskaldun berri askoren euskara euskaldun zahar askorena baino hobea da. Garrantzitsua, nire ustez, euskara mailari erreparatzea da; irakasleen euskarak, adibidez, eredugarria izan beharko luke, ez erdipurdikoa, askotan izaten den bezala. Niri bost pertsona bat euskaldun berria edo euskaldun zaharra den euskaraz naturaltasunez aritzeko gai garen bitartean.

  • Zentsuratua 2020-01-24 23:34

    Ados euskaldin zahar/berri eztabaidak aspaldi gainditua behar lukeela diotenekin. Baina, euskaldun berri/zahar eztabaidan sartu gabe: Zilegi da gaztelaniaz “un piedra” dioen bati barre egitea, baina “ni egin dut” dioena errespetatu behar izatea? Ondo gogoan dut nik garai latzak pasatu nituela gaztelaniaren generoarekin ikastolan, eta denek barre egiten zidatela. Nik, ordea, ergatiboa dela eta baten bati barre egiten badiot, putakume integrala naiz.

  • Josu Lavin

    Euscaldun ascoc, çahar eta berri, abandonatu behar luquete inferioritate complexua.

  • Zentsuratua 2020-01-25 01:00

    Ez dakit norengatik diozun “inferioritate complexua”-rena. Nik esandakoengatik bada, lasai ibili zaitezke. Konplejurik bat ere ez.
    Baina, hizkuntzen prestigioaren gaian sartzen gara. Norbaitek gaztelaniaz “e venio” idatziko balu, edo “un moto” esango balu, hau da, gaztelania traketsean hitz egin edo idatziko balu, mezuaren hartzailearen kritika jasoko luke. Baina, euskararen kasuan, euskaldunzahar eta berri askok euskara traketsa darabilte, eta horren kritika egitea ez da zilegi, antza. “Pixka bat es mucho”, dirudienez, egia baita.

  • Zentsuratua 2020-01-25 01:16

    Zuk zerorrek, Josu, euskararen ortografia zahar-“berri” oso bat proposatu duzu, eta darabiltzu. Zergatik “ausartu” zara (ausartu aditza erabiltzea zilegi bekit) euskararen ortografia berri bat osatzen? Gaztelaniaz egin al duzu halakorik?
    Ez al da izango euskararen “standar”ari gaztelaniarenari baina errespetu gutxiago diozula?
    Ez al da egia edozeinek bere burua Euskaltzaindiak dioenari lotzeko traba gutxi dituela, RAErekin alderatuz?

  • Zentsuratua 2020-01-25 01:25

    Denok gara euskaran aditu, denok dakigu nehork baino hobeto euskaraz, Euskaltzaindia zuzentzeko adina. Baina denok onartzen ditugu RAEren edo Académie Françaiseren esanak gaztelania edo frantsesari dagokionez. Zer mailatan uzten gaitu horrek? Zergatik uste dugu zilegi dela Euskaltzaindiaren esanak ez betetzea, RAE edo AF-renal zintzo-zintzo betetzen ditugunean?

  • Josu Lavin

    Censuratua,
    Neuc erabilcen dudan naffarrera batuac 450 urthe ditu.
    Euscalçaindiaren euscara batuac 50.
    Neuc ez dut asmatu graphia berri bat, gure classicoena hartu baicic.
    Inferioritate complexuarena osso hedatua da euscaldun ascoren buruetan. Neuc ez nuen çuregatic erraiten. Adeitassunez.

  • Gilen Mejuto 2020-01-25 10:44

    Egia da euskaldun dexentek intsumisioa egiten diotela euskara batuari (nik neuk ere, neurri batean). RAEren gaztelaniari ez zaio hori gertatzen. Agian gogoetatu behar genuke zergatik den hori.

  • Josu Lavin

    Neuc ez deraucot insubmissionea eguiten “euskara batua’ri, ceren euscara batu çaharra (=naffarrera) erabilcen baitut.
    Euscal maisu modura lan eguin dut 37 urthe, 5 hilabethe eta 23 egunetan. Lan tresna modura “Euskaltzaindiaren euskara batua’ erabili dut lassai asco, baina ikasleec bethi eduqui dute escura honetaz eta hartaz pensatzen dudana. Bethi içan naiz libre ikasleen aurrean.

  • Roberto, euskaldunzaharren artean denetik dago. Nire ustez, gehientsuenok asko estimatzen dugu euskaldunberrien ekarpena. Baina egia da bogan jarri dela euskalkia barik, ahoskalkia erabiltzea idaztean, eta horrek zentzun osoa izan dezakeela guatxapez (adibidez) jarduten dugunean, baina hedatzekoak diren testuetan ahoskalkira jotzea, jolasteko ez bada, ez duela ez hamka ez buru.
    Euskaldunon jokabide aldrebestu hauen oinarrian, zapalkuntzak eta gure hizkuntzaz eta herriaz dugun ezjakintasunak (botereek landua) eragindako konplexuak eta portaera bitxiak daude.
    Badira bestalde, euren euskara kaxkarra (ez erabiliaren ez erabiliaz), ustezko “euskalkiaren” atzean ezkutatzen duten euskaldunzaharrak…
    Tira, nik zahar eta berri, batuazale nahiz euskalkizale, euskaltzaleak badira, ongi etorri!

  • Euskaldun berri zahar hortatik aldenduz, euskararen erabilera penagarriaz hitz egin nahi nuke. Askok ez dituzte 3 esaldi segidan euskaraz esaten, erdarazko espresioz betetzen dituzte euskarazko esaldiak,gazte?aniazko hitz piloa erabiltzen dituzte, gai asko jorratzean %100ean gaztelania erabiltzen dute….
    Neurri txiki batean normala da hori gaztelaniak duen pixuarekin, baina horren euskera pobrea erabiltzea penagarria iruditzen zait. Euskararen pobretze eta galtzeko modu bat dela deritzot. Baina harrigarriena da normala iruditzen zaiela hori eta txukun antzeko euskara egiten saiatzen garenei purista deitzen gaituzte. Askotan isilik gelditzen naiz ez dakidala zer erantzun, naiz eta ez dudan beraien jarrera ulertzen. Nondik bideratu erantzuna beraiek irainduak sentitu gabe?

  • Egia da. Dexente, eta Vixente. Gogoetatu? Bua txabal!

  • Ongi da. Onar liteke jarrera hori. Baina, euskaldun jantiak gauza izan behar luke Euskal Herriko edozein lurraldetan, irakasle dela, erizain dela, nornahi dela gainontzeko euskaldunekin entenditzeko,Eta hori nola lortzen da, eusnara komumean, jasoan, hau da, batuan, mintzatuz. Ni nafarra naiz, eta giputz bat, hori ohikoena bada, gipuzkeraz hizketan datorkidanean, halaxe esaten diot: Mintza zaitez euskaraz, bestela eraderaz eginen dugu.

  • Ez esan babukeriarik, arrren, Horretan antzematen da ez zarela euskalduna, euskaraduna bai, eta? Zuk darabilzuna ez da euskara batu zaharra, izatekotan euskara batu dialektal bat da, hagitz modernoa, zerikusirik ez duena Behe Erdi Aroko euskara bautarekin, euskararekin azken batean. Zurea XVII. mendeko euskara molde jaso baino ez da. Baina nola ez duzun euskal nazio identitaterik, zer horrrek zuri bost. hor zabiltza koskabiloak aztarrikan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude