Arte[faktua] 53: Angel Erro ‘Lerro etena’, Uxue Apaolaza, Imanol Querejeta
Arte[faktua] 53: Angel Erro ‘Lerro etena’ –
Angel Erro idazlea da aste honetako gonbidatu nagusia Arte[faktua]n. Hamalau urte libururik plazaratu gabe egon ondoren, urte horietan koaderno ugaritan idatzitako gogoeta, gertakari eta bizipen pertsonalak bildu ditu Lerro etena liburuan. Euskal literaturan dietarioak publikatzeko tradiziorik ez badago ere, ohikoa da atzerriko idazle askoren artean.
Idazle burlatarra Madrilen bizi da 2013tik, baina askotan etortzen da Iruñera, eta hantxe elkartu gara berarekin. Euskal Filologian eta Zuzenbidean lizentziaduna da, eta lanbidez itzultzailea eta artikulugilea da. Berria egunkarian urteak daramatza egunero idazten. Volgako Batelariak taldeko kidea da, eta bi poesia liburu argitaratu ditu: Eta harkadian ni (2002) eta Gorputzeko humoreak (2005).
Uxue Apaolaza idazle hernaniarra da Erroren gonbidatua. Umeek gezurra esaten dutenetik (2005) narrazio liburua eta Igartza saria jasotako Mea culpa (2011) nobela argitaratu ditu. Bi idazleak aspaldiko lagunak dira, eta biek bata bestearen lana gogoko dute.
Irakurlearen atalean, Iruñeko Hizkuntza Eskolan euskara irakasle den Jaume Gelabert mallorkarrak Iban Zalduaren Biodiskografiak liburuaren gomendioa egingo du.
Galdetegian, euren liburu kuttunen berri emango dute Alaine Agirre, Miel A. Elustondo eta Elurre Iriarte idazleek.
Imanol Querejeta Donostia Ospitaleko Psikiatria buruak bere liburu kuttunen berri emango du aste honetako “Apalategia”-n.
Pasai Donibaneko Ubera liburutegitik iritsitako bideoan, berriz, Ihintzak eta Udanek bi liburu hautatu dituzte Booktuberren tarterako: Nur eta haize arrosa, Toti Martinez de Lezearena, eta Ilargia lapurtu dute, Renada Mathieurena.
Horrez guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.
Hori guztia, larunbatean, 13:30ean, ETB1en.