Estreinaldiak: Maiatzak 31

 

Estreinaldiak: Maiatzak 31

Rocketman

Klabe musikalean, eta dokumentalaren formatuan errodatutako filma dugu hau, Elton John musikagile eta abeslariaren bizitza eta obran oinarritutako kontakizuna. Elton John bera aritu da ekoizle lanetan, beraz filmak bermatua du genero honetako beste lan batzuek faltan duten ezaugarri garrantzitsu hori: egiazkotasuna.

John Wick: Chapter 3 – Parabellum

Bueltan da John Wick (Keanu Reeves), akzioaren erregea. Hiltzaileen gremioko kide bat erail ostean, taldeko kide askoren helburua bilakatuko da protagonista harrapatu eta mendekua ematea. 14 milioiko prezioa jarriko diote bere buruari, eta hala, jarraika dituen ehunka sikarioren mehatxupean, heriotzari izkin egiten bizitzen ikasi beharko du.

Artic

Joe Penna brasildarraren azken filmak emango dio akzio eta muturreko kirolaren osagaia aste honetako estreinaldien entsaladari. Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Zinemaldi Fantastikoa– FANTen irekiera filma izan zen, eta hala, bigarrenez ikusi ahalko dugu gurean.

Egun latzenetan, -70º-tara heldu daiteke tenbperatura Artikoko lurraldean. Aire istripu baten ondoren Artikoan geratu den gizon batek hartu beharreko erabakia izango du abiapuntu: inprobisatutako bere kanpalekuaren nolabaiteko segurtasunean geratu ala, bizirik irteteko itxaropenez, ezezaguna den inguruan bidaia suizida bati ekin.

Le flic de Belleville

Gazte garaitik lagun mina duen adiskidearen erailketarekin, Miami hirira lekualdatuko da Baaba protagonista. Tokiko polizia baten konplizitatearekin, lagunaren hiltzaileak aurkitzeko inbestigazioa abiatuko du.

Gogoan duzue ‘Intouchables’ (Olivier Nakache eta Eric Toledano, 2011)? Eta ‘Samba’ (Olivier Nakache eta Eric Toledano, 2014)? Eta Knock doktorea (Lorraine Levy, 2017)? Bada, bueltan da Omar Sy aktorea!

Celle que vous croyez

Berrogeita hamar urteen bueltan, profil faltsua sortuko du Claire protagonistak sare sozial ezagun batean. Erabilera pertsonaletik urrun, emakume gazteago baten argazkia bilatuko du interneten, eta irudi faltsu horretatik abiatutako pertsona eraikiko du.

Hasiera batean ingurukoak zelatatzeko sortu duen leihotxoak, bigarren funtzio bat beteko du laster: jende berria ezagutzearena. Hala, harreman estua eraikiko du Chrisekin, maitasunaren hegian ibiltzera eramango dituena. Dena ondo joango da Chrisek aurrez-aurreko hitzordua egitea proposatuko dion arte.

Estreinaldiak: Maiatzak 31
Zinea.eus

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude