Euskara oinarrian

Euskara oinarrian –

Marxista beren ustez ortodoxoen aburuz, hizkuntza goiegituran dago, gauza beharren eta garrantzitsuenak azpiegituran daudelarik. Baina nor dira denentzat eta denen ordez pentsatzen duten maisu guztiz jakintsu eta hutsezin horiek? Hizkuntza inperial batzuetan mintzo zaizkigu: aleman, frantses, ingeles, gaztelaniaz, hots galtzelo arriskutan ez dauden hizkuntza nagusietan, aitzitik beste guztien irensten ari diren horietan. Beraz hizkuntzagatik buru hausterik ez dute, komunikatzeko tresna soiltzat ikus dezakete.

Euskara oinarrian
iStockphoto.com/RYGERSZEM

Frantziarren ikuspegian adibidez, hizkuntzak orokorki ez du iportantziarik, salbu frantsesak.

Sakonean ordea, komunikabide bat baino gehiago da hizkuntza, lehenik pentsatzeko bidea baita, ezen Platonek idatzi zuen bezala, hitzekin pentsatzen dugu, hitzen bitartez asmatzen. Bere aldetik Yves Person bretoi pentsalariak dio teknologia hizkuntzatik pasatzen dela, beraz hizkuntza azpiegituran dagoela. Alta bada Person marxista da. Ni ordea ez naiz marxista, eta ez naiz gehiegi axolatzen marxismoaren ustezko dogmatikaz. Erraten duena zentzuzkoa baldin bazait, onartzen dut, eta bestela ez. Ahal oroz ene baitatik pentsatzera lehiatzen naiz, arrazoiari fidatuz, autore onak ere kontutan hartuz, adibidez Descartes, Spinoza, Darwin, Marx eta Txillardegi barne, baina horien erranak ene zutabean iragaziz, intuizio puska baten laguntzarekin.

Gizakiok zinez oinarrian daukaguna biologia da, eta beste tximino espezietarik gehienik bereizten gaituena hizkuntza dugu, haiena baino askoz ere aberatsagoa baitugu. Hizkuntzak espiritua moldatzen digu, espirituak hizkuntza moldatzen digun bezainbat. Hizkuntza bakoitzak bere plegu bereziak ematen dizkigu, pentsatzeko manera eta bide bereziak eragiten. Pertsonen arteko harreman moldea ere bideratzen ahal du: euskara zinez lotzailea da, bereziki alokutiboaren bitartez.

Beraz hizkuntza batean edo bestean egitea ez da gauza berdina, bakoitzak bere mundu berezia dakarkigu, eta itzulpen egoki baten erdiestea ezinetik hurbil geratzen da. Euskaldunok geure mente berezia baldin badugu, geure ama hizkuntzari zor diogu, eta besteek ez gaituzte beti ulertzen beren hizkuntzan ere. Askotan erran da, baina zoritxarrez errepikatu beharrean gaude: euskaldun egiten gaituena euskara da, eta ez nik debru dakita beste zer, adibidez arraza. Azken berrietan, biologista jakintsuen arabera, euskal arrazarik ez da, soilik odolkidetza handi bat, ahulduz doana, eta hobe seguru, ikusiz mundu zabalean arrazaren aitzakian egiten edo justifikatzen den politika hilgarri andana.

Euskara gabe ez da euskaldunik, ezta Euskal Herririk. Ez badugu hori gogoan hartzen eta horren alde borroka zintzo bat egiten etengabe, zertarako abertzaletasuna, zertarako independentzia? Espainia txiki bat Espainia handitik bereizteko ekonomiaren izenean, hots, aberazkiago bizitzeko? Hori ote da gure ideal humanista, askorentzat sozialista, inguruko jendeak baino gehiago aberastea, baina haien hizkuntzan, eta beharbada besteren bizkar? Uste duzue gudariek, gerla zibilekoek eta geroztikoek, Iparraldekoak barne, beren bizitza horretarako eman dutela? Ez dut uste.

Hitz batez ala milaz, euskara euskaldunoi ezinbestekoa zaigu, zinez funtsezkoa, oinarrizkoa. Ekonomia ere naski, eta jende guztiek horren behar gorria dugu bizitzeko. Haatik ekonomiak euskaldunoi ez digu eskubide berezirik ematen, horretan berdintasuna aski zaigu, ez baitezpada eta derrigorrez independentzia, autonomia, forua, kontziertu ekonomikoa, edo nik dakita gisa horretako zein eraikuntza artifizial eta paktatu, nahiz lagungarri izan daitekeen, bereziki gure bizipideen hobeki kudeatzeko, tokiko ahalmenei eta beharrunei egokituz.

Politika hori bai zinez goiegituran dago: horregatik ez zait mespretxagarria, bainan eztabaidagarria.

Euskara ordea errotik geurea dugu, ezin baztertua euskaldun izateko, herri, populu, nazio bezala irauteko. Hori gabe frantziar onak izan gaitezke, gehienak espainiar onak. Baina hara: on ala txar, euskaldunak gara euskarari esker. Hemen toki guztiak euskaraz mintzo zaizkigu. Zu zergatik ez? Ez dakienak ikas dezake, dogma guztietarik at. AEK horretako da, Korrikan ederki erakutsi berri duen bezala.

 

Jean Louis Davant

Euskara oinarrian
Euskara oinarrian
Euskara oinarrian

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.