Arte[faktua] 35: Iban Zaldua, Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Arritxu Iribar
IBAN ZALDUA idazle donostiarra da Arte[faktua]ko gonbidatu nagusia aste honetan. Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak ipuin liburuaren karietara hitz egiteko, Gasteizko Aihotz plazan egin dugu hitzordua. Liburuan, tematika anitzeko 32 narrazio edo ipuin bildu ditu, askotan, errealitatea eta fikzioa nahastuz.
Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomiaren Historia irakasten du. Ipuin arloan nabarmentzen da eta Euskadi Literatura Sarietan hirutan izan da saritua. 2015ean berriz, “Best European Fiction” antologiarako bere hiru ipuin aukeratu zituzten. Euskaraz eta gaztelaniaz idazten du eta literatura eta musika kritika ere lantzen ditu.
Bere gonbidatua RIKARDO ARREGI DIAZ DE HEREDIA poeta gasteiztarra da. Salamancan Psikologia eta Magisteritza ikasketak egin zituen Arregik eta Euskal Filologia Gasteizen. Egun irakaslea da. Bi poema liburu idatzi ditu eta biak Kritikaren Saria jasotakoak dira.
ARRITXU IRIBAR, Euskadi Irratiko kirol kazetariak bere liburu eta egile kuttunen berri emango du “Apalategia”ren atalean.
“Irakurlea”ren tartean, Iruñeko IÑAKI JUSTEZ FERNANDEZek, Yoseba Peña idazle zarauztarraren “Hariak” liburua zergatik gustatu zaion azalduko du.
Idahoko Boisetik jasotako Booktubean, JOHN BIETER eta STEVE MENDIBE euskara ikasleek Robert Laxalt idazlearen “Dominique, artzain xuberotar bat Nevadan” lanaz hitz egingo dute.
Galdetegian ELIXABETE GARMENDIA, IÑAKI MARTIARENA eta SONIA GONZALEZ gogoko dituzten liburuez mintzatuko dira.
Horrez gain, asteroko nobedadeek, pitxiek, liburu-denden gomendioek eta epilogoak osatuko dute saioa.
Hau guztia, larunbatean, 15:00etan, ETB1en.