Arte[faktua] 33: Iñaki Martiarena ‘Mattin’, Ixabel Agirresarobe, Jon Garmendia ‘Txuriya’
Iñaki Martiarena “Mattin” marrazkilaria, ilustratzailea eta komikigilea da aste honetako gonbidatu nagusia Arte[faktua]n. Artista donostiarrarekin Hendaiako Nekatoenea sorkuntza gunean elkartu gara, Abbadiako eremuan. Bertan, hilabeteko idazle egonaldia egiten ari da artista, sorkuntza lan berri bat burutzeko hautatua izan ondoren. Asmoa, Kamishibaia bat egitea du, japoniarrek ipuinak kontatzeko erabiltzen duten modu berezi bat. Horretarako, ipuin bat idazten eta marrazten ari da Mattin.
Martiarena Kazetaritzan lizentziaduna da, baina ilustrazioko arlo ugaritan ibili da: umore grafikoa, diseinua, komikia, karikatura, nobela grafikoa… Bere lanak hainbat egunkari eta aldizkaritan agertu ditu: Euskaldunon Egunkarian, Argian, Napartheiden eta Ipurbeltzen, besteak beste, eta 40 bat idazleren liburuak ilustratu ditu. Bere lanik pertsonalena eta landuena, 2016an argitaratu zuen “Zarrakamalda” izeneko nobela grafikoa da.
Bere gonbidatua Ixabel Agirresarobe, Usurbilgo ipuin kontalaria da. ETBko “Ipupomamua” saioko eta “Kutsidazu bidea, Ixabel” antzezlaneko pertsonaietako bat da Agirresarobe, besteak beste. Mattinekin elkarlanean hainbat lan egin ditu “irudipuinak” egiten.
Literaturarekin lotura duten beste hainbat lagun ere hartuko ditu bere baitan Arte[faktua]k. Hala nola, Jon Garmendia “Txuriya”k bere liburu maitatuenen berri emango du Apalategiaren atalean.
Eukene Aizpitarte booktuberrak, Toti Martinez de Lezearen “Isilpean gordea”z hitz egingo du.
Galdetegian, Joxean Agirre, Sonia Gonzalez eta Iñigo Astiz izango ditugu, eta Irakurlearen tartean, Dimako Begoña Kerexetak egingo du bere gomendioa.
Asteroko nobedadeek, pitxiek eta abarrek osatzen dute saioa.
Hau guztia, larunbatean, 15:00etan, ETB1en.
Saioa osorik ikusteko klikatu hemen