Eguraldi txarrari, estreinaldi onak!

Eguraldi txarrari, estreinaldi onak! –

Estreinaldiak: Abenduak 14

Abenduko lehen estreinaldiak!

Yuli

Yuli filmak Carlos Acosta (bere burua antzezten du) dantzari kubatarraren bizitza kontatzen du, Habanako auzo xume batean emandako lehen urratsetatik, munduko ballet-konpainia handienetako baten izarra bilakatu arte. Yuli (Carlosen familia-ezizena), dantzarako gaitasun handiak izan arren, dantzaria izan nahi ez duen haurra da. Bere aitak, Pedrok, horretara behartuko du ordea, eta Kubako Ballet Eskola Nazionaleko irakasle eta zuzendari den Cherryren tutoretzapean, bere belaunaldiko dantzari onenetako bat bilakatuko da. Hala, tabuak hautsi eta Romeo interpretatzen duen lehenengo dantzari beltza izatera iritsiko da Londreseko Royal Ballet konpainian, non, 17 urtez ibilbide bikaina landuz, eta bere mitoa eraikiko duen.

Yuli norbere sustraiei eta dantzari buruzko film bat da, eta, aldi berean, Carlosek aitarekin, familiarekin eta Kubarekin duen harremanaren inguruko kontakizuna.

Mortal Engines

Milaka urte igaro dira kataklismo batek gizartearen suntsiketa eragin geroztik. Gizakiak moldatu egin dira, eta orain mugimendu etengabean dauden gurpil batzuen gainean eraiki dituzte hiriak. Hirigune horietako batean jarriko du fokua filmak: Tom Natsworthy Londrestik datorren klase baxuko gizona da, zeinak ezinbestean Hester Shaw gaizkilearen laguntza beharko duen bizirauteko.

Zelanda Berritik datorkigu asteko ‘harrikada’. Hasiera batean haria harrapatzea kosta dakiguke, baina zientzia fikzioaren indarrak harrapatuko gaitu azkenean, bi ordu luzeko emanaldi zirraragarri batean.

Sgt. Stubby: An American Hero

Militar gazte eta hasi berria da Robert Conroy protagonista. Gerrarako entrenamendua egiten ari dela, txakur txiki bat topatuko du entrenamendu zelaian. Inongo trebakuntza militarrik izan gabe, borrokarekin bat egingo du ere animaliak, Robert eta tropa frantsesak gudu zelaira lagunduz.

Gabon garaiko oporraldia badator, eta etxeko txikiek eskertuko dute haiei eskainitako planik!

Anna and the Apocalypse

Little Haven izeneko herritxo lasaiak ezusteko inbasioa jasoko du bat-batean, zonbi talde bat azalduko baita gabon festak izorratzeko asmoz. Anak eta bere lagun kuadrillak gogor egingo diote aurre mehatxuari, eta zonbiak ez ezik, nerabe neurrigabeak eta ezkontaurreko agur festa zoroen aurka borrokatuko dute. Horren bitartean, zenbait emanaldi musikal ere eskainiko dituzte!

Beldurrezko filma izan zitekeen, baina gabon jaien zipriztinak dituen komedia xelebrea da.

Miamor perdido

Modu zoroan maiteminduko dira Mario eta Olivia filmaren protagonistak, egun batean, harreman guztiek amaiera dutenaren beldurpean, lotura eten egingo duten arte. Eztabaida gogor batean murgilduko dira, Miamorrek, kaletik jaso zuten katuak, izuturik alde egingo duela konturatu gabe. Denbora luzez, Oliviak katua eta harremana hilda daudela pentsatuko du, Mariok ezkutuan zainduko dituen bitartean.

Emilio Martinez-Lázaro zuzendari espainiarraren azken lana dugu hau, estatu espainiarreko aktore ezagun mordoaren parte-hartzearekin: Dani Rovira, Michelle Jenner, Antonio Resines… Umore erraza, nahieran.

estreinaldiak
Gaiaren inguruan gehiago jakiteko, zatoz ZINEAra!
Eguraldi txarrari, estreinaldi onak!
abenduak 14, Estreinaldiak, zinea.eus
Zinea.eus

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude