Politika interesen gatazka Bilbon

Politika interesen gatazka Bilbon –

Aurrekontua gobernu baten politika publikorik garrantzitsuena dela esan ohi da; hortik eratortzen dira, hain zuzen ere, botere exekutiboak urte zehar izango dituen lehentasunen zerrenda.

Egia izan arren politika ez dela mugatzen aurrekontu eta diru partidetara, hortik kanpo geratzen dena sinbolismoz beteriko keinuak dira, jendartearen bizitza materialean eragin txikiena duten neurriak alegia. Udal politika adibide egokia da printzipio hori behatzeko, izan ere, jendartetik hurbilen dagoen instituzioa publikoa da.

Politika interesen gatazka Bilbon

Bilboko Udalean, 2015eko hauteskundeetako emaitzak oinarri hartuta, PNV eta PSEk 4 urte iraun duen akordioa adostu zuten. Urte guzti hauetan zehar, aurrekontu politikak norabide berdina jarraitu du: itxurakeriaz eraikitako hiri baten eraikuntza lehenetsi dute bilbotarren eskubideen eta ongizatearen aurretik. Prekarietatea, zerbitzu sektorearen aldeko apustua eta turistifikazioa hiri honetan azkeneko urteetan behin eta berriro errepikatzen diren hitzak dira; azkeneko adibidea MTVrekin izan dugu. 8 milioi euro gordetzen dituzte 2019ko aurrekontuek turismoaren sustapena egiteko; hiriko 8 barrutietatik bakoitzak jasotzen duen kopuru finkoa, ordea, 2,2 milioi eurokoa da. Begi bistan dago honek ez dituela auzoetako beharrak asetzen.

Partehartzea udalak erabiltzen duen beste mantra dialektiko bat da, barrutik hutsa dagoena. Udalaren jarrera partehartzearekiko guztiz ezkorra da, eta horren adibide garbia da nola soilik 2 milioi euro esleitu diren jendartearekin batera egindako prozesuen bitartez. Zifra hori aurreko urteko kopuru berdina da, nahiz eta partehartzea asko handitu den (346 proposamen jaso dira eta pasa den urtean 264) eta aurrekontua ere handiagoa den.

Bilbo, azkeneko urte honetan, mobilizazio sozialaren ikur bilakatu da: pentsionisten mugimenduak, Mugimendu Feministak eta errefuxiatu eta migranteen aldeko mugimenduak gure hiriko kaleak hartu ditu. Badirudi Udala ez dela mugimendu hauetaz ohartu, izan ere, politika sozialak aurreko urteko ildo beretik doaz. Ekintza Sozialeko Udal Saileko aurrekontua, aurrekontu globalaren hazkundearen azpitik igotzen da. Gainera, defizientzia historikoak izan direnak oraindik mantentzen dira. Adibide garbia da Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) kudeatzen dituen sailaren saturazioa; bestalde, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan esan bezala, ezinbestekoa da GLL eskubide subjektibo izatera pasatzea. Gaur egungo egoera ez da nahikoa Bilbok dituen bazterketa sozial eta pobrezia tasei aurre egiteko. Gainera, Udalak bultzatutako Politika Sozialen akordioa modu efektiboan egikaritzeko, ezinbestekoa da diru gehiago jartzea eta pertsona gehiago kontratatzea.

Mugimendu Feministaren aldarrikapenei dagokionean, ez da pausurik ematen Emakumeen Etxearen alde. Berriro ere, itxurakeria eta hipokresia. Eta zer esan errefuxiatu eta migranteen egoeraren inguruan? Udan Bilbo duintasun erdu izan bazen, udalaren jarrera guztiz kontrakoa izan da. Urjentziazko harrera egiteko diru partidak murriztu dira eta hori kontuan hartuta gainera, kalean lo egiten duten pertsonen kopurua bikoiztu egin dela azken bi urte hauetan (211). Etxebizitza politikan hartutako neurriak ere oso adierazgarriak dira. Urte hauetan eztabaidatzen Hiri Antolaketarako Plan Orokorrean etxebizitza berrien eraikuntza aurreikusten da… baina 2016ko datuen arabera, 4.830 etxebizitza huts zeuden gure hirian. Udal etxebizitza parkea handitzeko forma bakarra ez da etxebizitza gehiago eraikitzea. Badirudi batzuk, etxebizitza politika euren poltsikoak aberasteko darabiltela.

Bilboko Udaleko LABeko sail sindikalak ere hainbat proposamen plazaratu ditu udal enpleguarekin lotuak. Aurretik doa Bilbok azpikontratazio tasa oso handiak dituela eta horrek, hain zuzen ere, gastuen %68,5a suposatzen duela (aurreko urtean baino %2,84 gehiago). Honek, hala ere, ez du zerbitzuen kalitatea hobetzen. Azpikontrata horietan prekarietate egoerak izugarriak dira, etxez etxeko langileetatik garbitzaileetara. Udalak eskuak garbitzen ditu langile hauen egoera latzaren aurrean. Enplegatu publikoetan, aurrekontuek ez dute 2018-19rako adostutako hitzarmena betetzen. Horretarako, soldata igoera bat planteatu beharko litzateke, adostutako %2,5az gain, 2014ko erosahalmena berreskuratzeko %5,3a. Langileen eskubideak eta udaleko zerbitzuen kalitatea eskutik doazenez, ezinbestekoa litzateke, ildo horri jarraituz, kontratazioak eta baliabideak handitzea.

Azken finean, nahiz eta aurrekontuaren zifra absolutuak handitu, horrek ez du eragin errealik jendearen bizitza kalitatean. Politika interesen gatazka da eta argi dago nork eta norentzat agintzen duen gure botxo honetan.

Politika interesen gatazka Bilbon
Politika interesen gatazka Bilbon
Politika interesen gatazka Bilbon