Arte[faktua] 1: Pako Aristi, Mikel Markez, ‘Gipuzkoako historia nafarra’, ‘Nola heldu naiz ni honaino’ eta beste

Arte[faktua] 1: Pako Aristi, Mikel Markez –

Arte[faktua] literaturaren inguruko saio berria otsailaren 3an larunbata abiatuko da, ETB1en, arratsaldeko 15:00etan.  Asteroko saioa izango da, eta Yolanda Mendiolak zuzendu eta aurkeztuko du.

Artefaktu bakoitza atal ezberdinez osatua dago, eta ardatza gonbidatu nagusiari egindako elkarrizketak osatzen du. Lehen programakoa Pako Aristi idazle eta kazetari urrestildarra izango da. Harengana joango da programa, Azpeitira, eta bertan egingo da saioaren grabazio osoa.

Aristik 1985ean kaleratu zuen lehen eleberria, “Kcappo (tempo di tremolo)” izenburuarekin, eta, ordutik, poesia, saiakera, eta biografia arloak landu ditu, eta  liburu zerrenda luzea osatu du.

1992an eta 1993anRikardo Arregi Saria irabazi zuen, eta, 2008an, Euskaltzaindiaren eta BBKren Toribio Altzaga antzerki sariaren irabazlea izan zen, “Josu Dukatiren proposamena” lanarekin.

Pako Aristi, idazle eta irakurle handia izateaz gain, Azpeitiko liburutegiko irakurle taldearen arduraduna da, eta Usurbilen ere horrelako talde bat zuzentzen du. Horrez gain, Idazle Eskolako tutore ere bada.

Elkarrizketan, Aristik literatura mundura heldu zenetik gaur arteko ibilbidearen errepasoa egingo du.

Elkarrizketatu bakoitzak bere gustuko lagun/artista bat gonbidatzeko aukera izango du saioan. Pako Aristik Mikel Markez musikaria gonbidatuko du. Markezek Aristik idatzitako hainbat poema musikatu ditu, eta 10 urtez ibili dira elkarrekin errezitalak ematen. Esperientzia horren berri emango dute.

Artefaktuak tarte berezia eskainiko die booktuberrei ere. Horiek, sarean zintzilikatutako bideoen bidez, irakurri dituzten liburuen gomendioak egingo dituzte.

Horrez gain, saioan ez dira faltako irakurleen zein liburu denden gomendioak, nobedadeak eta pitxiak.

 

Arte[faktua] 1: Pako Aristi, Mikel Markez -

Ikusi saioa osorik hemen
Arte[faktua] 1: Pako Aristi, Mikel Markez –

Arte[faktua] literatur saioa ETBn

Zer duzu buruan “Arte[faktua] 1: Pako Aristi, Mikel Markez, ‘Gipuzkoako historia nafarra’, ‘Nola heldu naiz ni honaino’ eta beste”-ri buruz

  • Juanma Sarasola 2018-02-02 23:19

    Txokokeriatan hemen ere?
    “Idazle eta kazetari URRESTILDARRA”. Hara, Urrestilla ez da herri bat, Azpeitiako udalerriko entitate edo auzo bat baizik, nortasun haundikoa, bai, baina handik kanpo ez dute euskal herritar guziek ezagutzen (Urrestilla). Azpeitiko ‘Uztaro’ herri aldizkarian edota inguruko herrietako komunikabideetan ez legoke arazorik irakurleek “urrestildarra” gentilizioa identifikatzeko. “Idazle eta kazetari AZPEITIARRA” gisa azaltzea egokiagoa da eremu zabalagoetarako; beste kontu bat da hark bere idatzizko nahiz ahozko erantzunetan urrestildarra dela zehaztea (Azpeitia ere aipatuta).

    Ez da toponimia nahiz gentilizio alorretan EH osorako zuzendutako komunikabideetan agertzen den kasu bakarra, maiz irakur edo entzun baitaitezke “bertsolari añorgatarra” (Añorga Donostiako auzoa izaki), “trikitilari ereñotzuarra” (Ereñotzu, Hernaniko entitatea), “musikari txantrearra” (Txantrea, Iruñeko auzoa), eta halakoak.

    Erregistro kontua da, azken batean: norekin, eta horrela.