Ane Albisu: “Janzkera tradizionalaren inguruan hausnarketa sakon baten beharrean gaude”

Ane Albisu –

Ane Albisu Iriartek (Donostia, 1960), aktore gisa lanen bat egin badu ere (Goenkale telesailean Lourdes izeneko pertsonaia antzeztu zuen), batez ere bi arlotan dihardu: batetik, euskararen irakaskuntzan eta bestetik, jantziekin loturiko hainbat ikerketa eta lanetan. Bereziki, Euskal Herriko Jantzi eta Janzkera Tradizionala da jorratzen duen gaia, nahiz eta Jantzi Historikoa delakoan ere aritu. Gaiaz liburu bat idatzitakoa da, Atondu: XXI. menderako proposamena, eta hitzaldi-tailerrak eskaini ditu hamaika herritan.

Ane Albisu
Arg: Mari Jose Etxeberria

“Zer eta nola jantziko dugu hurrengo euskal jaietan” izeneko tailerra zuzendu zenuen Zarautzen, euskal jaiak hasi baino lehen. Zer helburu ezartzen dizkiezu ikastaro hauei?
Liburuan diodan bezala, proposamena egiten da, baina oinarri sendo batzuetan finkaturik garaturiko irizpideak dira proposatzen direnak. Hain zuzen ere, gai honen inguruan ikerketa gutxi izateaz gain ikertutakoa zabaltzeko bideak urriak dira, eta ondorioz informazio gutxi dago. Gainera, zabaltzeari dagokionez, ez dugu aurkituko, gure kulturaren beste hainbat arlo bezala, inongo curriculumetan. Hausnarketa sakon baten beharrean gaudela deritzot eta honelako saioek oso emaitza interesgarriak izaten dituzte, denok ikasten baitugu. Beraz, lehenengo helburua, egindako lanaren berri ematean, gure irizpideak zeintzuk diren azaltzea da hitzaldi eta atontzeari buruzko erakusketa eginez. Bigarren helburua gai honen inguruan ekarpenak egitea da. Horretarako bakoitzak bere galderak prestatzen ditu eta, bestalde, jantziak ekarri. Bigarren saio horretan egiten dugu, beraz, hausnarketa tailerra eta jantzi-prestaketa tailerra.

Zein da, orokorrean, arropa tradizionala janzten dugunean gehien errepikatzen dugun akatsa?
Oso ohikoa da festarako janzteko eguna heltzen denean han eta hemen, dogma moduan, akatsei buruz hitz egitea  bekatuak bailiran. Lehen esan dudan bezala, kulturaren arlo hau ez dago egoera normalizatu batean eta “ondo” ala “gaizki” horiek bere testuinguruan azaldu behar dira. Gaur egun arropa tradizionaltzat daukaguna modaren gurpilean sarturiko janzkiek osatutakoak dira eta janzkiak ez ezik janzteko era ere horri loturik dago. Beraz, nork, noiz, zer eta zertarako janzten duen argitu beharko genuke akatsez hitz egin ordez.

Urte osoan zehar antzeko janzten gara arropa tradizionalak ipintzerakoan. Gure arbasoek, ordea, aldaketak egingo zituzten ba urtaroaren arabera… Zer gomendatzen duzu garai honetarako?
Horrek oso erantzun luzea du eta erantzun labur bat eman nahi nizuke. Burutik janzten hasi!

«Kulturaren arlo hau ez dago
egoera normalizatu batean eta
‘ondo’ ala ‘gaizki’ janztearena
bere testuinguruan azaldu
behar da».

Ikerfolk erakundeko kidea zara. Zertan datza zuen lanak?
60ko hamarkadan Juan Antonio Urbeltzek Argia Dantza Taldearen baitan hasitako lana, 1985ean Ikerfolk izeneko erakundearen bitartez bideratzen hasi zen. Bertan ikerketa egiten da arlo desberdinetan, dantza, musika eta jantzien arloan, besteak beste. Ikerketa hori modu ezberdinetan plazaratzen dugu: ikastaroak, argitalpenak… ekimen biziak neurri handi batean.

“Atondu” liburuan XXI. menderako proposamenak egin zenituen. Hamabi urteren ondoren, zure ekarpenek hartu al dute gorputzik?
Nik baietz esango nuke, nahiz eta denetik egon. Atondu, liburu baten izena izateaz gain, ekimen baten izena da, duela 25 urte sortutako ekimen baten izena, alegia. Jende asko hurbildu zaigu modu desberdinean eta ekimen parte hartzaile eta jendetsua bilakatu da. Beraz, lehen esan bezala, instituzionalki gai honi buruzkoak non ikasi ez badago ere, gurera hurbildu direnak (jantzia egin nahian, hitzaldietara, desfileetara…) ikasi dutelakoan nago eta guk ere haiengandik asko ikasi dugu, zalantzarik gabe.

Gipuzkoa Kulturak egindako elkarrizketa

“ATONDU – XXI. MENDERAKO PROPOSAMENA” – ELKAR

Ane Albisu
Ane Albisu
Ane Albisu, atondu, historia, ikerfolk, ikerketa, jantzi eta janzkera tradizionala, jantzi historikoa, Jantziak, janzkera, janzkera tradizionala, tradizioak, usadioak
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude