Ustea ez da jakitea

Ustea ez da jakitea –

Amatiñok, Euskadi Irratiko Albiste Faktorian.

Gero eta gehiago, zientziaz kanpoko iritziak sinesmenak baino ez dira izango, usteak alegia. Eta esaera zaharrak dioenez, ustea ez da jakitea.

Aurrekoan eratu zen, Bilbon, Naukas, zientzia-zabalkunderako topaketa non, hiru egunetan, bildu ziren 8.000 entzule, gazte jendea gehienbat. Besteak beste, Pedro Migel Etxenike fisikoaren dokumentala 1800 lagunek ikusi zuten zuzenean. Internetez, berriz, 7.000 inguruk. Eta ETBk eskainitako bideoak, 63.000 erabiltzailek. Zer esanik ez twitter, facebook eta gainerakoetan: ehun-milaka. Ezin esan, gero, belaunaldi berriek muzin egiten diotenik zientziari.

Klasikoa da mendebaldeko zibilizazioan zientzien eta letren arteko bereizketa. Eta, bereizten hasiez gero, musika, pintura eta literatura kultura dira eta zientzia, aldiz, kultura ez den zerbait, kultura baino hotzagoa izateaz gainera, kultura bezain “gurea” ez omen dena. Nago, gainera, bereizketa filosofiko hau nabarmenagoa dela euskaldunen artean, euskaraz ez dakiten artean baino.

Salbuespena salbuespen, susmoa dut euskal militantziaren eta aktibismoaren baitan, letretakoak zientzietakoak baino gehiago direla, edo garela. Eta, ondorioz, euskal nondik norakoaren kontakizuna, gure aldarrikapenen fabulazioa, gehiago dela letretakoen guraria, zientzietakoen zehaztapena baino.

Egia da, horrelako zerbait gizarte guztietan gertatzen dela. Baina, egia ere bada, Euskal Herrian, euskararen herrian, normalean baino gehiago ematen dela. Euskal normaltasunik ez honetan zerikusirik izan dute, segurutik, euskararen egoera latza konpontzeko ahaleginek, zeinetan letretakoak zientzietakoak baino erosoago sentitu izan diren.

Orain, berriz, erabateko aro-aldaketa dator. XXI. mendekoa kultura zientifiko-teknologikoa izango da. Jendeak zientziaz eta teknologiaz hezitu behar izango du gogotik. Zientziak sekulako protagonismoa hartuko du, eguneroko hainbat arlo eta gai arrunt ulertu ahal izateko ez ezik, baita gezurraren eta egiaren artean erabakitzeko ere, zertan sinetsi eta zertan ez jakiteko, zein aukera defenditu eta zein ez, asmatzeko.

Gero eta gehiago, zientziaz kanpoko iritziak sinesmenak baino ez dira izango, usteak alegia. Eta esaera zaharrak dioenez, ustea ez da jakitea.

Ustea ez da jakitea

Ustea ez da jakitea Ustea ez da jakitea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.