[Kafe Aleak] Ander Arroitajauregik Benito Lertxundi

[Kafe Aleak] Ander Arroitajauregik “Altabizkar/Itzaltzuko bardoa”
[Kafe Aleak] Ander Arroitajauregik "Altabizkar/Itzaltzuko bardoa"

.

Benito Lertxundi

“Altabizkar / Itzaltzuko bardoa” (Elkar, 1981)

.

[Kafe Aleak] Ander Arroitajauregik "Altabizkar/Itzaltzuko bardoa"Gure arrebaren domeketako Tea eta Pastatxoen Clubak disko bati buruz idazteko eskatu zidanean hor geratu nintzan zer hautatu jakin barik. Hainbeste urte jada musika entzutzen gabizela… Madonna, Motorhead, Monteverdi, Kortatu, Hilliard Ensemble …(bestela begiratu gure arrebaren idazkia liburu honetan). Nola egiten daben ihes harea atzaparren artetik…dxxx….

Pentsatzen hasi eta nik, errenazimendu eta barroko garaiko musika instrumentu egile bezala (batzuk luthierra esaten dutena), beti galdetu diot nere buruari nondik datorkidan gaur egun ogibide dudan zaletasun/behar hau. Duda barik, arrazoietako bat, egiten ditudan instrumentu horien soinu, tinbre edo sonoritatea da, nire arkadia pertsonalaren soinu banda izan daitekeena.

Arkadia hau ez da Sannazarorena, Campanella edo Lazarragaren Dianean agertzen dena, edo agian bai. (horietan agertzen den natura, izan zitekeen Nafarroako edozein erreka ertz, “Oihan beltzian pagua…”)
Noiz eta zein musikarekin hasi nintzen kontzeptu horri forma ematen? Ba, egia esanda ez dakit. Idazki honetarako diskoa hautatu nuenean, biniloa fisikoki bilatzen hasi nintzen gure aitaren diskotekan eta orduan konturatu nintzen etxean ere entzuten zela sonoritate hori. Gogoratzen ez nituen antzinako musikaren lan batzuk topatu nituen, Vivaldiren Viola d’amore kontzertuak, mandolinarakoak edo Burgosko fraileak gregorianoa abesten.

Eta beste gauza askorekin nahastuta han dago Benito Lertxundiren Altabizkar/Itzaltzuko bardoari LP bikoitza, Elkarrek 1981ean argitara emondakua.

Hau entzuten gendunian umeak ginan, udan Euskal Udalekuetara juaten ginanak, Goñira, orduan oso urrun zegoen Nafarroara. Han, gabero, jantokiko sutondoan, Jesus Mari Arrietak Itzaltzuko Koblakariaren istorioa kontatzen zigun atalka (eskerrak orduan ez neban istorio dramatiko hori ondo ulertu). Dxxx…jope, haria ze bizkor doian atzaparren artian…

Lan hau Orreagako gudari buruzko disko kontzeptual bat deitzen dabena da (Itzaltzuko bardoari-ren B aldea ezik agian, non por zierto euskal musikaren abesti klasiko batzuk dauden, Nere herriko neskatxa maite edo Oi ama Euskal Herri (ehuneko ehun Benito Letxuginni!).

XVII eta XVIII. mendeko hitzak, non Oñaz jauna, Karloman eta Dotze Pariak XVIII. mendeko Nafarroako gorteko himno batekin nahasten diren. Imajina daiteke norbait urrunean adarrari putz egiten gudarako deia zabaltzen (Gure Herria, Nafarroa arrotzen eskuetatik askatzeko!). Euskal Epikaren adierazpide bat (ondiokan gaur egun hori zer arraio dan jakin barik, neuk behintzat). Hori bai, ezin da ahaztu zein garaitan argitaratu zen, 80ko hamarkadako hasiera beldurgarri haietan. Eta harea atzaparren artean ezin estututa…dxxx…

Instrumentazio aldetik ere horrelakoa da, nahaste eder bat instrumentu modernoak eta antzinakoak erabiliz, benetan atmosfera eder eta interesgarriak lortzeko. Hor dagoz harizko/soka arreglo politak, eta gitarraren batean Milan edo Dowlanden lautea ere entzun daiteke. Benitok badaka besteren musikak beregana integratzeko arte haundixa.

Euskal hippie-rock talde batzuek hemengo instrumentu tradizionalak erabili zituzten bezala seguruenik lehen (eta azken?) aldiz agertzen dira euskal musikaren grabazio batean antzinako instrumentuak, ganbako biola, kromornoa edo espineta. Lan honek ere badaka (ero niri hala iruditzen jata) loturarik 70eko hamarkadan Ingalaterra edo Alemania aldean agertu zen Medieval Folk Rock-arekin (Gryphon, Ougenaide, Lilienthal…).

Neretako, ondiokan be zati batzuetan sekulako indarra dakan aspaldiko disko bat. Eta harea badoia, dxxx, erdia eskuetan ta beste erdia zapaten gañian zabalduta…

.

Ander Arroitajauregi (Eibar, 1973), luthierra

.

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
Ander Arroitajauregik Ander Arroitajauregik Ander Arroitajauregik

2 pentsamendu “[Kafe Aleak] Ander Arroitajauregik Benito Lertxundi”-ri buruz

  • Haurtzarora naramate kantuok, izenkide; gurasoekin, autoan, nafarroan barrena, eta Benitoren cassettea ibilgailuaren irratian; horiek berriro entzuteak barrena mugiarazi didate, eta malkoa begiaren bueltan agerrarazi;

    Orioko musikariaren ahots eztiaz gain, musika tresna luthieranoen laguntzarekin egina delako,batetik; soilik berak duen estilo sarkor- erromantikoarekin kantatua delako,bestetik; eta, dudarik gabe, galdutako euskal aberriaren ondorioz darabilen tonu malenkoliatsuagatik, azkenik;

    Hauengatik guztiengatik, ez du sekula indarrik galduko; ados, zurekin, beraz, izugarrizko indarra dauka oraindik.

  • Aurreko mezuan ahaztu dut: Mila Mila esker, Izenkide( biak baikara Ander) artikulu ederra baita.

    Besarkada bete