Amaia Egidazuk irabazi du 2021eko Etxepare saria DOROTEA albumarekin

Amaia Egidazuk irabazi du 2021eko Etxepare saria DOROTEA albumarekin –

Etxepare sarian 30 lan aurkeztu dira.

Amaia Egidazuk irabazi du 2021eko Etxepare saria DOROTEA albumarekinSari bakarra eman da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Saritutako lana Nafarroako Pamiela argitaletxeak plazaratuko du, euskaraz, 2021eko udazkenean.

Epaimahaia Leire Salaberria ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatu dute.

Sariak Nafarroako Gobernua eta Euskarabidea ditu babesle, eta Pamiela argitaletxea zein Galtzagorri laguntzaile.

.

Lan saritua

Natura eta kultura, tradizioa eta traizioa dotore biltzen ditu Dorotea albumak: hona hemen amatxi, bakardadean, eguneroko deserotasunen eta eragozpenen aurrean, ausart, konponbide bila.

Testuaren aldetik, paralelismoak, segidak, errimak eskaintzen dizkigu, oihartzuna landuz, josta gaitezen; ilustrazioaren aldetik, bihurrikeria, konplizitate dotorea, iradokizuna eskaintzen digu, iragana oraineratuz eta aldarrikatuz, diberti gaitezen.

Album petoa, oreka betekoa, istorioak eta ilustrazioak aldi berean irakur ditzagun irriz eta irrikaz.

.

Egilea

Amaia Egidazuk irabazi du 2021eko Etxepare saria DOROTEA albumarekin

Amaia Egidazu Arrube (Durango, 1981) berriztarrak umetatik izan du naturarekiko begirunea, eta zaletasun horrek Euskal Herriko Unibertsitatean Biologia ikasketak aukeratzera eraman zuen.

Ingurumena eta energía berriztagarrien sektorean lan jarduera desberdinetan aritu ondoren, haurren pedagogiarekiko interesak arlo horretako formakuntzetan murgiltzera bultzatu zuen. Egun, amatasuna eta haur txikien bidelagun lana uztartzen ditu eskola aktibo batean.

Tamara Chubarovsky-ren errima-sortak eta ipuinak euskarara itzuli eta moldatu ditu. Txikienentzako ipuin kontaketan ere dihardu aukera duenetan. Gaztetatik ditu gustuko arte plastikoak eta sormen-lanak. Dorotea da idazten eta ilustratzen duen lehen liburua (2021).

.

Sariaren historia

Sariaren historia: Nafarroako 22 toki entitatek, haien euskara zerbitzuen bidez, Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin, Etxepare sariak antolatu zituzten 2004an. Etxepare sariek haur, gazte eta helduentzako literatura saritu zuten bi ediziotan.

2006tik aurrera, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Euskarazko album sorrera bultzatzen duen beka edo lehiaketak urriak dira, eta, alde horretatik, ekimen berritzailea dugu hau.

2009az geroztik Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu da. Horiek horrela, lehiatuko diren albumak bukatuta aurkeztu beharko dituzte lehiakideek.

Bestalde, albumak dituen ezaugarriengatik garestia da bere produkzioa. Argitaratzeko zailtasun hori bihurtzen da, hain zuzen, albumak sortzeko oztopo nagusi. Beraz, Etxepare sariaren helburuak betetzeko ez da nahikoa saria ematearekin, lanak argitaratzen ere lagundu behar da. Horrela, saritutako lana Pamiela argitaletxe nafarrak argitaratzen du.

.

Aurreko sarituak

“Lorerik gorriena”, Sandra Garayoa eta Itziar Otegi (2020)

“Etxe honetan”, Aintzane Usandizaga eta Asier Iturralde “Gaston” (2019)

“Cosimoren katiuskak”, Dani Mariarena eta Ana Ibañez (2018)

“Arraroa”, Ainara Azpiazu “Axpi” eta Paula Estevez (2017)

“Zerua gris dago”, Liebana Goñi eta Isaak Martinez (2016)

“Munstroek ere pixa egiten dute ohean”, Pello Añorga eta Jokin Mitxelena (2015)

“Hiltzaileak”, Leire Salaberria (2014).

“Gerrak ez du izenik”, Leire Bilbao eta Maite Mutuberria (2013)

“Hara!”, Miren Asiain (2011)

“Euria ari duenean”, Leire Salaberria (2010)

“Alex, nire laguna”, Mikel Gurrutxaga eta Maite Gurrutxaga (2009)

“Katalina kontalari”, Iñaki Zubeldia eta Estibaliz Jalon (2008)

“Zirkua amets”, Joxan Ormazabal eta Iraia Okina (2007)

“Gerlari handia”, Pello Añorga eta Jokin Mitxelena (2006)

Amaia Egidazuk irabazi du 2021eko Etxepare saria DOROTEA albumarekin